Aurreko hilabetean bezala, urrian ere fruitu ugari aurki daiteke gure mendietan. Gaztainondoek okertutako adarrak ageri dituzte morkotsez beteta eta haritz eta pago-ezkur batzuk ere badira. Hegoaldeko mahastietan berriz, uzta biltzeko garaia iritsi da. Lanaldi itzela beraz, Nafarroa eta Arabako ardo bikainak egiten diren lursailetan. Mahats-mordoak biltzerakoan ale askotxo erortzen da lurrera, baina ez pentsa alferrik galduko direnik. Izan ere, asko dira elikagai gozo hau jatera hurbilduko diren animalia-espezieak, azken finean, hauxe baita sasoi honetan egin beharrekoa: ahal den adina jan eta erreserbak metatzen saiatu, negua... ate joka ari zaigu eta.
Aurten jaiotako animalietako askori sorlekutik kanpo barreiatzeko ordua iritsi zaie. Familiaren inguruan gelditu baino, gazte hauek hobe dute ingurutara zabaltzea jana aurkitu eta lurralde baten jabe bihurtu ahal izateko. Erreka ondoko elorrian jaiotako armiarmatxoak adibidez, kozkortuxe daude eta leku berrietarako bidaia, gezurra dirudien arren, hegan egingo dute. Jakina, armiarmek ez dute hegorik baina adar batera igo, eta abdomenetik zetazko ari luze eta fin-fina askatu ondoren, udazkeneko haize-ufadaren bati itxaron besterik ez dute egin behar. Haizearen astinduarekin batera... aire! armiarmak hegan joango dira lurralde berrietara.
Erle-zurrunbilo beldurgarria erlauntza batean. Erlezainak burua eta eskuak erlez beterik ditu, baina auspoz lagunduta botatzen duen keari eta noski, jantzi bereziari esker, lasai-lasai dago. Eskerrak horri, erleen ziztadak ez baitira inondik ere txantxetako gauza! Aurtengoa alde-aldekoa joan da eta ezti ugari ikusten da aberasketan. Dena den, gure erlezain zuhurrak ederki daki eztia neguan zehar erleen ezinbesteko bazka dela eta horregatik, erdia etxerako hartuta, gainontzekoa beraientzat utzi du.
Gure mendiak gorriz janzten diren egun hauetan, hegazti migratzaileei begira ahozabalik gera gintezke. Egunez zein gauez, pase-garaian espezie askotako milaka eta milaka hegazti doaz hegoalderantz. Lindux edota Zegamako gainak oso famatuak badira ere, Euskal Herriko mendietan ehundaka lepo bikain ditugu migrazioa behatzeko.
Migratzea estrategia arrakastatsua da oso eta aski zabalduta dago animalien artean. Bidaia luze horietan, ahulduta, etsaiek harrapatuta, galduta, eta beste modu askotara hegazti asko hiltzen bada ere, beste askok aurrera egiten dute eta hurrengo udaberrian kumatuta, populazioak orekatzen dituzte. Dena den, gizakiok eragindako habitat-galerek eta hegaztien neurriz kanpoko ehizak (espezie gutxi batzuena inguruotan eta askorena, eskubide osoz gainera, Afrikako eskualde txiroenetan) arriskuan jar lezakete espezie batzuen etorkizuna.
Iadanik aipatu dugu urria hegaztien migrazioko hilabete bikaina dela. Hauxe dugu ordea, usoak, birigarroak, eta paseko beste hegaztiak harrapatu nahian Euskal Herrian 100.000 eskopeta inguru gora begira jartzearen arrazoia. Zalantzarik gabe, espezierik preziatuena pagausoa dugu. Hegazti dotore honen paseko egunak ezin ikusgarriagoak izan ohi dira eta dirudienez, azken urteotan gure lepoetan inoiz baino ehiztari gehiago, eta eskopeta eta kartutxo hobeak dauden arren, ez da uso gehiago harrapatzen. Izan ere, Penintsulara sartzen diren usoek, tiroen poderioz, lurrera ez arrimatzen ikasten dute, eta ziztu batean joaten dira Espainiako hego-mendebaldeko lurraldeetara.
Ezin utziko dugu Etxalarren edo Saran erabiltzen duten sistema harrigarria aipatu gabe. Herri hauetan, mendeetan zehar erabili dituzten sareekin jarraitzen dute uso-ehizan. Banda edo saldoak inguratu ahala, belatzarena egiten duten egurrezko paletak botatzen dituzte usoak jaitsiarazi eta sareetara izutzeko. Honela, 1.000-3.000 uso inguru harrapatzen dituzte urtero Etxalarreko usategietan.
Belaguako gainetako marmotek gantzezko pilotak dirudite. Hibernatzen hasiko diren tenorea hurbil somatzen dute eta potolo-potolo jartzen dira. Lehen eguzki-izpiak agertu orduko martxan jartzen dira eta normalean animalia alper antzak diren arren, garai honetan ez dute nagikerietarako betarik izaten. Belarra erruz jan eta neguko kamaina prestatzeko belarra biltzen aritzen dira jo eta ke.
Hartza ere lantegi horretan dugu. Azken asteotan aurten jaiotako bi kumeekin batera enpo bukatu arte fruituak jan eta jan ari da. Okerrik ez bada, datorren hilean edo (eguraldiaren arabera) neguko hartzuloan sartuko da kumeekin batera.
Bere ohizko martxa bizian katagorria fruituak biltzen ari da. Ohi baino gizenxeago dagoen arren, beti bezain trebe jaitsi da buruz behera haritz batetik ezkur bila. Orain dauden fruitu guztiak jaterik ez duenez, denborarik galdu gabe negurako biltegi bereziak antolatzen ari da katagorria. Honezkero haritz zahar bateko zuloa erdi-beterik du eta gaur bertan hasi da pago batean habia eraikitzen ere. Gainera, lurrean ere fruitu asko gordetzen ditu eta berak ez badaki ere, honi esker basoa berriztatzen laguntzen du. Izan ere, katagorriak lurpeko biltegi horietako asko non dituen ahaztu egiten du eta beste animaliaren batek aurkitzen ez baditu, haziek landare berriak emanen dituzte.
Araba eta Bizkaiko mendebaldean otsoek aurten ere galera handiak eragin dituzte zenbait artaldetan. Ehiztari eta abeltzainek antolatutako ehizaldietan mordoska bat akabatzea lortu dute, baina bat edo beste libratu dira: zorte gehien izan dutenak edo... otsorik azkarrenak, auskalo!
Bihotzarekin jokatuta, Euskal Herrian hain eskasa den animaliaren ehiza onartzea zaila bada ere, buruarekin eginda gauzak bestela ikus daitezke. Gaur egun gure lurraldean dugun artzantza-sistemarekin (artzainak ez daude erabat aziendekin eta artzanorik ez da ia erabiltzen) otsoen eta artzainen artean arazo franko sortzea normala da. Dena den, otsoen mugitzeko gaitasun bikaina kontuan hartuta, animalia hauek basa-animalia ugari dauden lekuetan egokitzen has litezke, eta azienden artean ia kalterik egin gabe bizi. Negua hurbiltzen ari den sasoi honetan hauxe da opa dieguna: zorte pixka bat otsoei, lurralde berri lasaiagoetan finkatzeko, eta artzainei, euren lana bakean bete ahal izan dezatela. Erraza ez, baina… Hala bedi!