Oreina: estimazio handiko animalia

Zoologoek, animalien banaketa geografikoa kontuan hartuz, mundua hainbat zona zoogeografikotan banatu dute. Zona hauen mugak akzidente geografikoak dira, fluxu genikoa zenbait kasutan mugatuta gelditzen delarik. Horren arabera, orein arrunta ere, muga batzuen esparruan bizi da era naturalean, Eurosiberiar kontinentean eta Afrikako Iparraldean hain zuzen.

Animalien banaketa geografikoaren irizpidean oinarrituz, zoologoek mundua bost eskualde zoogeografikotan banatzen dute. Eskualde hauen eremu eta mugak finkatzeko garaian, ez dira nazioen delimitazioak kontuan hartzen, akzidente geografiko nagusienek (basamortu, ozeano, mendikateak) bereizten dituztenak baizik. Zenbait kasutan, eten genetikoen eragile bilakatzen dira muga natural hauek.

Beraz, lehen aipatu bezala, mundua bost eskualde zoogeografikotan banatuta ageri da: eskualde holartikoa, ekialdeko eskualdea, eskualde neotropikala, etiopiar eskualdea eta australiar eskualdea.

Denetan handiena eskualde holartikoa da. Europa osoa, Ipar Amerika, Afrikako iparraldea eta Asiako zati handi bat hartzen ditu eskualde honek. Etiopiar eskualdean, Saharatik hegoaldera dagoen Afrikako zatia sartuko litzateke. Australiar eskualdean, Australia bera eta inguruko irlak kokatzen dira. Eskualde neotropikala, berriz, Erdialdeko Amerikatik hasi eta Hego Amerikara zabalduko litzateke. Eta azkenik, Himalaiaren hegoaldean dauden lurraldeek osatuko lukete ekialdeko eskualdea.

Artikulu honetako protagonista eskualde holartikoan bizi da. Eskualde handi hau bi azpi eskualdetan bana daiteke: azpieskualde paleartikoa eta neartikoa. Paleartikoaren barnean Europa, Asiako zati handi bat eta Afrikako iparraldea sartzen dira. Azpieskualde neartikoan, aldiz, Ipar Amerika soilik.

Zona paleartikoan eta neartikoan, iparraldetik hegoaldera zenbait bioma bereizten dira. Paleartikoan zein neartikoan tundra ageri zaigu ipar-iparrean. Paleartikoan bertan, baina hegoalderago, taiga (koniferoen basoa); hegoalderago oraindik hostogalkorren basoa. Ondorengo zonaldea, bi zatitan banatzen da: batetik, zonalde zirkunmediterraneoan sasitza eta baso mediterraneoa hedatzen da eta hegoaldera basamortua; eta bestetik, Asiako eta Europako Errusiako zati batean estepa da nagusi. Eta estepatik hegoaldera, progresiboki, desertua agertzen da.

Eskualde neartikoan Ipar Ameriketako mendikatea nagusienak kostarekiko paralelo lerrokaturik ageri dira. Horren ondorioz, koniferoen basoak hegoalderantz hedatzen dira. Hostogalkorren basoak kontinentearen ekialdean dute kokalekua. Bien artean, Amerikako zelaia tartekatzen da. Eta hegoaldera, basamortua.

Oreina ( Cervus elaphus )

Oreina zona paleartikoan bizi da. Biziraupenerako bioma bat baino gehiago ditu gustuko: baso mediterraneoa, hostogalkorren basoa, koniferoen basoa, goi-mendietako hainbat ingurune,…

Bioma bat baino gehiagotan bizitzeko gaitasunak tamainan "gradientea" izatera bultzatzen du. Ale handienak iparraldean ikus daitezke, txikiagoak hegoaldera mugatuz. Hala, Siberiakoak 350 kg-koak dira, eta ale txikienak, 100 kg ingurukoak, Berberian bizi dira. Honekin lotuta, espezie honek hainbat subespezie ditu. Euskal Herrian ohizkoena, Cervus elaphus bolibari da. Oreinaren bizigunea apur bat zehaztu ondoren, etologiari buruzko aipamenak egitea komenigarria litzateke.

Taldean bizi den animalia hau, bi eratara biltzen da bere taldekideengana. Batetik, emeen taldeak daude. Talde hauetan amek bere kumeak zaintzen dituzte. Bestetik, arren taldeak osatzen dira. Emeen taldeak familia bat baino gehiagoz osaturik daude. Eta familia bakoitza, ama eta bi edo hiru kumez. Arazorik gabeko aldietan familia bakoitza bere kasa ibiltzen da. Egoera zakartzen den neurrian, taldeak ere bilduz doaz elkarren babesa bilatzeko asmoz. Talde hauetan hierarkia nabarmen markatzen da, eme heldu bat guztien gainetik jartzen delarik.

Uda partean oreinak, ar eta emeak, altitude handietara igotzen dira, neguan alderantzizko bidea egiteko. Uda-bukaera aldera araldia iristen zaie. Garai honi "orro- edo marru-garaia" izena ere ematen zaio. Arrak emeen eremuetan sartzen dira beraiengana arrimatuz. Ar nagusia ahal duen eme-kopuru handiena bereganatzen saiatuko da. Ar honek orro izugarriak jaurtiko ditu, bere eremuko mugak finkatu nahian, eta hango nagusia dela adieraziz. Ar gazteak inguruan ibiliko dira, ar nagusia menperatu eta kanporatu nahian. Honen ondorioz, borroka izugarriak pizten dira lurraldea defendatu nahi duen eta konkistatzera datorrenaren artean (borroka hauek indartsuena nor den adierazteko balio dute, ez da inoiz odolik isuriko).

Araldia hilabete batekoa izan arren, ar nagusiak ez du astebete baino gehiago iraungo lurraldeko nagusi bezala. Lurraldea defendatzeak izugarrizko energi gastua eragiten dio ar nagusiari, eta egun gutxi barru beste ar batek kanporatuko du lurralde hartatik.
Kumeak handik zortzi hilabetera jaioko dira, eta amaren babesean haziko dira lehen urtean. Araldia bukatzearekin batera, arrek eta emeek lehengo joera berdina hartuko dute, talde bakoitza bereiztuz eta bere aldetik joanez.

Orein arrei neguan adar zahar handiak erori egiten zaizkie, eta berriak ateratzen hasi. Adarrek hezurren konstituzio berdina dute, hein handi batean fosforoz eta kaltzioz osaturik baitaude. Horren ondorioz, gai horiek aportatzen dituzten janariak jan behar dituzte oreinek. Emeak arrak bezala elikatzen dira, eta horrek, kumea amaren sabelean sano hazten laguntzen du.

Adarkaduraren berritze-prozesuan ezinbesteko garrantzia du testosterona izeneko hormona sexualak. Baldin eta orein ar bat irenduko bagenu, ar horrek ez luke adarrik berrituko. Bestalde hormona hau injektatuz gero, berriro adarrak berritzeko gai litzateke.
Adarkadurak, funtzio nabarmena betetzen du oreinen artean. Animaliaren kategoria agertzen du (emeen aurrean zein beste arren aurrean), nolako indarra duen garbi azalduz. Baina beste funtzio bat ere badu; harraparietatik babesteko defentsa-arma eraginkorra bilakatzen da.

Oreina belarjalea da eta bere mutur luzeaz baliatzen da zuhaitzetako hostoetara iristeko.
Ezagutzen ditugun datuen arabera (fosilak), duela bi milioi urte inguru azaldu zen lurraren gainean ungulatu hau. Goi plesitozenoaz (120.000 urte K.a.) geroztik ehizatzen du gizakiak. Gaur egun ere animalia preziatua da. Dena dela garai bateko eta gaur egungo ehizaren funtzioek ez dute zerikusirik. Antzina elikatzeko iturri garrantzitsua zen, eta gizakiaren dietan osagai nagusienetakoa zen. Gaur egun, ordea, trofeo gisa ehizatzen da (adarkaduraren neurria horman zintzilikatzeko). Ehiza-munduan diru asko ordaintzen da orein-adarkadura batengatik. Elikatzeko, aldiz, bere funtzioa erabat galdu du.

Animalia honek ez du nekazaria oso lagun, bere hazienda eta lurretan sartzen baita kalteak eraginez. Hala ere, animalia hau behar-beharrezkoa da gure mendietan bere funtzio ekologikoagatik. Honetarako, nekazaritza-guneetan sortzen dituzten kalteak kontrolatzeko gestio egokiak bultzatu behar dira, eta kontrolik gabeko ehiza eragotzi.
Oreinen populazioa kontrolatzeko irtenbide bat harrapari naturalak hedatzea/ugaritzea izan daiteke, adibidez, otsoa. Eta bestetik, Administrazioak baserritarrei laguntza ematea.
Ea posible den, gure mendietan animalia hau bere basatasunean berriro ere ikustea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila