TabletPC Ordenagailu eramangarrien etorkizuna

Waliño, Josu

Elhuyar Fundazioa

Informatikaren garapena tramankulu baten asmakuntzatik berri baten asmakuntzara doa. Gaur egun ordenagailuek etorkizunik ez dutela esaten hasiak dira, eta horien eboluzio logikoa TabletPC delakoa omen da. Baina zer da hori? Mahai gaineko ordenagailuaren eta PocketPCen arteko konbinazioa den horrek zeresan handia emango du datozen hilabeteotan.

Eramangarritasuna da etorkizuna, gero eta garbiago dago. Telefono mugikorrek geroz eta erabilera gehiago dituzte: Internet, posta elektronikoa, agenda, etab. Ordenagailu eramangarriak geroz eta txikiagoak eta arinagoak dira, eta PocketPCak ere geroz eta tresna gehiagorekin datoz. Baina guztiak batera erabiliz gero erotu egingo gara; gainera, informazio gehiena etxeko ordenagailuan badaukagu, informazio-transferentzia handia egin behar dugu behin eta berriz. Zulo hori betetzera dator TabletPCa. Finean, mahai gaineko ordenagailu eramangarria da, baina ez orain arte ezagutu ditugun eramangarri horietakoa: kasu honetan askoz ordenagailu txikiagoa izateaz gain, pantaila baino ez dugu beharko, PocketPCaren antzera baina eramangarri baten ahalmenarekin.

Gaur egun badaude merkatuan hainbat TabletPC, baina urtearen erdialdean kaleratuko omen da etorkizunekoa izango dena. Badirudi, TabletPC horientzat propio egindako WindowsXP bat izango dutela sistema eragile gisa, baita neurrira egindako Pentium prozesadorea ere. Informatikaren munduko konpainiarik handienak elkartu dira ordenagailu berri hau sortzeko, eta jada ari dira beharko duen softwarea eta hardwarea garatzen. Compaq, Acer eta Microsoft bezalako enpresak daude horren guztiaren atzean. Azken hori da proiektuaren bultzatzaile nagusietarikoa, eta horri buruzko informazioa eskaintzen duen web orri bat ere badu (http://www.microsoft.com/windowsxp/ tabletpc/).

Benetan eramangarria den ordenagailua

Ordenagailu eramangarriak asko aurreratu du teknologikoki: pisuz gero eta arinagoa da, pantailaren kalitate ona eta prestazioak bikainak. Baina ez da lantresna egokia autobusaren zain zaudenean zutik erabiltzeko adibidez. Horregatik da beharrezkoa benetan eramangarria izango den tresna baten garapena. Hori da garatzaileek helburu bezala dutena: eramangarritasuna.

TabletPCa gaur egungo eramangarrien pisuaren erdia duen liburuxka baten tamainako ordenagailua da. WindowsXPren bertsio propioa izatean Windows-ek onartzen dituen aplikazio guztiak erabili ahal izango dira, eramangarri bat bezain erabilgarria bihurtuz ordenagailua.

Interfazea ez da gauza berria: arkatz optikoa erabiliko du interfaze bezala, baita ahotsaren bidezko ezagutza ere. Arkatz optikoaren erabilera azken hamar urteotan ezagutzen den teknologia da, eta, beraz, ez hain arrotza erabiltzaileentzat. Kasu honetan gainera, berrikuntza bat gehitu diote: “utzi tinta tinta bezala”. Hori da behintzat beraiek erabili nahi duten esaldia. Hau da, makinak ez dezala erabiltzaileak idatzitakoa testu bihurtu, idatzi duen bezala utzi baizik. Horrela, behar ditugun oharrak era ulergarriagoan hartu ahal izango omen ditugu.

Dena den, badirudi hardware aldetik hainbat aukera izango direla: esaterako, Acer etxea garatzen ari den TabletPCetako bat ordenagailu eramangarriaren eta TabletPCaren arteko nahasketa omen da jendea ohitzen joan dadin. Tresnak ordenagailu eramangarria omen dirudi kanpotik, baina pantaila horizontalki nahi bezala bira daiteke. Horrela, ordenagailua ixtean pantaila goraka baldin badago, TabletPC gisa erabil daiteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila