Baina datu kuantitatibo horiek guztiak baino garrantzi handiagoa du pertsonaren eta gizartearen borondatez eragin kaltegarri hori baztertzea posible dela pentsatzeak. Kantzerologoen ametsa horixe da: minbizi guztietan horrela balitz...
Baina errealitatea oso bestelakoa da. Heziketa publikoa aurrerantz doan arren, eta emaitza positiboak eskaini arren, asko dago egiteko oraindik.
Gaia azaltzeko, informazioa lau ataletan banatuko dut: lehenik ikuspegi historikoa emango da, h.d. tabakoa minbizi-sortzaile bezala ezagutzen den unetik hasita Doll eta Hill-ek zientifikoki frogatu zuten arterainokoa. Bigarren atalean, egungo egoera azalduko da: Zer dakigu, zer egin da eta zer lortu da. Hirugarrenean, biriketako minbiziaz soilik arituko naiz, tabakoarekin duen harreman bereziagatik. Azkenik, etorkizuna: zein da minbiziaren aurkako borrokaren planifikazioa, epe laburreko etorkizunean?
Ikuspegi historikoa
Duela 200 urte baino lehenago aipatu zen lehen aldiz tabako-erretzearen eta minbizia agertzearen arteko erlazioa. Dena den, 1914.ean frogatu zen zientifikoki tabako-kearen partikula solidoetan hidrokarburoak minbizia sortzeko gai zirela, h.d. izaera kartzinogenoa zutela.
Hala ere, mende honen hasieran gaur egun zalantzarik gabe tabakoarekin lotzen diren minbizi-motak, oso kantzer arraro bezala onartzen ziren eta gutxitan aipatzen ziren heriotz ziurtagirietan. Tabakogileek ohizko prozedura eta bideekin segitu balute, tabakoaren kontsumoa ez zen inoiz modan jarriko, lehenagotik tabakoa ezagutzen zuten gizarteetan inoiz modan jarri ez zen bezala. Bi izan ziren aldaketa hori gauzatu zuten gertakariak:
Tabakoaren industria gora zihoan aldi berean, tabakoaren ahalmen kartzinogenoaren ikerketa zientifikoak ere aurrera egin zuen. Asko izan ziren era honetako ikerketak (bronkio eta biriketako minbizia aztertzen zutenak bereziki); 2. Mundu-Gerraren ondotik batez ere. Erretzeko ohituraren eta minbizi-mota berezi horren agerpenaren arteko erlazio posiblea gero eta nabarmenagoa zen, tabakismoa mendearen lehen hamarkadatatik gorantz zihoalako eta bestalde, tabako-kearen inhalazioak gehien erasaten zuen organoa birika zela pentsatzea bidezkoa zelako.
Birika eta bronkiotako minbiziaz gainera, ahoko minbizia, hestegorrikoa, arekoa eta maskurikoa ere oso ikertuak izan dira, tabakoarekin duten erlazioagatik.
Tabakismoa kontrolatzeko egiten diren saioak era askotakoak izan daitezke:
Gaur egun eztabaidak daude, ez-erretzaileek borondaterik gabeko erretzea (edo erretze pasiboa) deitzen zaionetik zer kalte jasotzen duten ebaluatzerakoan. Argi dagoena zera da: besteren kea arnasteak nikotina sartzen duela ez-erretzaileen barnean, eta hori erraz neur daiteke.
Aipatutako iharduera guzti horien ondorioz, herri industrializatu gehienetan erretzaileen kopurua gainbehera doala esan daiteke. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, 1964.etik 1979.erarte erretzaileak %42tik %33ra jaitsi ziren eta 15 urte horietan 30 bat milioi pertsonak erretzeari utzi zion. Erretzeari zeinek utzi zion aztertzen bada, gehienbat gizonezko zuriak, klase edo gizarte-maila altukoak izan zirela ikusi zen. 1978.ean medikutan %10ek erretzen zuen bitartean, esku-langileetan %65 ziren erretzaileak.
Emakumezko erretzaileen artean gauzak desberdinak dira (oraindik ere %30 inguruan mantentzen dira). Espainian egoera arras bestelakoa da. Gaur egun populazioaren %41 erretzailea dela esan daiteke, eta lehen aipaturiko kontsumoaren eta gizarte-mailaren arteko erlaziorik ez dago. Katalunian egindako azterketa batean ikusi denez, medikuak eta maisuak dira gehien erretzen dutenak.
Gaur egun, biriketako minbizia da gizonezkoarentzat minbizi-mota guztietan lehena (diferentzia nabarmenaz) eta bere maiztasuna gorantz doa emakumezkoetan ere. Herri desberdinetan, maiztasuna 5etik 80 kasura bitartean dago 100.000 biztanleko, gizonezkoentzat, eta 5etik 40ra bitartean emakumezkoentzat.
Nola uler daiteke gorakada ikaragarri hori? Esan dezadan, lehenik, aurrez diagnostikoa eskasa zelako azken urteotan izan den gorakada faltsu bat ez dela; egiazko gehikuntza ikaragarria baizik. Inglaterran adibidez, eritasun honegatiko hilkortasuna 1930-1980 bitartean %0,5etik %6ra igo da. Eta okerrena zera da: etengabe igotzen segitzea. Gertakari honen arrazoiak aztertzerakoan, ikertzaile guztiak bat datoz zigarroak erretzearen garrantzia azpimarratuz. Bestelako faktore guztiak sinergikoak lirateke; laguntzaileak soilik. Eta estatistikak beldurgarriak dira puntu honetan: egunean 25 zigarrotik gora erretzen dutenek minbizia edukitzeko 20 aldiz arrisku handiagoa dute erretzaile ez direnek baino.
Zifrak nahi adina eman genitzake, baina gaur egun urtero 80.000 bat pertsona hiltzen direla tabakoagatik USAn esango dugu. Vietnam-eko gerrak iraun zuen 12 urteetan (1961-73) 46.000 soldadu bakarrik hil zirela kontutan hartuz, erraz uler daiteke tabakoa edozein arma baino askoz ere arriskutsuagoa eta hiltzaileagoa dela.
Tabakoa/biriketako minbizia bikotearen arteko erlazioa aztertzen duten lan guztietan agian ezagunena, Doll eta Hill-ek 10 urtetan zehar 40.000 mediku kontrolatuz egindakoa izango da. Azterketa horretan mediku erretzaileen, ez-erretzaileen eta erretzeari utzi ziotenen taldeak konparatzen ziren: beren tabako-azturak eta biriketako minbiziaren intzidentzia ikertu ziren.
Azterketa horrek biriketako minbiziaren gorakada tabakoarekin zuzenean lotzen dela argi eta garbi frogatzen du, erretako zigarro-kopuruarekiko zuzenki proportzionala izanik. Bestalde, 8-10 urte erre gabe daramatenen artean (eta lehendik erretzaile izandakoen artean, noski) beren minbizi-intzidentzia erretzaileena baino askoz ere apalagoa dela ere frogatzen du.
Puntu honetan erretzaile pasiboen arazoa ukitu nahi nuke. Horrela deritzo ez-erretzaile izanik bere inguruko beste erretzaileek kontsumitzen duten tabakoaren kea bere borondatearen kontra irensten duenari. Ke honen zatirik nagusiena korronte sekundario deitutik dator, h.d. zigarroa, purua edo pipa berez erretzen ari denean (erretzailearen aspiraziorik egon gabe) sortzen den ketik. Erretzaileak aspiratzen duenean sortzen den korrontea, eta zigarroan barrena ahora doana, korronte nagusia edo primarioa da.
Korronte sekundarioaren osagaiak aztertu direnean, zera ikusi ahal izan da: zenbait osagai toxikoren kontzentrazioa korronte nagusiaren baitakoa baino askoz ere handiagoa dela (nikotina eta mundruna hiru aldiz gehiago, karbono monoxidoa 5 bider gehiago). Bestalde, tabako-kezko giroan dagoen erretzaile pasiboak, ordubetean 2 edo 3 zigarrori dagokion adina ke irents dezakeela frogatu da, inguruko kearen eta lekuaren bentilazioaren arabera.
Europako Ekonomi Elkartean gaudenez, 1985.eko ekainean maila honetan minbiziaren aurkako borrokarako prestatu zen plangintza aipatuko dugu. (EUROPA MINBIZIAREN AURKA, edo EUROITXAROPENA deitua). Bertan, maila guztietako neurriak proposatzen dira: barne-merkatuari buruzkoak (zerga bereziak, zigarro-kaxen etiketak, salmenta mugatzeko neurriak, etab.), nekazal arlokoak (tabakogintza murrizteko adibidez), kontsumitzaileen babeserako (tabakismo pasiboaren kontra, publizitatea) etab.