Tresna elektronikoen osagaiak burdinazkoak, berunezkoak, altzairu herdoilgaitzezkoak, aluminiozkoak, plastikozkoak edo letoizkoak izaten dira, besteak beste. Horietako batzuk erraz asko bereiz ditzakegu, kolorean, itxuran eta pisuan oinarrituta. Beste batzuk, ordea, ezin dira bereizi irizpide horiei jarraituta. Hori gertatzen da, adibidez, aluminioarekin eta altzairu herdoilgaitzarekin.
Muga horiek aspaldi ezagutzen baditugu ere, gaur egun giza ikusmenean oinarrituta eta eskuz banatzen dituzte txatarra bihurtutako tresna elektronikoen osagaiak birziklatzeko instalazioetan. Barruko osagaiak zein diren ikusteko, tresnak desmuntatu egin behar izaten dituzte langileek.
Erraz ikus daiteke tresna elektronikoak birziklatzeko sistema hori, mugatua izateaz gainera, oso garestia ere badela, eskulan eta denbora asko behar baita. Gainera, hainbat osagai ez dituzte bereizten. Adibidez, telebisten kasuan, katodo-izpien hodia besterik ez dute desmuntatzen; gainerakoa, birrindu egiten dute.
Gaur egun, Europako hiri-hondakinen % 4 eratzen dute tresna elektronikoek, baina 2015. urterako kopurua bikoiztu egingo dela aurreikusten dute. Beraz, oso garrantzitsua da muga horiek nolabait gainditzea, eta txatarra elektronikoa modu merkeagoan eta eraginkorragoan birziklatzea.
Helburu horrekin abiarazi zuten SORMEN proiektua Europa osoko hainbat erakundek. Bi urterako ikerketa-proiektu bat da, eta Europako Batasunak finantzatu du antzeko beharrak dituzten hainbat herrialdetako zentro teknologikoen eta ETEen arteko lankidetza sustatzeko helburua duen proiektu baten barruan (CRAFT proiektua).
Proiektuaren helburua da, oinarrian, birziklatze-lana hein handi batean automatizatzea, eta tresna elektronikoen osagaiak askoz zehaztasun handiagoarekin bereiziko dituen sistema bat garatzea. Lantaldean, zazpi erakunde elkartu dira: bi zentro teknologiko, (Euskal Herriko Tecnalia eta Belgikako Liège Unibertsitateko CSL zentroa), bi birziklapen-enpresa (Euskal Herriko Indumetal Recycling eta Alemaniako IGE Hennemann), birziklatzeko makinak fabrikatzen dituen enpresa bat (Kataluniako HEVAC Ambient), espektro anitzeko sistemen diseinu-enpresa bat (Finlandiako SPECIM) eta EAEko Ingurumeneko ACLIMA clusterra.
Garatzen ari diren sistema ez da gehiegi urrunduko orain birziklatzeko erabiltzen duten sistematik; osagaiek jasotzen duten argitik islatzen dutenari erreparatzen jarraituko dio. Guk, gizakiok, kolore esaten diogu argi horri, jasotzen dugun argia espektro ikusgaikoa delako.
Hein batean, kolore esaten diogun hori objektu bakoitzaren osaera molekularrak zehazten du: iristen zaien argiaren zati batzuk xurgatu eta besteak islatzen dituzte molekulek.
Ez da objektuaren molekuletara mugatzen, ordea. Argi hori jasotzen duenak, ikusleak, ere badu zerikusia. Ikusleak zer gaitasun duen, espektroko eremu bateko edo besteko argiari antzemango dio. Giza ikusmenak ez dio antzematen eremu ikusgaitik kanpoko argiari. Baina objektuek islatzen dituzte izpiak eremu ikusgaitik kanpo ere. Eta oso informazio baliagarria ematen dute batzuetan. Altzairu herdoilgaitzak eta aluminioak, esaterako, oso izpi desberdinak islatzen dituzte eremu infragorrian.
Bada, SORMEN proiektuan aterako duten sistema gai izango da, besteak beste, argi infragorrian islatutako argiari antzemateko modu automatizatuan. Espektro anitzeko identifikazio esaten diote espektroaren hainbat eremutako argiari antzemango diolako.
Proiektuan parte hartzen ari den erakunde bakoitzak bere betebeharra du. Adibidez, hasieran, birziklapen-enpresek zehaztu zuten zer eskakizuni erantzun beharko zien sistemak: denbora-tarte jakin batean zenbat material identifikatu beharko duen, zer osagai identifikatu eta bereizi beharko dituen, osagaiek zein tamaina izango duten gutxienez eta gehienez, eta abar. Sistemaren argiztapenaz arduratu diren erakundeek, bestalde, zehatz-mehatz aztertu zuten zein izpi-motatan oinarrituta bereiz zitzaketen osagai batzuk eta besteak.
Hori guztia oinarri hartuta, txatarra elektronikoa bereizteko sistemaren prototipo bat garatu dute. Azkeneko orduko arazoak konpondutakoan, sistema merkaturatzea pentsatu dute. Proiektuan parte hartu duen Tecnaliako ikertzaile batek, Artzai Picon-ek, esan digu lan hori taldeko enpresei dagokiela, baina ez dutela lan erraza izango. Izan ere, krisia dela eta ez dela, berez horretan interesa izan lezaketen enpresa askok izoztuta dituzte inbertsioak, eta litekeena da, hori dela eta, luze samar jotzea garatutako sistema denak emanda martxan ikusteak.