Pelikula

Nogeras, Itziar

Elhuyar Fundazioa

Pelikulari ireki diogu atea gaurkoan. Zuri-beltzeko pelikulan oinarritutako azalpenak direla esan behar da hasi aurretik. Horiek oinarritzat hartuz, koloretakoaren berezitasunak ulertzea errazago izango zaigu, zalantzarik gabe.

Irudian ikus daitekeenez, 6x6 cm-ko formatua 35 mm-koa (24x36 cm-koa) baino lau aldiz handiagoa da. Beraz, tamaina bereko kopiak eginez, lehenak bizkor txikiagoa izango du.

Argazki-kameraz aritu ginenean, formatu desberdineko kamerak zeudela ikusi genuen. Era berean, pelikulak ere kamera-mota bakoitzari egokitzen zaizkion formatu desberdinekoak dira. Gainera, euskarri desberdinak izan ditzake pelikulak: orria, erroilua, txasisa zein kartutxoa izan ditzazke.

Argazkilaritzan gehien erabili izan den pelikula-mota formatu ertaineko 6 cm-ko zabalerako erroiluan bildutako pelikula da. Gaur egun, optikan eta emultsioetan egindako aurrerapenek formatu txikiak (35 mm-koa edo txikiagoak) hedatu dituzte eta formatu ertainak (6 cm-ko zabalerakoak edo handiagoak) profesionalen alorrera mugatu dituzte.

Reflex zein bisore zuzeneko kamera gehienek txasisean bildutako 35 mm-ko pelikula darabilte.

Pelikula horrek irudi bakoitzarentzat duen eremuaren neurria 24x36 mm-koa da, pelikulari izena ematen dioten 35 mm-ak diagonalak hartzen dituelarik. Arruntena argazki- edo esposizio-kopuru jakinerako jadanik txasisean prestaturik datozen karreteak erostea bada ere, norberak nahi adina argazkitarako prestatzeko 15 m-ko edo gehiagoko pelikula dakarten potoak erostea ere badago.

Formatuaren ondoren, sentikortasuna edo “azkartasuna” da pelikula aukeratzeko garaian kontuan izan beharreko hurrengo puntua. Sentikortasunak, pelikulak argitan erreakzionatzeko duen azkartasuna adierazten du. Berau, ISO (International Standardization Organization) /ASA (American Standards Association) edo DIN (Deutsche Industrie Norm) graduetan adierazten da.

Argazkia 50 ASAko pelikulaz egina dago. Horretan bikorra ez da ikusten eta ondorioz nahikoa ondo azaldu dira xehetasunak.

ASA, ISOk ordezkatu du, biek zenbaki-sistema bera darabiltelarik. Europan, DIN eskala erabiltzen da batez ere, baina pelikula gehienek biak dakartzate. ISO zenbakiahandiagotzen den neurrian, azkartasuna ere handiagotu egiten da. 400 ISOko pelikulak, esate baterako, 200 ISOkoak baino bi aldiz sentikortasun handiagoa dauka; sentikortasuna bikoiztuz gero, azkartasuna ere bikoiztu egiten da, hortaz.

Pelikula zenbat eta azkarragoa izan, hainbat eta esposizio txikiagoa beharko du eta irudiak bikor handiago edo lodiagoak izango ditu. Horren zergatia honakoa da: sentikortasuna handiagotzeko, zilar-bikor handiagoz egiten da emultsioa eta horiek anpliazioetan ikusi egiten dira.

Sentikortasuna aukeratzeko, argiztapen-baldintzak eta argazkia atera beharreko gaiak zeintzuk diren eduki behar da kontuan.

400 ASAko pelikulaz egina egonik, bikorra askoz nabarmenagoa da eta xehetasunak ez dira nabaritzen. Bikorrak xehetasuna nabaritzea oztopatzen badu ere, zenbait gaitarako egokia izan daitekee itxura emanten dio argazkiari.

Sentikortasunaren arabera, lau multzotan banatzen dira pelikulak:

Pelikula motelak: 64 ISOtik beherakoak

Horien sentikortasun txikia bi faktorek mugatzen dute: batetik, oso haluro-bikor txikiz osatuta egoteak mugatzen du eta, bestetik, emultsio-geruza mehea edukitzeak.

Pelikula honen bikorra oso txikia edo fina denez, xehetasun handiko irudiak lortzen dira. Kalitatezko eta bikorrik gabeko anpliazio handiak lortu nahi direnean erabiltzeko da egokia. Bere moteltasuna dela bide, esposizioa zuzen lortzeko, pelikula-mota honek besteek baino argi gehiago behar duela ez dugu ahaztu behar. Eta arrazoi beragatik, esposizio eta irekidura handiak behar izaten dira, eremu-sakonera murritza izaten delarik eta higitzen ari diren elementuak zirriborrotsu azaltzen direlarik.

Pelikula ertainak: 65 eta 160 ISO bitartekoak

Irudiaren positiboa, hau da, errealitatekoekin bat datozen tonuez osatutako irudia, pelikularen osagai beretsuak dituen argazki-paperean eginiko positibatze-prozesuaz lortzen da.

Hauek ere bikor txikia daukate oraindik. Motelek baino kontraste txikiagoa dute eta latitude handikoak dira. Egoera arrunt gehientxoenetan erabil daitezke. Kanpoaldean eta ondo argiztatutako barnealdeetan lan egiteko egokiak dira. Kanpoaldean erabiltzen direnean, argi indartsua egonik, irekiduren eta abiaduren arteko konbinazio ugari egiteko aukera eskaintzen dute (bestela, esposizio luze eta irekidura handietara jo behar da, noski). 35 mm-ko negatiboetatik 18x24 cm-rainoko anpliazioak egin daitezke ia xehetasunik galdu gabe.

Pelikula azkarrak: 160 eta 800 ISO bitartekoak

Bikorra ikuskorragoa dute (batez ere, 35 mm-ko negatiboetatik 18x24 cm-ko anpliazioak baino handiagoak egiten direnean). Edozein egoeratan (argi handiegia dagoenean edo ia erabateko iluntasunean izan ezik) lan egiteko aukera ematen dute. Aurrekoek baino kontraste txikiagoa dute. Anpliazio handiak eta xehetasun handikoak behar ez direnerako eta argi-maila eskasak edo ezezagunak direnerako dira egokiak. Material hau, higidura geratzeko obturatze-abiadura handiak behar direnean erabili ohi da.

Zuri-beltzeko pelikula gehienek irudi negatiboa ematen dute, bertan tonuak errealitatekoekiko alderantzikaturik daudelarik. Negatibo beretik nahi adina kopia egin daitezke.

Eremu-sakonera handia nahi denean ere, hauek diafragma txikiz lan egiteko aukera ematen dute

kontrakoa gerta daiteke; izan ere, argi indartsuz irekidura txikiak erabili beharko baitira, eta horrek eremu-sakonera kontrolatzea eragozten du

Pelikula ultrazkarrak 800 ISOtik gorakoak

Bikor lodia dute (emultsio lodia eta haluro ugari baitute) eta definizio txikikoak dira. Oso argi eskasa dagoenean (barnealde ilunetan, gauez, etab.etan) edo obturatze-abiadura handiak erabili nahi direnerako aproposak dira.

Norberak ikusi behar du zein egoeratan lan egin behar duen eta nolako emaitzak lortu nahi dituen. Dena dela, hoberena marka eta sentikortasun bera (125 edo 400 ISO ingurukoak adib.) erabiltzen ohitzea da eta emaitza bereziren bat lortu nahi denean baino ez aldatzea; pelikulari etekin handiena lortzeko era baita hori (hori ez da hasieratik lortzen; erabiltzearen poderioz baizik).

Esposizioa (pelikulara iristen den argi-kantitatea), irekidura eta abiaduraren bidez kontrolatzen da. Esposizio egokia lortzeko, pelikulak argiarekiko duen sentikortasuna eta subjektuaren argitasuna ezagutu behar dira. Lehenaz lerro hauetan hitz egin dugu eta bigarrenaz hurrengo atalean arituko gara.

Zuri-beltzeko pelikulak

Zuri-beltzeko pelikula, argiarekiko sentikor diren zilar-haluroz (bromuro, ioduro edo kluoruroz) osatuta dago. Zilar-haluroek, gelatinan esekita emultsioa eratzen dute. Emultsioa, zelulosazko triazetatozko oinarrian jartzen da, oinarriari beste aldean haloaren kontrako geruza jartzen zaiolarik. Horixe da pelikularen egitura.

Zilar haluro horiek, argiaren eraginez deskonposatu egiten dira eta zilar metaliko beltzezko bikortxoak eratzen hasten dira. Argiak ez du prozesua burutzeko adinako ahalmenik eta irudia jaso den arren ez da ikuskorra. Irudia ikuskor egitea edo, beste era batera esanda, zilar beltza erabat eratzea, errebelatuaren bitartez lortzen da. Pelikula errebelatzean intentsitate desberdinez belzten da, subjektutik iritsi zaion argiaren arabera, hain zuzen. Horrela, tonu-sorta eratzen da. Zilarra beltza denez, irudiaren negatiboa lortzen da. Positiboa, pelikularenaren antzeko emultsioz osatuta dagoen paperean egiten da.


Aholkuak

Pelikulak ongi kontserbatu behar dira erabili aurretik eta ondoren. Horretarako:

  • Pelikula urrun mantenduko dugu argi indartsu, gas eta X izpietatik. Sentikortasun handiko pelikulak kontu bereziz erabili eta aireportuko X izpietako aparatutik ez pasatu.
  • Tenperatura altuak eta hezetasuna saihestu egin behar dira; gelatina usteldu egiten baitute.
  • Pelikulak erabili aurretik, hozkailuan gorde.
  • Prozesatutako pelikulak gutunazal, album edota kristala duten markotxoetan gordetzen dira.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila