Telebista

1873. urtean George Carey estatubatuarrak selenioaren propietate fotoelektrikoak aurkitu zituenetik, irudien argia elektrikoki distantzia batera igortzeko modu teorikoa lortu zuen. Ahalegin horren ondoren, hainbat teoria sortu eta saiakerak egin ziren audio- eta bideo-seinaleak igorri eta berregin ahal izateko.

Egitasmorik sendoena Paul Nipkow izeneko ikasle alemaniarrak egin zuen 1884an. Nipkow-ek zulotxoz osaturiko disko irudi-arakatzailearen atzean zelula fotoelektrikoa ezarri zuen. Diskoa biraka hastean, zulotxoek irudia arakatzen zuten, gero zelula fotoelektrikoan proiektatuz. Irudia berregiteko berriz, neonezko tutuaz baliatu zen; tutuaren atzean bigarren disko bat kokatu zuen eta lehenarekin batera biratzeko sistema ezarri zion.

Nipkow-ren egitasmoa John Logie Baird eskoziarrak jarri zuen praktikan 1926an. Korronte fotoelektriko ahulak berrindartzea ahalbidetzen duen tutu elektronikoaz eta elkarrengandik urrun dauden bi puntu elkartzen dituen uhin hertziarraz baliatu zen eta horrela, hogeita zortzi lerrotan arakatutako iruditxoa igorri ahal izan zuen. Hau dela eta Baird, prozedura elektromekanikoen bidez irudiak seinale elektriko bihurtu zituen lehena izan zela esan daiteke.

Sistema elektrikorik osatuena Vladimir Zworykin-ena izan zen. lkonoskopioa deituriko huts-hodiaren bitartez, irudiak zelula fotoelektriko txikiz osatutako mosaiko batean proiektatu zituen. Izpi elektronikoak zelula fotoelektrikoak arakatzen ditu, honen karga elektrikoa jasoz.

Telebista-aparatuak uhin elektromagnetikoen edota korronte elektrikoaren bidez igorritako irudi eta soinuak berregiten ditu. Audio- eta bideo-seinale horiek zuzenean (bat-batean) edo zeharka (diferituan) har daitezke. Baina, nola iristen dira irudi eta soinuak gure telebistara? Audio eta bideo-seinaleak gure teilatuetan ditugun antenetara heltzen dira uhin elektromagnetikoen bidez. (Gaur egun hala ere, aipaturiko sistema horren ordez, kable-telebista ari da hedatzen, nahiz eta oraindik egitura hasi berria besterik ez izan).

Ikonoskopioa deituriko huts-hodiaren bitartez, irudiak zelula fotoelektriko txikiz osatutako mosaiko batean proiektatu zituen Vladimir Zworykin-ek.

Seinaleak nahikoa ahul iristen direnez, anplifikatu egiten dira. Hurrengo urratsa demodulazioa da, hau da, audio- eta bideo-seinaleak bereiztea. Audio-seinalea bozgorailuetara bideratuko da eta seinale elektrikoa, akustiko bihurtuko da, hots, soinua.Bideo-seinalea berriz, izpi katodikoen hodira bideratzen da eta hor, seinale elektriko izatetik pantailan ikusten dugun irudia izatera igaroko da.

Nola bihurtzen da seinale elektrikoa irudi? Telebistaren barruan miatuz gero, zorro baten barnean kanoi bat dagoela ikusiko dugu. Kanoi horretara heltzen diren seinale elektrikoen arabera, elektroi izpiak ateratzen dira pantailarantz. Guk pantailan ikusten dugun irudi bakoitza seiehun eta hogeita bost lerroz osatua dago (bostehun eta hogeita lau lerro Estatu Batuetan). Nahiz eta gizakiaren ikusmenak une berean irudia bere osotasunean hauteman, berau lerroz lerro osatzen da oso denbora laburrean.

Kanoitik ateratzen.diren elektroi izpiak lehen lerroko lehen pixela edo irudi-elementua arakatzen hasten dira. Lerro bakoitiak arakatzen dira lehenik (1etik seiehun eta hogeita bostarte) eta gero bikoitiak (2tik seiehun eta hogeita lauarte). Lerro-amaiera bakoitzean tentsio elektrikoa zerora jaitsi (kanoiak ez du elektroi izpirik jaurtitzen) eta lerro-taupada sinkronikoa sortzen da. Bitartean, elektroi izpia, hurrengo lerroan kokatzen da berriro hasteko elektroi-kargarik galdu gabe.

Lerro bakoiti guztiek irudi-alor bat osatzen dute. Alor osoa sinkronikoki arakatu eta gero, prozesua berriro hasiko da lerro bikoitiek osatzen duten irudi-alorrarekin. Bi alorrak amaitzean, pantailan irudia guk ikusteko moduan agertuko da. Prozesua berrituz, lehen lerroko lehen pixela arakatzen hasiko da berriro, bigarren irudia osatzeko.

Orain arte azaldutakoa oinarrizko prozesua da. Kolorezko telebistari dagokionean, barne-mekanismoak zertxobait aldatzen dira. Zuri-beltzekoan ez bezala, kolorezko telebistan izpi katodikoentzat hiru kanoi aurkituko ditugu: kolore gorri, berde eta urdinarenak, hain zuzen ere.

1. Beirazko horma; 2. Elektroi-izpiek kitzikatutako argi-puntua; 3. Argi-puntuak beirazko hormaren barnealdetik; 4. Horma metalizatua; 5. Sare zulatua; 6. Lerro eta alorrak bideratzeko bobinak; 7. Elektroi-kanoiak; 8. Hodiaren lepoa; 9. Kolore urdin, berde eta gorriaren elektroi-izpiak; 10. Konoa.

Irudi-seinalea antenatik sartzen denean, bitan banatuko da: batetik, kolore gorri, berde eta urdinaren informazioa daraman eramale kromatikoa eta bestetik, kolorearen argitasuna duen luminantzia-uhina. Uhin horiek seinale elektriko bihurtuko dira eta matrizean hiru koloreek eta luminantziak bat egin ondoren, kolore bakoitza dagokion kanoira bideratuko da. Ondoren, kolore bakoitzari dagokion elektroi izpiak pantailaren atzean dagoen sarea arakatuko du. Sare hori zulotxoz josita dago eta horietatik igaroko diren izpiek, puntuz osaturiko mosaikoaren kontra joko dute, kolore egokia argituz.

Beraz, telebista-pantailan bereizita dauden hiru irudi monokromatiko agertzen dira. Irudi-puntuen arteko hurbiltasuna dela eta ordea, ikusleak irudi polikromatiko bakar bat hautemango du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila