Siberia Sobietar Batasuneko erregai-biltegia da. Dituen energi erreserbatatik ia hiru laurden bertan daude eta seguruenik ere munduko ikatz-erreserben erdia du. Siberiako oihanak munduko zurgintzarako material guztitik bostena du, eta bertako 50.000 inguru ibaitako bik (Yenisei eta Lena-k), Sobietar Batasun guztian baino energi erreserba gehiago dute.
Siberiak 10 milioi kilometro karratu ditu, bi herenak beti izotzez estaliak daude eta sarritan lurrikarek zati handiak astintzen dituzte.
Siberian dauden mineral naturalen stocken kopurua eta barietateak ikusita, era askotako produkzio-zentruak ezar daitezke. Baina guzti horretarako herrialde horri teknologia berriak ezagutzea beharrezko zaio; bertako mineral-hobi ustiatzeko bereziki (aluminio eta potasioaren nahastea duen mea bakarra ustiatzeko, esate baterako).
1986.ean ospatu zen Sobietar Alderdi Komunistaren 27. kongresuan, herrialde honetarako eginkizun urgentea ezarri zen: produkzioa eta garapen ekonomikoa gehitzeko aurrerakuntza teknologiko eta zientifikoa azeleratzea alegia.
Horri erantzunez, SESB-k asistentzia praktikoa emateko eta herrialdeko baliabide naturalak eraginkorki garatzeko Garapen-Programa Siberiarra ezarri zuen.
Programa honek 2000. urtera arte Bost Urteko Plan batzuk izango ditu eta helburuak lortzea 5 mila milioi errublo (5 mila milioi dolar inguru) kostatuko da. Lehen 5 urterako aurrekontua, 600 milioi errublokoa izango da. Garapen-programa honen helburuak lortzeko, Siberiako hazkunde ekonomikoak Batasuneko batezbestekoak baino 2-3 aldiz handiago izan beharko du.
Jadanik 400 erakunde eta sindikatu eta errepublikar ordezkarietatik 60 talde baino gehiago daude garapen-programan inplikatuta. SESB-k inbertsio handiak egin ditu dagoeneko hainbat industri zentru ezartzeko.
Siberiako mendebaldea taiga mugagabea da: konifero-basoa, ipar aldean tundra bihurtzen dena. Azken 15 urte hauetan garapen izugarria jasan du. Petrolio- eta gas-produkzioa urtean milioi bat tona izatetik 200 milioi tona baino gehiago izatera pasatu da.
Gaur egun, Siberiako Mendebaldean Sobietar Batasuneko petrolio-produkzioaren eta gas-produkzioaren erdia inguru ateratzen da. Erregai-iturri nagusia izango da mende honen bukaera arte. Tyumen da petrolio-ekoizpen area nagusiena. Geologoek hemen 200 hidrokarburo-hobi baino gehiago aurkitu dituzte eta hauetako erdiek baino gehiagok petrolioa dute.
Siberiako Mendebaldeko petrolio- eta gas-zentruak hidrokarburoen produkzioa bueltatzen du, aldi berean naturaren kontserbazioa eta garapenaren oreka sustatuz. Honek zera esan nahi du: hiri berriak eta industria berriak eraikitzea; energia asko behar duten industriak bereziki. Progamak, ikerketa geologikoak egiteko bide nagusiak ere ezartzen ditu.
Orain ustiatzen ari diren petrolioa, Kretazikoan eratutako harri-estratuetan kokatua dago (orain dela 100 eta 185 milioi urte bitartekoak dira). Baina Sobietar Batasunak Behe Jurasiko aldiko estratuak ere ustiatu behar ditu. Horretarako kapital handia beharko litzateke. Are sakonagoak dira Paleozoiko aldiko estratuak. Hauek 200 milioi urte baino gehiago dituzte eta petrolio-hobi garrantzitsuak aurkitzen dira geruza horietan. Izan ere, 2500 eta 5000 metrora dauden estratuek nahikoa hidrokarburo-erreserba garrantzitsuak dituzte.
Siberiako mendebaldeko lautadaren azpian dagoen Khanty-Mansi-n, geologoek aurkitu dituzten deposituak prehistoriako ibai-ohe dirudite. Ibai-ohe hauetako bat miatuta, oso hobi aberatsak daudela baieztatu dute.
Nahiz eta Siberiako Mendebaldean oraindik ustiatu gabeko baliabideak izan, Sobietar Batasunak petrolio-produkzioa hazi nahi badu, ekialdean ere ustiapen-lanak ezingo ditu alde batera utzi.
Sakoneko ikerketa eta datu geologiko konbentzionalak eredu teorikoak sortzeko erabiliz, ustiatzaileek etorkizunean produkzio altuak izango dituzten petrolio-eremuak aurkitu dituzte. Orain arte, gutxi batzuetan soilik egin dute proba, baina pronostikoek baliagarriak direla dirudi.
SESB-ko Zientzi Akademiako Geologi eta Geofisika-Institutuak teknika sismiko kanalanizkoitza sortu du ustiatze-lanetarako. Metodo honek lurrazpiko estratuen izaera eta forma zehazten laguntzen die geologoei, estratu horiek hidrokarburoak ala ura duten esan ahal izateko. Teknika hau erabiliz, geologoek putzu ekoizkorren kopurua %30etik %80ra igotzea espero dute. Oraingo metodoz, injineruek putzuko %40 petrolio bakarrik erauz dezakete, baina hau %60ra igo daiteke. Petrolioaren portzentaia handiagoa eskuratuz eta prozesatze hobearen bidez, produkzioa igotzea espero da.
Petrolio-erauzketaren portzentaia %15-20 igotzeko, Siberiako garapen-programak teknika fisikoak eta kimikoak erabiltzen ditu.
Sobietar industrigintza kimikorako, eta elektrizitatearen produkziorako, gasa da produkturik garrantzitsuenetakoa. Gasak duen arazo nagusia zera da: petrolioak baino %300 tutu-muntaia handiagoa behar izatea. Injineru Sobietarrak desabantaila hau gainditzeko saiakuntzak egiten ari dira. Gaur egun, Sobietar Batasuneko baliabide naturalak nahikoa dira beren beharrak estaltzeko. Geologoek Siberiako Mendebaldean hobi berriak deskubritzen segitzen dute, eta seguruenik ere produkzioa ez da mende honetan bere punturik altuenera iritsiko.
Ikatza da Siberiako beste baliabide garrantzitsua. Sobietar Batasunaren helburuetako bat, mende-bukaera baino lehen 600 bilioi tona ikatz eruzteko metodoak garatzea da. Baita elektrizitatea sortzeko metodo magneto-hidrodinamikoak garatzea ere.
Siberiako hazkunde izugarri honekin batera, garrantzitsua da Sobietar Batasuna herrialde honetako ekologia zaintzeaz ez ahaztea. Programak baditu mota horretako ekintzak burutzeko oinarrizko bide batzuk. Badago, esate baterako, Baikal Lakua zaintzeko programa espezifikoa. Lakuko baliabide naturalen ustiapena eta parke nazional moduan zaintzearen arteko oreka lortzea du helburutzat programa horrek.
Injineru Sobietarrek industriako zaborra atmosferara botatzearen ondorioak minimizatzeko teknika eraginkorrak garatu dituzte.
Programa siberiarra ez da ingurugiroaz edo mineralez bakarrik arduratzen. Baliabide biologikoak eta nekazaritza ere tratatzen ditu, lurrari buruzko estudioak eta klima hotzerako teknologia (garraioa bereziki) azpimarratuz. Garapen ekonomiko eta soziala ere garrantzitsua da, hezkuntz eta irakaskuntz erraztasunak barne direlarik.
Azken urteotan, siberiarren bizitza asko hobetu da; alde batetik beren lanerako baldintzak eta bestalde beren bizitza-maila. Jaiotza-tasa gorantz doa eta heriotza-tasa txikiagotuz. Plan berriek etorkizunean bizimodua hobetzea dute begi-bistan.