Txanpon berdeak

Inoiz ez zenituen txanpon berdeak ikusiko, ezta? Bada, orain egin egingo dituzu.

Horretarako hiru ogerleko behar dituzu, berrietakoak, txiki-txikiak diren eta urre-kolorea duten horietakoak. Platertxo bat, sukaldean erabiltzen den papera eta ozpina ere beharko dituzu.

Tolestu papera birritan eta platertxoan jarri, 1. argazkian ikus dezakezun moduan. Ondoren, paperaren gainean, 5 pezetako hiru txanponak jarri.

Hartu ozpina eta platertxora isuri papera erabat heze-heze gera dadin arte (ikus 2. argazkia).

Orain 24 ordu itxaron behar dituzu, baina emaitza 3. argazkian ikusten denaren modukoa dela ohartuko zara. Alegia, txanponak berde bihurtu direla.

Harrigarriena, ordea, txanponak osorik berdetu direla da, bai ozpinetan zuten beheko aldea baita ertza eta gora begira zegoen aldea ere. Hala ere, goiko eta beheko aldeetan ikusten dena guztiz desberdina da. Ertzean eta goialdean geruza berde-grisaska sortu da; beheko aldean, ordea, zuzenean ozpinetan dagoen zatian, gune berde distiratsuak eta oraindik jatorrizko metala agerian duten guneak ikus daitezke.

Azalpena txanponaren osagaietan datza, “iparraldeko urre” deritzonaz eginak baitaude eta hori kobre ugari duen aleazioa da. Jakin badakizu ozpina azidoa dela, azido azetikoa hain zuzen ere eta kobrearekin nahastean kolore berdeko konposatua sortzen du. Azken horrek kobre azetato edo azetato kupriko izena du. Txanponen behealdean, konposatu horren partikula batzuk kristal txikiak osatuz elkartzen dira. Kristalok intentsitate handiko kolore berdea dute eta argiak eragiten dienean distira sortzen dute.

Kobre azetatoa gaur egun duen izena da, baina hauts berde-grisaska horrek hainbat izen izan ditu historian zehar. Hala nola, kupritsa, gardinga edo Venusen kristala.

Esperientzia honen bidez, besteak beste, gauzen kolorea erabat aldarazten duten erreakzioak badaudela ikasi duzu. Gustukoa izan duzulakoan gaude.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila