Azkenaldian egin dituzten masa-konparazioek, ordea, ez dute gauza bera esaten. Izan ere, kilogramo ofizialaren hainbat kopia daude mundu osoan banatuta, eta, tarteka, konparatu egiten dituzte kilogramo ofiziala eta haren kopiak. Azkenekoz neurtu zutenean, ikusi zuten Le Gran K -k 50 mikrogramo galdu zituela kopien masen batezbestekoarekiko. Hau da, kilogramo ofizialak, kilo bat ordez, 999,99995 gramo pisatzen du.
Kilogramoaren definizioak masa-gorabeherak izatea ez da oso zentzuzkoa; konpondu beharreko arazoa da hori. Eta ez horren ondorioz etxe azpiko dendariaren balantzak ez duelako behar bezala neurtzen erosten ditugun sagarren pisua. Arazoa hori baino sakonagoa da, zenbait magnitude fisiko eta kimikoren definizioak, neurri batean edo bestean, masaren mendekoak baitira, hala nola mola (substantzia baten masa atomikoa edo molekularra, gramotan) edo newtona (indarra adierazten duen unitatea, kg.m.s -1 -tan adierazita).
Hainbat zientzialari-taldek urteak daramatzate kilogramoaren definizio berriaren bila, neurketa-errore horiek behin betiko alde batera uzteko. Proposamen ugari egin dituzte, baina batez ere bi metodok dute indarra. Oraingoz, dena den, batek ere ez du lehia hori irabazi, eta urte batzuk pasatuko dira definizio berri bat onartzerako. Kilogramoa zer definiziok ordezkatuko duen erabakitzea neurrien eta pisuen nazioarteko batzordeari dagokio. Aldizka elkartzen dira definituta dauden magnitudeei buruz eztabaidatzeko, eta egin beharreko aldaketak egiteko. Kilogramoaren definizio berria aukeratzeko asmoa dute 2011. urtean egingo duten Pisuen eta Neurrien 24. Batzar Nagusian.
Ez da lehenengo aldia neurrien eta pisuen nazioarteko batzordeak magnitude bat berriro definitu behar izan duena. Kilogramoaren antzera, metroa ere objektu baten bidez definituta egon zen 1983. urtera arte. Hura ere platino-iridiozko makil-itxurako prototipo bat zen.
Eta, kilogramoak bezalaxe, hark ere neurri-arazoak zituen. Urte hartako Neurrien eta Pisuen Nazioarteko Biltzarrean konpondu zuten arazoa. Lehenengo lana argiaren abiadura zehaztea izan zen; adostu zuten argiaren abiadura segundoko 299.792.458 metrokoa zela. Harrezkero, segundoa guztiz zehaztuta zegoen magnitude bat zenez, metroari balio aldaezina ematen zion definizio bat aurkitu zuten: 1/299.792.458 segundoan argiak hutsean egiten duen distantzia.
Horixe bera egin nahi dute kilogramoarekin. Indar handiena duten bi proposamenek antzeko konponbidea eskatzen dute. Metroarekin gertatu zen bezala, mugatuta ez dauden konstante batzuk zehaztu behar dituzte, nahitaez. Berez, konstanteek balio zehatz bat izan behar dute, horregatik esaten baitzaie konstante, baina, zenbaitetan, magnitude batzuk besteen mendekoak direnez, balio jakin bat izan ordez, balio-tarte posible bat izaten dute.
Aukeretako batek esaten du Avogadroren zenbakia zehaztuta defini daitekeela kilogramoa, eta besteak Plancken konstantea mugatzea eskatzen du, helburu hori bete ahal izateko. Lehenengoari Avogadroren proiektua esaten diote, eta bigarrenari Watt balantza.
Avogadroren zenbakia fisikako oinarrizko konstante bat da. Mundu fisiko makroskopikoa eta atomoen mundu azpimikroskopikoa lotzen ditu. Hau da haren definizioa: 12 gramo karbono-12 isotopok duten atomo-kopurua. Zenbaki hori 6,023 x 10 23 da, gutxi gorabehera; horiek dira 12 gramo karbonotan dauden atomoak.
Ikus daitekeen bezala, gramoaren mendekoa da Avogadroren zenbakia. Horrek eragiten dio kilogramoaren prototipo aldakorraren mendekoa izatea, hau da, independentea ez izatea. Kilogramo ofizialak 50 mikrogramoko gorabeherak izateak esan nahi du gutxi gorabehera trilioi bat atomoko gorabehera duela!
Avogadroren zenbakia behin betiko finkatuz gero, ordea, kilogramoa definitzeko bidea izango lukete. Definitzeko, zientzialariek uste dute hiru ezaugarri hauek izan behar dituela Avogadroren zenbakiak. Batetik, balioak zenbaki oso bat izan behar du, atomo-kopuru bat adierazten duelako. Bestetik, orain onartuta dagoen balio-tartean dagoen balio bat izan behar du. Eta, azkenik, aukeratutako Avogadroren zenbakiak objektu fisiko batekin lotuta egon beharko luke; azken finean, Avogadroren zenbakiak objektu baten atomo-kopurua adierazten du.
Objektuak zer forma izan behar duen erabakitzeko orduan, iritzi bat baino gehiago dago zientzialarien artean. Batzuk kilogramo bateko siliziozko esfera perfektu bat egin nahian dabiltza; egindakoan, X izpien bidez atomo-kopurua zenbatzeko asmoa dute. Beste batzuek, berriz, proposatzen dute objektua kubo geometriko bat izatea. Hala, alde bakoitzean atomo-kopuru jakin bat duen kubo bat izango litzateke, eta alde horien kuboak Avogadroren zenbakiaren balioa emango luke.
Objektua kuboa izatearen alde daudenek esaten dute, esfera bat izanda, askoz zailagoa dela atomo-kopurua objektuaren bolumenarekin lotzea, bolumena kalkulatzeko zenbakia sartzen delako, eta, beraz, ezinezko izango litzatekeelako balio oso zehatz bat ematea.
Objektua edozein izanda ere, eta kontuan izanda Avogadroren zenbakia 12 gramo karbono-12 isotoporen atomo-kopurua dela, honela definituko litzateke kilogramoa metodo horren bidez: 1.000/12 x Avogadroren zenbakia. Avogadroren zenbakia balio mugatu bat izanik, ez legoke gorabeherarik egoteko arriskurik.
Kilogramoa berriz definitzeko indar gehien duen beste proposamena Watt balantza deritzon tresnan oinarritzen da. Labur esanda, Watt balantzaren bidez zehazten dute zenbat korronte elektriko behar den kilogramo bateko masa baten pisua indargabetzeko. Izan ere, korronte elektrikoak indar elektromagnetikoa sortzen du, eta azkeneko hori da pisuaren kontrako indarra egiten duena.
Kilogramo bateko masa balantza baten platerean jartzen dute; inguruan kobrezko hariz egindako haril bat dago, eta azkeneko horren inguruan material supereroalez egindako haril bat. Hariletan zehar elektrizitatea pasaraziz sortzen da kilogramoari aurre egiteko beharrezkoa den eremu elektromagnetikoa. Zenbait propietate fisikotan oinarrituta eta sistemak behar duen korronte elektrikoa eta sortzen duen tentsioa neurtuta, eragiketa batzuen bidez balantzan jarri dugun masaren eta Plancken konstantearen arteko erlazioa lor dezakegu.
Egia esan, kontraesan bat irudi dezake kilogramoa definitzeko kilogramo bateko prototipoa erabiltzeak, baina, prototipo horren pisuari aurre egiteko beharrezkoa den indarra zehazten den unean, prototipoak ordura arte zuen garrantzia galduko luke, eta ez litzateke gehiago erabili beharko.
Bi metodoen artean zein aukeratuko duten ez dago argi. Dena den, erabakigarria izango da batek eta besteak duten zehaztasuna. Neurtzerakoan doitasun handiena duena izango da, seguru asko, definizio ofiziala izatera iritsiko dena.
Izan ere, gaur egungo prototipoak duen doitasun faltak eragin du kilogramoa definitzeko bide berriak bilatzen hastea. Beraz, ordezkatuko duen magnitudeak prototipoak baino zehaztasun handiagoa izan beharko du. Prototipo ofizialaren ziurgabetasuna milioiko 0,05 partekoa da, eta beste metodoekin orain arte ez dute horrenbesteko zehaztasunik lortu. Onartu ahal izateko, neurrien eta pisuen nazioarteko batzordeak esan du erroreak, gehienez, milioiko 0,02 partekoa izan behar duela.
Oraindik lortu ez duten arren, bai metodo baten alde egiten dutenak bai bestearen alde egiten dutenak ziur daude lortuko dutela berandu baino lehen neurketen doitasuna handitzea, eta neurrien eta pisuen nazioarteko batzarrean aurkeztu ahal izateko moduko metodo bat garatzea.
Batzordeak aukeratzen duena aukeratzen duela, gutxi barru kilogramoaren definizio berri bat izango dugu, eta oraingo prototipo argaldua museo bateko pieza oroigarri gisa geldituko da. Ez dakigu definitzen dutenean balantzen erabiltzaile guztiak behartuko ote dituzten haien aparatuak kalibratzera. Segur aski ez; eta, orduan, norberaren erabakia izango da definizio berrira egokitzea esku artean duen balantza, edo prototipo zaharra indarrean zegoenean egindako kalibrazioarekin jarraitzea.