Suntsitu ziren dinosauruak ala gaur egungo hegaztietan dute jarraipena?

Nork ez du Jurassic Park filmeko Velociraptor-a ezagutzen? Dinosauru hauek lumarik gabeko ostruken antzik bazuten eta zientzia-fikzioko filme honetan azaltzen badira ere, benetan bizi izan ziren, bai eta hegaztien itxura handia zuten beste dinosauru asko ere. Azken hauen adibide dira, Txinako eta Iberiar penintsulako Kretazeokoan aurkitutako batzuk, beste askoren artean. Baina, animalia hauek hegaztien itxura bazuten ere, ez dugu ahaztu behar benetako dinosauruak zirela eta ez hegaztiak. Txinako dinosauruak lumak ukan zitzakeela ere argitaratu zen, baina hipotesi honek ez zuen onespenik jaso, frogak eskasak baitziren. Iberiar penintsulakoa, bestalde, Cuencako Las Hoyas aztarnategian industu zen eta animaliaren eskeleto fosila ezezik, berau gordetzen zuten kararri litografikoetan larruaren molde paregabekoa ere agertu zen, baina lumarik ez.

K. Nuñez-Betelu

Cuencakoak, eskeleto osoa gehi larruaren moldea izanik, hegazti-itxurako dinosauru batzuk duela 125 milioi urte nolakoak ziren ezagutzea ahalbidetu zuen. Honen bidez, orain badakigu animalia hauek, Velociraptor-ek ez bezala, pelikanoen antza zutela, moko luzearen azpiko zaku eta guzti, bai eta buru gainean gangar ederra ere.

Baina hegaztiak, zer? Noiz agertu ziren? Egia esan, hegazti zaharrenak goian aipatutako animalia txinatar zein iberiarra baino lehenago agertu ziren, Jurasikoan alegia. Lehenengo hegaztien artean ezagunena duela 145 milioi urteko Archaeopteryx lithographica da. Hegazti fosil hau maiz erabili izan da Eboluzioaren Teoriaren froga modura, animalia honen egun ezagutzen diren zazpi fosilek, bai narrastien, bai hegaztien, hainbat ezaugarri dauzkate eta. Honek, Archaeopteryx-a narrasti eta hegaztien arteko trantsiziozko izakia dela frogatzen du. Hala ere, hegazti honen fosilek ez balituzte lumak horren ongi kontserbatuta agertuko, seguruenik Archaeopteryx-a narrasti hutsatzat hartuko litzateke, batez ere, narrastien ezaugarriak baitauzka. Izan ere, Archaeopteryx famatuak, seguruenik, hegan egitekotan oso era traketsean egin zezakeen, salto luzeen bidez gehienez jota. Beraz, Archaeopteryx-a eta benetako hegaztien artean oraindik antza gutxi zegoen.

K. Nuñez-Betelu

Txorien antza handiago zuen, bestalde, Lleidako El Montsec mendizerrako La Pedrerako kararri litografikoetako txoritxo horztun batek. Aurkitutako fosila, oraindik habian egoteko adineko txolarre-itxurako txoritxo batena zen eta Archaeopteryx-a baino 10 milioi urte beranduagoko arroketan agertu zen, hots, duela 135 milioi urteko arroketan. Bere burezurrak dinosauru sauriskio teropodoen, haragijaleen alegia, ezaugarri asko zituen. Aitzitik, txoritxoak bazituen ere egungo hegaztien ezaugarriak, hala nola, hegoak, lumak eta ederki garatutako hegazti-eskeleto arina.

Kasik Lleidako aztarnategia bezain zaharra den beste aztarnategi batean ere, lehenago aipatutako Cuencakoan alegia, batera aurkitu ziren hegazti-itxurako dinosauruak eta benetako hegaztien fosilak, hala nola, Eoalulavi, Iberomesornis eta Concornis generokoenak. Areago, fosil hauen eskeletoen ezaugarriek benetako hegaztiak zirela argi erakusten badute ere, Eoalulavi hoyasii-aren ale fosil bat gordetzen zuten kararrietan, halaber, hegaztiaren lumen kopia zehatzak agertu ziren.

Archaeopteryx lithographica. Duela 145 milio urteko hegazti fosila.
K. Nuñez-Betelu

Hau guztia irakurrita, badirudi dinosauruen eta hegaztien arteko lotura, ala beste modura esanda, dinosauruetatik hegaztietarako eboluzioa frogaturik dagoela. Egia esan, hau izan da azken 25 urteotan paleontologoen artean nagusiki erabili den hipotesia eta bide honetatik joan dira ikerketa gehienak. Esaterako, dinosauru eta hegaztien arteko lotura ere bultzatuko luke Argentinako Goi Kretazeoan aurkitutako Unenlagia comahuensis dinosauruaren fosilak. Unenlagia, duela 90 milioi urteko arroketan aurkitu da eta lumarik ez bazaio ezagutzen ere, hegaztien hainbat ezaugarri du, hala nola, hegoen modura tolesten diren aurreko gorputzadarrak eta narrasti eta hegaztien arteko pelbis trantsizionala.

Dena den, badaude, oraindik dinosauru eta hegaztien arteko loturaren hipotesia onartzen ez duten paleontologoak. Hauen ustetan, hegaztien eta dinosauruen jatorria Arkosauruen, hots, duela 250 milioi urte bizi ziren oso narrasti primitiboen, bi adar hipotetiko desberdinetan omen dago. Ideia honek 1970eko hamarkadara arte indar handia izan zuen, ondoren baztertua izateko.

Hala ere, paleontologo batzuek segitu zuten hipotesi hau lantzen eta berriki hipotesi hau bultzatuko lukeen aurkikuntza jakitera eman dute. Horrela, hegaztien hegoetako “hatzamarrak” eta arkosauruetatik zuzenean eboluzionatutako krokodilianoenak berdinak izango lirateke, ez ordea dinosauruenak.

Honek, hegaztiek eta dinosauruek bide ebolutibo desberdinak segitu zituztela froga omen lezake. Hala ere, oraindik froga gehiago behar da, azken 25 urteotan irmoki mantendu den hipotesia, dinosauru eta hegaztien arteko lotura ebolutiboarena alegia, alboratzeko. Bestalde, paleontologoek maiz azaltzen dute dinosauruak duela 65 milioi urte, Kretazeoaren bukaeran alegia, desagertu zirela per secula seculorum. Ez ziren suntsitu ordea, hegaztiak.

Baina, beste hainbaten artean, Lleidako txoritxoa eraldatutako dinosaurua bada, eta horrela frogatzen omen du bere hainbat ezaugarrik, dinosauruak desagertu beharrean hegazti bihurtuta gaur egun arte irautea lortu dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila