Oihartzunaren erabilpen bat

Aurreko lantxoan oihartzuna zer den azaldu genuen eta oraingoan, bere aplikazio baten berri emango dugu. Fenomenoa betidanik ezagutu izan bada ere, urteetan ez du inongo erabilpenik izan. Mende honen hasieran "Titanic" izeneko untzi ikaragarria hondoratu zen eta berarekin batera ia bidaiari gehienak. Ezbehar honen zergatia iceberg baten aurka egindako talka izan zen.

Itsas-hondoan isladatutako hotsaren bitartez sakontasuna neurtzeko eskema ikus daiteke irudian.

Honelakorik berriro gerta ez zedin, eta gauez nahiz egun lainotsuetan izotzezko oztopoak atzemateko, oihartzuna erabiltzea otu zitzaien. Bururatu zitzaien aplikazioarekin ez zen nahi zena lortu, baina bere bidez beste ideia bat garatu zen: itsas-hondoan isladatutako hotsaren bitartez sakontasuna neurtzea, hain zuzen.

Irudian ideia horren eskema ikus daiteke. Urpean dagoen untziaren zati batean hots uhinen foko bat dago. Fokotik irteten diren hots-uhinak uretan zehar behera doaz hondoa jo arte, hemen isladatuak izan ondoren gora joango dira nolabaiteko oihartzuna sortaraziz. Oihartzun hau untziaren behealdean dagoen aparatu berezi batek bereganatzen du eta ordulari-sistema batek hots-uhina emititu eta oihartzuna jaso bitarteko epea zehatz-mehatz neurtzen du. Uretan hotsaren abiadura ezagutuz gero untziaren eta itsas-hondoaren arteko distantzia, hau da, itsasoaren sakonera kalkulatzea oso erraza da.

Oihartzun-zunda edo sonarra, honela deritzaio esandako sistema eta aparatuari, itsasoen sakonerak neurtzeko arloan benetako iraultza izan zen. Sonarraren aurretikako sistemak erabiltzeko, untziak geldirik egon behar zuen eta denbora luzean egon ere: zunda-soka gurpil batean bilduta egoten zen eta pixkanaka-pixkanaka askatu egiten zen, ehun eta berrogeita hamar metro minutuko edo, gero berriro era berean biltzeko. Beraz, hiru kilometroko sakonera neurtzeko berrogeita bost minutu behar ziren.

Sonarrarekin, nahiz untzia martxan izan, neurketa hau segundo gutxitan egin daiteke eta lortzen den emaitza askoz zehatzagoa eta seguruagoa da. Zundaketa-sistema horren errakuntza ez da metro-laurdena baino handiagoa izaten, denbora-tartea segundo bat baino hiru mila aldiz txikiagoa den zehaztasunarekin neurtzen delako.

Sakonera handiak zehazki neurtzea oso garrantzitsua da zientzia ozeanografikoan eta sakonera txikiak azkar, zehatz eta seguru neurtzea guztiz lagungarria da nabigazioarentzat. Sonarrari esker, besteak beste, untziak arin eta arriskurik gabe hurbil daitezke kostara.

Estreineko oihartzun-zunda Langevin fisikari frantsesak asmatu zuen Lehen Mundu Gerran urpekuntzi alemanak atzemateko.

Gaur egungo sonarrek ez dute ohizko soinua erabiltzen "ultrasoinuak" baizik. Hauen maiztasuna segundoko milioika oszilaziokoa izanik giza-belarriak ez ditu entzuten.

Hots-ispiluak

Oihartzuna, hotsaren isladaren emaitza baino ez da eta islada hauen bitartez, beste ariketa bitxi bat ere egin dezakegu.

Murru handi bat, eraikuntza bat edo hotsa islada dezakeen edozein oztopo ispilu baten antzera har dezakegu, hauetan hotsak argia ispilu laun batean isladatzen den bezala jokatzen du.

Hots-ispiluak laun nahiz esferikoak izan daitezke. Esferiko ahurrek hots-izpiak bere fokoan biltzen dituzte.

Aipatutako ariketa bi plater sakon eta eskumuturreko ordularia erabiliz egingo dugu. Jar dezagun mahai baten gainean plater horietako bat eta beraren gainean, hondotik zenbait zentimetrotara, eskumuturreko ordulari bat eskuarekin heldu. Irudian azaltzen den bezala hurbildu beste platera belarrira. Ordulariak, belarriak eta platerek behar duten posizioa lortuko bagenu (saiakera batzuk egin ondoren) ordulariaren taupadak entzungo genituzke. Begiak isten baditugu berriz, ez gara gai izango ordularia esku ezkerrean ala eskuinean daukagun esateko.

Erdi Aroko gaztelu-egileek hots-bitxikeri hauek ondo ezagutzen zituzten, bai beren eraikuntzetan erabili ere; horretarako, ondo disimulatutako hots-ispilu ahurren fokoetan armadurak eta irudiak ipintzen zituzten bisitariak izutzeko.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.