Txernobileko zentral nuklearrak urtea amaitu baino lehen behin betiko utziko dio funtzionatzeari. Ukrainako presidente den Leonid Kuchma-k duela hilabete gutxi berretsi zuen 1997an Europako Batasunarekin batera hartutako erabakia: abenduaren 15ean Txernobileko hirugarren erreaktorea, martxan zegoen bakarra, betiko itzaliko da. Ukrainako gobernuaren arabera ezinbestekoak izango dira duela bost urte agindutako 3.100 milioi dolarrak, bai zentrala ixteko baita bertan lanean diharduten 5.700 langileei laguntzeko ere. Baina diru-laguntzaren parte bat Txernobileko istripuaren biktimek jasoko duten arren, zati handiena bi erreaktore nuklear berri eraikitzen gastatuko da, eta hori ez zaie batere gustatu Europako hainbat herrialderi. Alemania buru dutela, Ukrainako industria nuklearra ez dutela finantzatu nahi esan dute. Ukrainako teknologia segurua ez dela eta gasezko edo ikatzezko zentralak eraikitzea proposatzen dute. Ukrainarrak ez daude ados, ordea; izan ere, Txernobilen Ukrainako elektrizitatearen % 10 ekoizten da. Kuchmaren ustez, zentral nuklear berririk gabe ezingo dute aurrera egin, besteak beste, neguan elektrizitaterik gabe geratzeko arriskua dutelako. Ukrainako gobernuak Txernobil itxi eta arazoaz ahaztu nahi izana leporatzen die europarrei. 1986an Txernobilen jazotako istripuak 20 milioi lagunen bizitza aldatu du dagoeneko eta hondamendiaren ondorio zuzenek 300 bat mila akabatuko dituztela kalkulatu da. Istripuaren arrastoak ez omen dira 200 urte baino lehen desagertuko.