Udaberriaren bihotzean, udaberri-lore usainduna

FITXA TEKNIKOA Udaberri lorea

Udaberriko lore tipikoa dugu primulazeo hau. Agian, irakurleak gogoratuko du duela bi udaberri, genero berdineko San Jose lore goiztiarrari buruz idatzi genuena eta horregatik, espezie honen familia eta generoei buruz aipatutako ezaugarri orokorrak ez ditugu hemen berriro adieraziko.

Udaberri-loreari dagokionez, landare belarkara da, tamaina txiki-ertainekoa 10-30 cm-koa eta sustraietan errizoma motza izaten du. Hostoak landarearen oinean errosetan kokatzen dira. Hostoaren gainaldea berde bizia da eta azpialdea berriz, grisaska.

J. Terés

Loreak gara luzeen muturretan hazten dira eta ginbailak osatzen dituzte. Oso ugariak izaten dira eta kolore hori bizia dute. Altitudearen arabera, martxotik ekaina bitartean loratzen da. Fruitua, kapsula oboidea da eta hazi ugari izaten du bere baitan.

Udaberri-lorea, itsas mailatik mendi gailurretaraino eta leku desberdinetan aurki daiteke; horrela itsas labar, txilardi, larre, ezpeldi eta hariztietan bereziki, sakabanatuta egoten da. Nahikoa arrunta da Araba eta Nafarroan. Europan bestalde, banaketa zabala du, Kaukaso eta Siberiaraino iristen delarik.

Espezie hau oso erabilia izan da sendabelar gisa, dituen gaien artean, primulina izeneko saponina eta glukosido desberdinak aipatzen dira. Landare honen zati guztiak erabiltzen dira eta errizomak dira preziatuenak. Hauek katarro, bronkitis eta gripearen kontra erabili ohi dira, oso espektoral ona direla diotelarik.

Loreak berriz, diuretiko eta antiespasmodikotzat hartu izan dira eta hostoek C bitamina ugari dutela diote. Zenbaitzuengan dermatosia eragin dezakeela ohartarazten dute. Bestalde, aipatu behar da landare hau, primulazeoen artean erabilienetakoa dela lorategietan.

Familia: primulazeoak
Espeziea: Primula veris
Banaketa: sakabanatua
Habitata: oso biotopo desberdinak kolonizatzen ditu, bereziki hariztiak.
Sendabelarra: bai

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.