Petrolio-gerra, 90.eko hamarkadarako eredu?

Golkoko gatazka dela eta komunikabideen ugaritasuna dugu elementurik garrantzitsuenetarikoa. Hein berean, elementu honek gatazka armatuen garapenerako aurrikusten den barne-logika berria eta arrazoia ulertzeko galdera anitz plazaratzen du.
Gatazka armatuaren kokagunea.

Informazio-gerra

Golkoko gatazka dela eta komunikabideen ugaritasuna dugu elementurik garrantzitsuenetarikoa. Hein berean, elementu honek gatazka armatuen garapenerako aurrikusten den barne-logika berria eta arrazoia ulertzeko galdera anitz plazaratzen du.

Informaziorako bide eta teknologiaren zabalkunde paregabe hau izan arren, gerraren errealitateaz ezagumendu-maila oso eskasa izan da. Azpimarratzekoa da eskainitako informazioaren asimetria ( eraso basatia/eragiketa kirurjikoa , etab. alde batez ala besteaz mintzatzean) eta milaka irakiar hiritarren sarraskia trebakuntza gimnastikoaren ariketa gisa maskaratu nahia.

Beraz, desinformazioa eta manipulazioa areagotu egin dira, esparru militarrari aplikaturiko telekomunikazioen esperimentazio, garapen eta hedapenaren arloan sekulako aurrerapenak erakutsi diren bitartean. Sektore honetako itxuraldaketaren aurrean geundeke, gerra-frontearen osagai berria izanik. Helburu zehatza bete bait du: herrialde aliatuetako barne-egonkortasunerako hain garrantzitsua den –Vietnam gogoratu– mendebaldeko eritzi publikoa entretenitu eta, bidenabar, neutralizatzea.

Zein testuinguru ekonomikotan kokatzen dugu gerra?

Aztergai dugun gatazka hobeto ulertzeko, ezin dugu ahaztu gerra hau merkatu orokorrerako bidean dagoen munduko bilakaera ekonomikoaren koordenatuetan kokatu dela. Ikuspegi historikotik, garapen kapitalistaren garai honetan kapitalaren internazionalizazio-prozesua (kapital-ziklo osoaren internazionalizazioa, produkzio-sistema barne 1 ) da ezaugarririk aipagarriena.

Garai honek, bada, mundu osorako merkatua eta, beraz, mundu-mailako metaketa bideratzen du. Joera hau ez da erabatekoa; ezta uniformea ere, noski. Izan ere prozesu honetan tirabira protekzionista ugari tartekatzen da oraindik ere, baina egoera honek ezin du egun munduko ekonomian kapital transnazionalek duten hegemonia ezkutuan utzi.

Ekonomi dinamika orokor honen emaitza nagusia, honako hauek ditugu: lehenik, Erdigune eta Periferiako herrialdeen arteko polarizazio hazkorra, aldi berean mundu-mailako aberastasunaren banaketa-desberdintasun handiagoak, egungo ekologi krisiaren jatorri den natur baliabideen kontrolik gabeko esplotazio edo ustiakuntza, kontsumo-arauen homogenotzea, gosea, etab.

Guzti honi ekonomi krisien arazoa gaineratu behar zaio, zeina garapen kapitalistaren egitura-azalpenik garrantzitsuenetakoa bait dugu. Hirurogeigarreneko hamarkada amaitu ondoren garatzen den krisiak bere horretan dirau, une zehatzaren eta herrialdearen arabera bere trinkotasuna aldatzen bada ere. Golkokoa lehertu aurretik adibidez, mendebaldeko herrialde gehienak kojuntura atzerakorrean aurkitzen ziren, beti ere krisialdiaren testuinguruan.

Esate baterako, Estatu Batuetan merkatal eta finantz defizit handiekin batera produzioaren hazkuntza oso apala izan zen 1990. urtearen lehen erdialdean 2 . Tentagarria da oso egoera honen eta Kuwaiti egindako erasoaren aurrean Estatu Batuen erantzun azkarraren arteko lotura taxutzea. Estatubatuar ekonomiak gerra honen bukaeran ezagutu duen berpizkunde kojunturalak hipotesi honen funtsa sendotu egiten du. Munduko gendarme -funtzioak, bada, etekin pottoloak eskuratzeko aukera eskaintzen du. Arlo politikoan ezezik ekonomiko soilean ere bai; etekin hauen finantz kostua oraingo borroka honetan bezala beste estatu batzuei leporatzen bazaie batipat!

Bestalde, beste gertakizun berri batzuek ere gerra aurretiko une ekonomiko-politikoan bete-betean eragin zuten. Batetik, sozialismo errealaren beherakadak munduko sistema kapitalistaren hedapenari ateak zabaldu zizkion eta Bigarren Mundu-Gerraren ondoren munduko ordenua arautzen zuen bloke-politikaren suntsipena ekarri du. Bestetik, sistema kapitalistaren barnean Nazioarteko Ekonomi Ordenuaren berrorientazioa agertzen da. Bertan aipagarri dira lanaren nazioarteko banaketaren joera berriak eta Estatu Batuen, EEE/Alemaniaren eta Japoniaren inguruko hiru eremu geoekonomikoen behin-behineko itxuraketa.

Horregatik, bi Mundu-Gerren testuinguruko egoeran ez bezala, oraingoan gatazka ez da kapitalarteko konkurrentzia gisa azaldu. Hegoaldearekiko hegemonia ezartzen duen ordenu ekonomiko-politikoaren iraunkortasun-adierazpena litzateke ostera. Guztiz adierazkorra da, hain zuzen, Europako herrialdeek eta Japoniak EEBBen ekimenarekiko erakutsi duten autonomiarik eza. Dena den, garapen beliko honen soslai ekonomikoa bat dator ezaugarri inperialistako gatazka klasikoekin, non helburu politiko xehez gain lehengaien (petrolioaren) kontrolak ere lehentasuna bait du.

Ekialde Hurbila munduko ekonomian

Eremu honetako egungo gertaerak ulertzeko, ezinbestekoa dugu Ekialde Hurbilak munduko azken urteotako historian izandako rola. Hasteko, mende honen hasieraz gero tirabira eta istilu ugariko eremua izan da, inperio otomanoaren porrotaren ostean mendebaldeko potentziak bertan ezarri eta berauen menpeko banaketa politikoa inposatu ondoren. Halaber, Israelgo Estatua lurralde palestinoan finkatu da, azken hamarkadetan lurralde haietako segurtasun eta egonkortasun ezaren iturri nagusi bihurtu delarik.

Honez gain, ekonomi ikuspegi soiletik eremu hau sistema kapitalistaren periferiako partetzat har daiteke. Bertako ekonomien barne-egituraketa erabat ahula da. Hazkuntza demografikoa handia izanik, baliabide gutxiko herrialdeetan are handiagoa da eta, beraz, barne-inmigrazioaren korronte handiak eta errenta-banaketaren polarizazio nabarmenak aipatu egoeran du jatorria.

Lurralde hauetako herrialdeek lanaren nazioarteko zatiketan duten kokaerari begiratzen bazaio, lehen esportatzaileen ereduan sartu ahal direla azpimarra daiteke. Egoerarik onenean petrolioaren monoprodukzioa egon ohi da eta kanporanzko joera indartsua erakusten dute. Berraipatzekoa da errenta-egituran dauden desberdintasunak herrialdeen artekoak (petroliodun herrialde eta gabekoen artekoak batez ere, ikus 1. irudia.) zein talde sozialen artekoak izatea.

1. irudia.

Esan bezala, lurralde hauetan herrialde arteko diferentziak muturreko errealitate ekonomikoak sortzen ditu eta hau dugu, funtsean, errenta altuko Estatuetarako emigrazio-korrontearen jatorria. Atzerriko eskulanaren presentzia garrantzitsua dela medio, eskulan honek ekonomi zeregin bikaina betetzen du lurralde hauetako eta Asiako beste herrialde batzuetako errenta-iturri gisa (ikus 2. irudia). Errenten arteko barne-diferentzien arloan, gutxiengo batek duen irabazi-maila handiak luxuzko kontsumoa sorterazten du, horrela bertako eskari pribatuak kanpoarekiko menpetasun nabarmena azaltzen duelarik.

2. irudia.

Hala eta guztiz ere, petrolioagatik lortutako errentek nolabaiteko aurrezki eta kapitalizaziorako aukera uzten dute. Barne-aurrezkia, ordea, ez da bideratuko bertako ahalmen produktiboa handiagotzera; mendebalde kapitalistako produkzio- eta finantz sisteman birziklatzera baizik. 3

Laburbilduz, izaera politiko eta kultural xeheko gatazkaz aparte lurralde hauetako egoera sozio-ekonomikoaren osagarri desegonkortzailea ere kontutan hartu behar da, honen ezaugarriak honako hauek izanik: garapen produktiboaren maila apala (industrializazio ahula eta petrolioaren monoprodukzioa) eta giza nahiz nazioarteko desberdintasun nabarmenak.

Petrolioa PLEE (OPEP) eta krisia

Energi oinarria

Bigarren Mundu-Gerraren ondoren, hedapen ekonomikorako oinarri den (eta egun oraindik dirauen) energi eredua gauzatu da. Eredu honen pean, energi baliabide urri eta berriztagaitzen zarrastelkeria da araua eta energi kontsumo altua eskaintzaren monokultiboaz osatzen da.

Eredu honetan, energi iturrien artean erregina petrolioa izan da eta (gerra honen zergatiak adierazten duenez) oraindik ere bada. PLEEaren eskusartzea, eskaintza-kartel gisa, 1973 eta 1979ko petrolioaren prezio-igoeren jatorri izan zen. Igoera hauen ondorioz, energi kontsumo eta produkzioaren dimentsio eta egituran eraldaketa erlatiboa burutu da.

Eskariaren esparruan energi kontsumoa murriztu egin da eta, aldi berean, beste iturri energetiko batzuen erabilpena areagotu; nuklearrarena batez ere. Eskaintzaren aldetik, PLEEko herrialdeetako errekin-produkzioak behera egin du eta beste herrialde batzuetakoak, aldiz, gora, nahiz Hirugarren Munduan (Mexiko, Brasil, India, etab.en) nahiz mendebaldean (Britainia Haundia, Norvegia, Sobietar Batasuna, Estatu Batuak 4 , etab.en).

3. irudia.

Energi egitura laurogeigarreneko hamarkadan

Energi kontsumoaren egiturari dagokionean, errekinaren presioarekiko kontrako korrelazioa du, nahiz eta honen eskari-elastikotasuna apala den. Horregatik uler daiteke prezioak bikoiztu eta gero herrialde kapitalistek petrolioarekiko menpekotasuna erlatiboki murriztea.

Bestalde, 4. irudiak isladatzen duenez, errekinaren kontsumoaren nazioarteko egiturak gerra aurreko garaian Mendebaldearen Hegoaldearekiko nagusitasun osoa erakusten du. Azpimarratzekoa da 1989an EEBBek, bakarka, munduko petrolioaren kontsumo osoaren % 20 izatea. Per capita kontsumoa erreferentziatzat hartuz, EEBBetako gizaki batek Japonia edo EEEkoak baino bi aldiz gehiago kontsumitzen du eta Hirugarren Munduko batezbestekoak baino zortzi bider gehiago.

4. irudia.

Eskariaren aldetiko egoera honen aurrean, produkzioan energi iturri berri hauek eragina dute, sektore nuklearra gogor agertzen delarik. PLEEtik kanpoko petroliodun beste herrialde batzuen eskaintza igo egin da, 1989an munduko petrolio-produkzio guztiaren % 63,5era helduz eta PLEEko herrialdeen produkzioa % 36,5 izatera jaitsiz (1973an % 50).

PLEEko herrialdeen eskaintzaren indargaltze erlatiboa ez dator bat epe luzerako PLEEaren beste errealitate sendoago batekin, hots, munduan ezagutzen diren petrolio-erreserben % 76 bertan egotearekin. (5. irudia). Irudi berean azaltzen denez, Ekialde Hurbileko lurraldeetan munduko erreserba guztien % 65 dago eta, Estatu Batuen partaidetza ozta-ozta % 3koa da.

5. irudia.

Petrolioa eta gerra

Azken zenbaki horiek kontutan hartzen baditugu eta petrolio-erreserbek (egungo produkzio-erritmoa mantenduz) 45 urteko epe-muga izanik, eremu honetako mapa geoestrategikoaren edonolako aldakuntzan Mendebaldeko interesentzat duen garrantzia begibistan dago. Hauxe da, hain zuzen, aztergai dugun gerraren lehen arrazoia eta, aldi berean, azalekoena.

Bestalde, Golkoko gatazkarekin jokabide espekulatzaileak areagotu egin dira. Eskaintza-arazorik ez egon arren 5 , petrolio-prezioaren igoerak izugarriak izan dira Golkoko tirabirek iraun duten artean. 1990.eko uztailaren azken eguneko batazbesteko prezioa upelako, adibidez, hogei dolarrekoa bazen, abuztuaren hiruan 29koa zen eta urriaren hasieran 41-42 dolarretan goia jo zuen prezioak. Hortik aurrera beherako joera nagusitu da petrolioaren prezioan, gorabeherak direla medio, artikulu hau idatzi denean berriro ere hogei dolar inguruan finkatu delarik.

Uztailaren amaierako eta egungo prezioak berdintsuak dira. Petrolioaren eskaintza mantendu edo igo egin da bitartean. Zer gertatu da, bada, zortzi hilabeteotan prezioa horrenbeste igo dadin?. Erantzun posible bakarra hau da: espekulazioak berea egin duela behin eta berriro. Horretan petrolioaren merkatuak duen egituraketa oligopolistak erabateko eragina du. Nahiz eta datuak eskuragarri ez dauden, serugutzat jo daiteke petrolioaren banaketa-sistemaren gaineko kontrola duten elkarte transnazionalen eskusartzea aipatu jokabidearen arrazoi nagusi dela.

Aipamen berezia merezi du, PLEEko barne-iskanbilen zergatia aztertzeak. Labur esan, erakunde honetan bi interes kontrajarri egon ohi dira. Batetik, erreserba ugariko herrialdeak daude, zeintzuek PLEEk ezarritako kuota-sistema oso estutzat jotzen bait dute. Hauek bat datoz Mendebaldeak petrolio-prezioen maila apala mantentzeko estrategiarekin eta hori esparru politikoan ere isladatzen da. Bestetik, erreserba gutxien dutenen ahaleginek prezioa igotzera bultzatu ohi dute. Finean, Golkoko gerrak PLEE barneko indar-korrelazioa aldatu egin du, lehen motako herrialdeen alde (Saudi Arabia, Kuwait, Emirerriak, eta abarren alde).

Eta orain zer?

Aliatuen

garaipen argiaren ondoren indarraren logika nagusitu da. Munduko ordenuaren legitimitatea azken finean indarkerian datzala frogatu da berriro ere. Mendebaldearen nagusitasuna agertu nahi izan dute eta halaxe egin ere.

Petronor birfindegia.

Ipar eta Hegoaren arteko urruntasuna areagotzeko baldintza berriak daude. Dirudienez EEBBak gendarme izan daitezen adostasun handia dago Mendebaldean, interes kontrajarririk baldin badago Mendebalde eta munduko pobreen artekoa dela azpimarratuz. Bigarren mailan geratzen da Iparraldeko herrialdeen arteko konkurrentzia.

Ekialde Hurbileko egungo egoerak isladatzen du gerra honen giza kostuaren tamaina. Kurdistan eta Palestinako herriak zapuztuta, eragin ekologiko paregabea, autoritarismo politikoaren indartzea, desegituraketa ekonomiko eta finantzarioak, erbesteratzea, gosea... Gerra dela eta lurralde hauetan barne-aldaketa ugari izango den bitartean, kanpora begira duen menpetasuna areagotu baino ez da egingo; autonomia handiagoaren aldeko indarrak ezerezean geratu bait dira.

Horretaz gain, Hirugarren Munduko beste herrialdeentzat eredu izan da gerra hau. Artikulu honetan aztertzen den bezala, herrialde batzuk dagoeneko gerraren ondorio ekonomikoak pairatzen ari direla ikus daiteke eta hori gogorra bada ere, estatu hauetako arazo larrien arrazoizko irtenbideei ateak itxi egiten zaizkiela ikustea are kezkagarriagoa da.

Gainera energi sektorean ere irtenbide gogorraren aldeko apostuak irabazi duela dirudi. Petrolioa eta indar nuklearra indartu egin dira energi iturri gisa, eskema zaharberritu edo hibrido hau errotik ustelduta dagoela onartu ezean. Ez da, beraz, harrigarria izango, ereduak bere horretan jarraitzekotan, etorkizunean berriro energi iturrien kontrolerako gatazkak (agian leunagoak) sortzea.


  1. Produkzio-sistemaren internazionalizazioa nazioarteko enpresak finkatu eta garatzearekin batera gertatu da.
  2. Zehatz esanda, garai horretan produkzioaren hazkuntza puntu erdiaz azpikoa izan zen.
  3. Adibiderik ezagunena eta argiena KIO kuwaitar taldea da, zeinak mendebaldeko sektore desberdinetako enpresa askotan partaidetza garrantzitsuak bait ditu.
  4. Estatu Batuen jokabidea, petrolioaren presioaren araberakoa dela aipatu behar da. Errekina zenbat eta garestiagoa, hainbat eta gehiago erabili ohi du bere erreserbetatik, prezioa jaisten denean kanpoko produkziora jotzen duelarik.
  5. Irak eta Kuwaiten kuoten eskaintza PLEEko beste herrialde batzuek bete dute ia krisiaren hasieraz gero eta, gainera, mendebaldeko lurraldeek petrolio-stock handiak metatuak zituzten ordurako.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila