Ura ezinbestekoa, baita ibaietan ere

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

Ibaiak, berez, bizia borborka duten ekosistemak dira, oso dinamikoak, oso aldakorrak eta moldakorrak baitira. Baina ibaiek ibai oso izaten jarraitzeko, gauza bat, behintzat, ezinbestekoa dute: ura. Urik ez badute, alferrikakoa da berez izan dezaketen ahalmena. Eta gurea da ibaiek ibai izaten jarraitzeko ardura, guk kentzen baitiegu ezinbesteko duten ur hori.
Ura ezinbestekoa, baita ibaietan ere
2008/09/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: O. Lakar)
Gizakiontzat ezinbestekoa da ura. Antzina-antzinatik ezarri ditugu bizilekuak ur-iturrien inguruan gure beharrei erantzuteko. Edateko ez ezik, beste hainbat gauzatarako erabiltzen dugu ura, besteak beste, nekazaritzaren, abeltzaintzaren nahiz industriaren beharrei erantzuteko, baita energia sortzeko ere uraren indarraz baliatuz.

Gizarteak garatu ahala, ordea, gero eta ur gehiago behar izan dugu, eta, noski, ibaietatik gero eta ur gehiago hartuz joan gara. Askotan ez dugu kontuan izan ibaiak zaindu beharreko zerbait direla, eta ur-iturri huts gisa hartu ditugu. Hau da, gure beharrak asetzeko nahi horrek ibaien beharrak guztiz ahaztera eraman gaitu.

Azkeneko urteetan ikuspuntu hori aldatzen ari da. Europako Batasuneko agintariak, esaterako, arazoaz jabetu dira, eta asmo handiko konpromiso bat hartu dute: Batasuneko herrialde guztien ingurumena kontserbatu, babestu eta hobetzea. Ur-ekosistemei dagokienez, 2000. urtean Uren Arteztaraua argitaratu zuten, eta erronka gisa ezarri zuten 2015. urterako ur-masa guztiak egoera ekologiko onean egotea. Lege horrek lanean jarri zituen estatu kide guztiak.

Egoera ekologiko onean egoteko, ibai batek behar duen lehenengo gauza da behar adina ur izatea. Ur-kantitate bat nahikoa den jakiteko, ibai horren funtzionamenduari begiratu behar zaio. Ibai horretan egoera naturalean biziko liratekeen bizidunak garatzeko beharrezkoa den ura da ibaiak behar duen gutxieneko ur-kantitatea. Emari ekologiko deritzo gutxieneko emari horri. Ibaiaren eskari hori errespetatutakoan, gelditzen den ur guztia erabil genezake gure beharretarako, ibaian kalterik eragin gabe.

Emari ekologikoaren arrastorik ere ez

Urkizulo errekan (Leitzan) ateratako bi argazki. Ezkerrekoan, ibaiak presara iritsi aurretik zeraman ura; eskuinekoan, presa pasatutakoan zeramana.
(Argazkia: A. Elosegi)

Ikuspuntu hori ez da jasotzen, inondik ere, gaur egun indarrean ditugun legeetan. Are gehiago, orain dela gutxi arte, ibaiak zaintzea ez zegoen uraren erabilera kudeatzeko arauak egiten zituztenen helburuen artean. Hona, adibide gisa, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen 1998. urteko Norte III arroko plan hidrologikoak esaten duena emari ekologikoen egoeraren inguruan:

"Gaur egun ura ustiatzen den lekuetan, erregulatzeko aukera badute ere, ez dute zehaztuta, kasu gutxi batzuk alde batera utzita, helburu gisa ingurumena zaintzea duen inolako emaririk. Horrelako emari bat errespetatzen duten edo errespetatzeko beharra duten gutxiek isuriak diluitu behar dituztelako egiten dute". Gainera, aurrerago esaten du urtegietan emari ekologikoak ezartzeak "beste erabilera batzuetarako balio lezakeen baliabidea hein handi batean galtzea" dakarrela.

Noski, inork agintzen ez bazuen, ibaietatik ura hartzen zutenak ez ziren hasiko beren baliabidea 'alferrik botatzen'. Ura ustiatzeko emakidetan --kondizio jakin batzuetan ustiatzeko ematen dituzten baimenak-- ez zen ezer ere esaten horren inguruan; hortaz, joera orokorra zen urtegietan eta ura biltzeko guneetan berezko ibai edo errekari ur-tantarik ez uztea.

Emari ekologikoa emakidetan

Plan hidrologiko horretan, egoera deskribatu ostean, ekintza-planak azaltzen dituzte. Besteak beste, esaten dute ibaiak errespetatu behar direla, eta beren funtzioak betetzeko gutxieneko ur-kantitate bat behar dutela, alegia, emari ekologiko bat utzi behar dela ura ustiatzen den lekuetan.

Gaur egun, emari ekologikoa da ubideek urtean duten batez besteko emariaren % 10.
J. Mendizabal
Baina esaten du oso zaila dela "ingurumenaren ikuspuntutik, ibai bakoitzak behar duen emari minimoa kalkulatzea". Hortaz, ikerketa sakonagoak egin bitartean, behin-behineko konponbide bat proposatzen du: une horretatik aurrera egiten diren emakida guztiek behartu behar dute ubideek urtean duten batez besteko emariaren %10 uztera.

Jadanik onartuta dauden emakiden inguruan, ordea, plan hidrologikoak ez du ezer esaten. Emakida horiek berritzeko garaia iritsi arte, beraz, ez dute horrelako neurririk hartu beharko. Hala, Arturo Elosegi ibai-ekologian aditu eta EHUko ekologia-irakasleak dioenez, "leku askotan ikus daiteke presatik behera ez dela ezertxo ere uzten".

Beste arazo bat izan daiteke emakida berriak dituzten lekuetan, hau da, ibaiari ura utzi behar dietenek egin beharrekoa betetzen duten edo ez. Asko dira kontrolatu beharreko lekuak, eta ikuskariak edo teknikariak ez dira iristen beharrezko jarraipena egitera.

Dena den, arazo hori erraz konpon daitekeela uste du Elosegik: "Giltza batekin ireki eta ixten dituzte urtegietako uhateak, eta gaur egun urtegietako arduradunek dute giltza hori. Haiek hitz ematen dute emari jakin bat utziko dutela presatik behera, eta teknikari batek ibili behar du esandakoa betetzen ote duten egiaztatzen. Bada, errazagoa litzateke ikuskariek izatea urtegietako giltzak, eta haien esku egotea uhateak irekitzea eta ixtea".

Nahikoa?

Ibai bakoitzaren beharretarako egokia den formula bilatu beharko da, ibai guztientzat formula orokor bat baino.
A. Elosegi

Indarrean dagoen lege hori errespetatuko balitz ere, seguru asko ez litzateke nahikoa izango Europako Uren Arteztarauak jartzen duen erronka betetzeko. Orain emari bakar bat dago zehaztuta; hau da, salbuespenak salbuespen, urte osoan zehar ura ustiatzen duten lekuetan ur-kantitate bera uzten dute ateratzen. Jotzen dute ibaietako komunitateek ur-kantitate jakin bat behar dutela bizirik irauteko, eta nahikoa dela gutxieneko kantitate hori errespetatzea.

Eta egia da; komunitateek bizirik iraun dezakete gutxieneko ur-kantitate batekin; horretara egokituta daude, egoera naturalean, tarteka, ur gutxiko garaiak egoten direlako. Gertatzen dena da garai horiek ez dutela denbora asko irauten naturan; lehorraldi baten ondoren beti egiten du gora euri-kantitateak. Beraz, lehorraldiak jasatera bai, baina ez daude moldatuta mugagabe lehorraldian bizitzera.

Urtaroaren arabera, ur-kantitate bat edo beste behar izaten dute ibaietako komunitateek. Bizidun batzuek, adibidez, ezinbestekoak dituzte uholdeak beren ziklo biologikoa osatzeko. Hortaz, oso garrantzitsua da emariak gora eta behera egitea; eta, horregatik, behar-beharrezkoa litzateke gorabehera horiek kontuan hartzea ibai batek izango duen emaria gure esku dagoenean.

Plan hidrologiko berria abian

Europako Uraren Arteztarauak ezartzen duena betetzearren, hau da, ibai guztien egoera ekologikoa hobetzearren, Euskal Autonomia Erkidegoan plan hidrologiko berri bat prestatzen ari dira Uraren Euskal Agentzian, bertako ura nola kudeatu zehazteko. Oraindik ez dute bukatu --datorren urtean argitaratzekoak dira--, baina eskema bat egin dute kontuan hartu beharreko gaiekin. Eskema horrek dioenaren berri eman zigun Iñaki Arratek Uraren Euskal Agentziako plangintza hidrologikoko teknikariak.

Ura kanalen bidez desbideratzen dutenean ere beharrezkoa da ibilgu naturalari gutxieneko ur-kantitate bat uztea.
A. Elosegi
Eskema horretan, noski, emari ekologikoaren gaia azaltzen da. Lortu beharreko helburuetan esaten dute ibaien ur-behar minimoak zehaztea beharrezkoa dela, baina zaila ere badela. Aipatzen dute faktore askok eragiten dutela ibai baten egoera ekologikoan, eta oso zaila dela guzti-guztiak kontuan izatea emari ekologikoa zehazteko.

Hala ere, emari ekologikoak bete behar dituen premisak deskribatzen dituzte. Besteak beste, esaten dute aldagai biologikoak kontuan hartuta kalkulatu behar dituztela emari ekologikoak, ezin direla finkoak izan eta ibai-tarte bakoitzak bere emari ekologikoa izan behar duela.

Premisa horiek aipatu, eta emari ekologiko modularraren metodoa proposatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan emari ekologikoak zehazteko. Metodo horrek urtea hiru zatitan banatu eta zati horietako bakoitzerako ibai-tarte bakoitzean emari ekologiko bat zehaztea proposatzen du: gutxienekoa, uztailerako, abuzturako, irailerako eta urrirako; tartekoa, maiatzerako, ekainerako, azarorako eta abendurako; eta handiena, urtarrilerako, otsailerako, martxorako eta apirilerako.

Emari horiek kalkulatzeko, ibai-tarte bakoitzak erregulatu gabeko eremuetan egunero duen emariaren datuak hartu dituzte kontuan. Hilabete-multzo bakoitzean ibai-tarteak duen batez besteko emariaren %10 izango litzateke tarte horri dagokion emari ekologikoa.

Ikusten denez, kalkulurako behintzat ez dute kontuan hartu aipatutako lehenengo premisa; hau da, ez dira aldagai biologikoetan oinarritu. Hala ere, plan hidrologiko berriaren eskeman esaten dute oso ongi ordezkatzen dituela metodo biologikoen bidez kalkulatuta lortuko liratekeen emari ekologikoak.

Leku askotan uzten duten emaria ez da nahikoa ibaiko komunitateentzat.
MEC

Elosegiren iritziz, metodo orokorregia da; haren ustez, "formula bat baino gehiago bilatu beharko genuke, eta erreka bakoitzak bere helburuak izan beharko lituzke, bakoitzak bere ezaugarriak eta beharrak dituelako. Hortaz, oso litekeena da batzuek besteek baino ur gehiago behar izatea" egoera ekologiko ona bermatu ahal izateko.

Inork zalantzan jartzen ez duena da orain uzten duten %10 finko hori baino hobea dela proposatzen duten emari ekologiko modularra. Proposatu ez ezik, Arratek berak esan zigun jadanik hasi direla emari ekologiko modularra erabiltzen ibilbidea erkidegoan hasi eta bukatzen duten ibaietan.

Hortaz, esan dezakegu gure ibaien egoera hobetzen ari dela. Dena den, oraindik denbora pixka bat itxaron beharko dugu hartuko dituzten neurri guztiak martxan jarri eta orokortu arte... eta gure ibaietan bizia borborka ikusi arte.

Ibilguak guztiz eraldatu
Ur-gabezia edo urik eza ez da ibaietan eragiten dugun kalte bakarra. Presak egiten ditugunean, ibaiak urarekin batera garraiatzen dituen osagai guztiek aurrera egitea eteten dugu. Sortzen ditugun urtegien hondoan gelditzen dira berez ibaiaren beheragoko aldeek jaso beharko lituzketen izaki bizidun, elikagai, mantenugai eta sedimentuak.
(Argazkia: O. Lakar)
Presatik beherako ibaiak, dena den, beren onera itzultzen joaten dira presetatik urrundu ahala. Batetik, lur azpiko ura azaleratzen da, eta, bestetik, aurrera egin ahala, beharrezko osagaiez hornitzen dituzte elkartzen zaizkien ibaiadarrek. Hala, zenbat eta urrunago egon presatik, gero eta naturalagoak dira artifizialki erregulatutako ibaiak.
Askotan ez dute lortzen, dena den, berez izan beharko lituzketen balioetara itzultzea. Ibaiek, batzuetan, bata bestearen atzetik izaten dituzte presak. Presa batek eragindako kaltetik suspertzerako, hurrengo presarekin egiten dute topo. Eta hori gutxi balitz, gainera, beste hamaika kalte eragiten dizkiegu: kutsatzeak direla, kanpotik ekarritako espezieen inbasioak direla eta abar.
Lakar Iraizoz, Oihane
3
245
2008
9
029
Ekologia; Hidrologia
Artikulua
22
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila