Triton (II)

A
urreko alean Tritonen ezaugarri fisikoak argitzen saiatu ondoren, bere jatorria azaltzeko hipotesi iradokor batez bukatzen genuen. Oraingoan, orduan agindu bezala, satelite honen gorabehera geologikoez arituko gara.

A

urreko

alean Tritonen ezaugarri fisikoak argitzen saiatu ondoren, bere jatorria azaltzeko hipotesi iradokor batez bukatzen genuen. Oraingoan, orduan agindu bezala, satelite honen gorabehera geologikoez arituko gara. Horretarako orduan aipatutako hipotesi hori gogora ekarri behar dugu. Beraren arabera Triton Neptunok bereganatutako Kometa erraldoi bat izango litzateke. Halaber, marea-indarrak aipatzen genituen beraren aktibitate geologikoaren energi iturritzat: mareak sortutako marruskadura-indarrek Tritonen nukleoa berotzea eragin zuten, haren higiduren energiaren kontura.

Tritonen gainazala 300 milia ingurutik ikusita.

Beroketak eragindako dinamikaren ondorioz, barruan harrapatuta zeuden gas hegazkorrak kanporatu egin ziren eguratsa sortuz. Urtutako izotzek, aldiz, gainazala itxuratu zuten, eta silikatu eta material astunenak nukleorantz abiatu ziren. Dena den, beroketaz eta ondorengo prozesu hauetaz hitz egiten dugunean, kontuan izan behar dugu Tritonen batezbesteko tenperaturaren balioa zein zen, prozesu hauen eraginkortasuna Lurraren baldintzatan izango litzatekeena izan daitekeenik inoiz pentsatu gabe.

Uste denez, Tritonen aktibitate geologikoaren historia orain dela hiru mila milioi urte hasi zen. Deskribatutako eboluzioaren urrats nagusiak lehenengo mila edo bi mila urteetan gertatu ziren, ondorengoetan aktibitatea asko baretu zelarik. Arestiko eboluzio honen eragile garrantzitsuenak aktibitate bolkaniko eta sismikoa izan dira, baina batez ere lehenengoa. Hemen, berriz ere, lehengo oharra egin behar dugu berriro. Bulkanismoaz hitz egiten dugunean ez ditugu eredutzat Lurreko sumendiak hartu behar.

Tritonen diren tenperatur eta presio-baldintzek materiaren fase-aldaketetan oinarritzen den bulkanismoaren modu berezi bat baino ez dute baimentzen. Batzuek “Kriobulkanismoa” deitzen diote. Segidan, Voyager 2 ak Tritonen aurkitu dituen gorabehera geologiko garrantzitsuenak eta beraientzat eman diren azalpenak deskribatzen ahaleginduko gara.

Jakina denez, Voyager 2 a hegoaldetik hurbildu zitzaion Tritoni. Beraz, hemisferio hau eta ekuatorearen ingurua izan dira ondoen aztertu ahal izan diren eskualdeak. Hego hemisferioaren hiru laurdenak nitrogeno-elurrez estalita daude. Hemisferio hau udan sartzear dagoenez, Eguzkiaren argiaren nahikoa irradiazio handiak izotz- edo elur-geruza hautsi egin du. Prozesua ez da ondo ezagutzen. Agian zerbaitegatik ilunagoak ziren inguruneak, argi gehiago jasotzean urtu egin dira. Dena den, interesgarriagoak dirudite geruza zuri honetan bertan ikusi ahal izan diren zerra ilun (arrosa eta marroiaren arteko koloretakoak) bereziak. Denak iparrekialderantz orientatuta daude haizearen eraginez. Itxura denez, oraindik gaur egun nahikoa maiz gertatzen den aipatutako aktibitate bolkanikoaren era baten aztarnak dira.

Lurreko geiserrak gogorarazten dituzten fenomenoak dira: “izotzezko geiserrak” dei genitzakeenak. Erupzio hauek elur-geruzak berak sorteraziak izango lirateke. Tritonen diren baldintzatan, elur eta antsigarrezko hamar metroko geruzaren presioa nahikoa izan daiteke azpiko nitrogeno-elurra urtzeko, nitrogeno likidozko poltsak sortuz. Udaberriak, eta batez ere udak aurrera egin ahala elur-geruza txikiagotu egiten denez, poltsa hauen gaineko presioa ere jaitsi egiten da. Baldintza hauetan edozein arrailadura aski izan daiteke nitrogenoa lurrintzeko eta gainean dituenak aurrean hartuta zorrotada moduan ateratzeko.

Tritonen bereizmen handiko koloretako mosaikoa.

Deskribatutako prozesua interesgarria bada, are interesgarriagoa da erupzioek botatzen duten materia gorriskaren (arrosa eta marroiaren tarteko tonoetakoa) jatorria, hau da, ondoren aztarna bezala gelditzen den aipatutako materiaren jatorria. Eguzkiaren argiak eta batez ere Neptunoren eremu magnetikoan harrapatutako elektroiek elurra osatzen duten nitrogenoa eta metano eta beste hidrokarburo sinplezko kantitate txikiak irradiatzen dituztenean, aipatutako osagaiek sedimentu organiko konplexuak eratzen dituzte.

Neguan elurra erori ondoren, konposatuak batez ere udaberri eta udan eratuko lirateke; baina hauek ez dira elurra bezala lurrintzen. Ondorioz, urteko ziklo bakoitzean konposatu organikoak sortu diren tokian pilatu egiten dira, kantitateak kontsideragarriak izatera iristen direlarik. Hau dugu, bada, nitrogeno-erupzioek azaleratu eta zerra gorriskak eratzen dituen materia. Konposatu hauek Titanen ere ikusi dira, eta orain dela 4.000 milioi urte Lurrean bizitzaren sorreran parte hartu zuten bezalako molekulez osatuta daude. Beraz, beraien azterketak arazo hori argitzen lagun lezake.

Aurrerantzean deskribatuko ditugun egiturentzat ez dugu teoria osaturik. Hauek ulertzeko denbora asko beharko da gainera. Tritonen ekuatorearen inguru gehienak meloi itxurako eremuak dira; azaleko kanal-sare poligonalez osatuak. Eskualde hauek gurutzatuz beste orban luze eta estu batzuk ikusten dira. Seguraski gainazala hautsi eta azpiko lokatza izoztu aurretik azaleratzean eratuko ziren. Bulkanismo-mota hau Uranoren Ariel satelitean ere aurkitu zen. Meloi itxurako eremuak ere beharbada beste bulkanismo-mota baten ondorio dira, baina horretaz ez dakigu ezer. Inguru honetan ez da meteoritoen kolperik ikusten. Beraz, gainazal-zati hau nahikoa gaztea da.

Ekuatore inguru honen eta elur-geruzaren tartean bi motako lurraldeak daude. Batzuk oso zaharrak dira; meteoritoek eginiko krater ugaridunak. Besteak, berriz, oso itxura arraroa dute. Dirudienez, bertako elurra azkeneko urtean urtu da eta metano izoztuzkoak diren laku urdin handi batzuk ikusten dira.

Ipar hemisferioko eskualde batzuetan laba-fluxuak izan direla nabaritzen da. Tritonen laba batez ere urez eta amoniako eta beste osagairen batez eratzen da, baina kontuan izan behar da hango tenperaturetan izotzak altzairuaren gogortasuna duela.

Ikusten denez, Triton mundu harrigarria dugu, eta orain azalpenik ez duen hainbat arazo ebazten denean seguraski berriz ere hartu beharko dugu gaitzat.

EFEMERIDEAK

EGUZKIA


Abuztuaren 23an Virgon sartuko da
Irailaren 23an Libran sartuko da

ILARGIA

Ilberria Ilgora Ilbetea Ilbehera

Abuztua

Iraila

20an

19an

28an

27an

6an

5ean

13an

11an

PLANETAK

  • Merkurio:
    Aurreko alean esaten genuenez, udan egunak luzeegiak dira Merkurio ikusteko baldintza minimoak egon daitezen. Egunik onenak irailaren 24aren ingurukoak izango dira, mendebaldeko elongazio maximoan orduan izango delako.
  • Artizarra:
    Azken hilabeteetan bezala goizaldera ikusi ahal izango dugu, baina gero beranduago aterako da. Beraz, baldintza txarragoetan eta denbora gutxiagoan ikusiko da.
  • Martitz:
    Abuztuan Aries Konstelazioan zehar ibiliko da eta zeruko astrorik ikusgarrienetakoa izango da. Ilundu eta gero agertuko da; adibidez, abuztuaren 1ean 23 h. 15 m-tan (U.T.). Argitasuna handituz doa, Lurrerainoko distantzia txikiagotzen ari delako.
  • Jupiter:
    Goizaldera ez da ikusiko ia iraila arte.
  • Saturno:
    Ilundu orduko ikusi ahal izango dugu Sagittarius Konstelazioan oso erraz aurki daitekeelarik.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila