Baina hitz hutsak eta teoriak albo batera utzi eta praktikara pasatzeko garaia iristen denean hasten dira komeriak, normalean eman ohi ditugun aginduak bide errazetik saihestu eta sakrifizio-txikiak (edo ez hain txikiak) eskatzen baitizkigute. Dena den, bada guztiok onartzen dugun ohitura osasuntsuen dekalogoa , hamar agindu edo manamendu ezinbesteko sasoian egon nahi baldin badugu behintzat.
Zortzi orduko loaldia gauero da gure gorputzak behar duena, batezbeste, aurreko eguneko nekeetatik behar bezala errekuperatzeko. Adituek diotenez gauerdiaren aurretik loak probetxu gehiago egiten du, eta hobe da leihoa irekita eta arropa gehiegi gabe lo egitea. Erlaxatzeko posturarik egokiena eskuin-alboaren gainean etzanda lo egitea omen da, horrela bihotza zanpatzen ez delako eta zirkulazioa erraztu egiten delako. Oheburua iparraldera orientatua badago atsedena are eta hobeagoa izango da.
2. Sano jan
Eta egiaz gose garenean soilik, mokadu bakoitza behar bezala murtxikatuz. Bestalde, eguneroko dietak bariatua eta orekatua izan behar du, gorputzeko pisua maila egokian mantentzeko behar adinako kopuruan, baina hortik pasa gabe. Janari freskoek lehentasuna dute: frutak, berdurak, barazkiak, ...
3. Egin ariketa
Hauxe da sasoia mantentzeko oinarrizko printzipioetako bat: tentsio muskularrak eta ornoetako zurruntasunak desblokeatzeko. Dena den, ariketa fisikoa modu egokian egin behar da, beti ere gehiegizko esfortzurik gabe, eta modu erregular eta progresiboan.
4. Pisua mantendu
Egoerarik onena, ideala esango genuke, pisu-kontutan oreka mantentzea da, gora beherarik gabe, baina inoiz ez pisu-gehiegikeriatik abiatuta. Obesitateak gainkarga suposatzen du gorputzeko organo guztientzat eta gaixotasun jakin batzuk harrapatzeko eta jasateko arrisku gehiago.
5. Ura edan
Gorputz-bolumenaren %62 urez osatua dago. Eta kopuru hori orekan mantentzen da etengabe ura birjartzen eta kanporatzen aritzen garelako. Urak disolbatzaile bezala jokatzen du digestio-lanetan eta estankatuta edo geraturik dauden toxinak eta hondakinak kanporatzen laguntzen du. Egunean bi litro edatea ere gomendatzen duenik bada, desintoxikazio-prozesu horri laguntzeko (adineko pertsonetan, edo giltzurrunak behar bezala funtzionatzen ez dutenean gehienbat).
6. Erlaxatzen ikasi
Estresa da gaur egungo bizimoduak harmonia fisikoa eta mentala lortzeko jartzen digun oztopo nagusietariko bat. Estres-puntu bat positiboa ere izan daiteke maila bateraino, baina behin atalase edo muga bat gainditu ondoren (eta hemen pertsona bakoitzak erresistentzi maila diferentea du), erantzunak emozio negatiboak eta bat bateko aldaketak sortaraziko ditu, gorputzari bezala adimenari edo alderdi psikikoari eragingo diotenak. Erantzuna? Gauzak lasaiago hartzea eta erlaxatzen ikastea.
7. Arnasa ongi hartu
Jatea, lo egitea edo hortzak garbitzea bezalaxe, arnas ariketak eguneroko errutinaren barruan sartu beharreko atala da. Egokiena arnasketa egunean bi aldiz lantzea litzateke, hamar minutu ohetik jaikitzerakoan eta beste hamar justu ohera joateko orduan, arnasaldi sakonak eta kontrolatuak eginez. Arnas terapiaren mesedeak ongi frogatuak daude aspalditik (ekialdeko medikuntzak, yogak, eta antzekoek erakutsi duten bezala) eta gaur egun zenbait adituk dioenez arnasketa abdominalak (hau da arnasa sabelarekin hartzeak) gorputzaren erresistentzia gehitu egiten omen du, gaixotasunera daramaten trastorno funtzional ugari hobetuz.
8. Eguzkitik babestu
Eguzkiaren energia ezinbestekoa da bizitzeko. Eguzkiaren izpiek umore ona ematen digute; horiei esker, gure gorputzak D bitamina eta kaltzioa sintetizatzen ditu. Baina, ia beste gauza guztiekin bezala, eguzkia neurriz hartu behar da, eta beti babes egokiarekin, larruazala behar baino lehen zahartu ez dadin. Zientifikoki dago frogatua eguzkia dela larruazalaren aurreneko etsaia, eta gainera bere eragina metatu egiten da. Adinik arriskutsuenak haurtzaroa eta adoleszentzia dira. Horrexegatik, argi edo izpi ultramoreetatik babestea funtsezkoa da.
9. Zoriontsu izan
Ez da erremedio mirakulutsua, baina ongi eta “gazte” sentitzen asko laguntzen du. Emozio-egoerak geure gorputza eta adimena kontrolatzen ditu nolabait. Baldintza emozional honetan bizitzeak (maitasuna, plazerra, zoriona, etab.) endorfinen edo zoriontasunaren hormonen jariaketa areagotuko du. Sexua da osasun onaren eta ongizate fisikoaren beste sintoma bat. Ekialdeko yin eta yang teorietan sexua gizakiaren bizi-luzetasuna oraindik ere areagotzeko ezinbesteko tresna bezala kontsideratzen da.
Eta non da hamargarren agindua? Dekalogoek, normalean, hamar manamendu izaten baitituzte, Testamentu Zaharreko hartatik hasita. Bederatzi eman ondoren, hamargarrena libre da, irakurlearen zentzu komunaren arabera, bakoitzak bere egoera pertsonala, baldintzak, etab. baloratu ondoren erabakitzeko.
Dena den, ohituraz edo azturaz aldatzea ez da batere erraza. Esan ohi den bezala, “gustatzen zaidan guztia, edo pekatu da edo gizendu egiten du”. Hala ere, gure osasuna hobetzeko egin dezakegunaz jabetzea komeni da, horretan gehiegi ozpindu gabe dena den. Eta guzti hori aurrera eramateko borondatearen indarra edukitzea. Errazago da azaleko beste bide batzuk hartzea (kosmetika, gimnasioa, masajista, etab.), lehenago aipatu ditugun agindu horiei heltzea baino, dekalogoan aipatutakoak askoz ere merkeagoak eta epe luzera eraginkorragoak diren arren.