Oihan tropikala; galtzear dagoen paradisua?

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Liburu bat irakurri, automobil bat gidatu, kafe bat edan, perfume bat usaitu, txokolatea jan edo pilula bat irensten dugun bakoitzean iturburua euri-oihan tropikalean duen zerbait erabiltzen ari gara. Kristobal Colomb-ek Ameriketara iritsitakoan esandakoa ekar dezakezu hona: "Zuhaitz eder eta berdeak, guk ezagutzen ditugunetatik desberdinak, bakoitzak bere lore eta fruitu bereziak dituztenak, eztiki kantatzen duen hamaika hegazti eta txoriño..."

Amazonas aldeko euri-oihana.

Colombek oihan tropikala aurkitu zuenez gero, mendebaldarrok euri-oihanaz liluratzeko joera izan dugu beti. Berari darion bizi-oparotasunak txunditu egin bagaitu ere, "organismo" bizidun guztien artean, ahulena eta erasogarriena bera denaz ez gara ohartu.

Euri-oihanetan handiena eta ezagunena, Amazonas ibaiak magalean hartzen duena da. Lurreko ur gezaren bosten bat ibai honetan zehar isurtzen da egunero. Bere indarra ikaragarria da, ze Atlantikoan barrena 100 itsasmiliara azaletik urontzi bat betez gero, edan bait daiteke. Horren sakona denez, itsasoan dabiltzan untziak ibaian gora 1500 Km joan daitezke batere arazorik gabe. Ehundaka kilometrotan zehar, Mantxako Kanala baino zabalagoa den ibai hau 10.000 ibaiadarrez hornitzen da.

Munduko euri-oihanaren hiru bosten, Hego- eta Ertamerikan kontzentratzen dira. Gainontzekoa, Afrikako Mendebaldean, Asiako Hegoekialdean eta Ozeano Bareko irletan barreiatua dago. Azken lurralde hauetako erreserbarik nagusienak, Zaire eta Indonesian daude. Euri-oihanak, guztira hartuta, Estatu Batuen tamainarekin gonbara daiteken azal-puska estaltzen du.

Garai geologikoetan, duela 15 milioi urte arte, euri-oihana askoz ere zabalduagoa zegoen. Saurio handien garaian, ia lur osoa oihan tropikaltzat jo zitekeen.

Euri-oihana, bere azaleko oparotasunak besterik pentsa erazten badigu ere, oinarri ez-egonkorretan eraikita dago.

Bere historia luzean zehar, euri-oihana gai izan da aberastasun eta joritasun ikaragarria garatzeko. Nahikoa denbora eta espazioa izan du. Hauek, klima zehatz-mehatz egonkor mantendu dute hilabetez-hilabete, urtez-urte, mendez-mende, aroz-aro eta bertan bizi diren espeziei eboluzionatzeko beharrezko jarraipena eman die. Gainera, duela gutxi desagertu den glaziazioaren amaierak, osasuna eta biziaren oparotasuna handiagotu egin du.

Izotzak urtu eta isurtzearekin oihanak itxuraz aldatu ziren. Garai batean, oihan jarrai itzela zegoen. Beste batean, munduko zuhaitzak orban isolatutan metatzen ziren. Honek, banandutako eboluziorako baldintza egokiak sortu ditu. Uzkurtze-alditan, oihan-orban bakoitzean biziak banandua eboluzionatzen zuen, eta bizidun berezi eta propioak sortzen zituen. Oihanek berriro bat egiten zutenean, espezieok hedatu egiten ziren besteekin lehian. Eguzki eta elikagaien bila egindako lehia honek, areagotu egin zuen aldaketa-prozesua. Eta oihana berriro murriztu zenean, berriro isolatuki eboluzionatzera bortxatua izan zen.

Izotz-aroetan, lan hau modu desberdinez egin zen munduko eskualde diferenteetan. Afrika eta Amerikan, badirudi izotzen aurrerabideak oihana babesleku epel eta hezetara mugatu zituela. Izotzek atzera egitean, ohianak babesleku horiek zubi moduan erabili zituen oparotasunean berriro zabaltzeko. Ekialde Barean ordea, izotzak kontrako efektua izan zuen.

Izotzak handitzean, itsas uren maila ikaragarri jaitsi zen; 1800en bat metro. Honela irla eta kontinenteen arteko itsas hondoa agerian gelditu zen. Zuhaitz, landare eta euri-ohianaren beste espezieak "itsas hondoan" barreiatu ziren, komunitate isolatuak harremanetan jarriz. Epela itzuli zenean, itsasoak bere lekua estali zuen, ugarteak berriro sortuz.

Bi tokietan hala ere, prozesua berdintsua izan zen: murriztu eta hedatu.

Prozesu jarrai honen ondorioz, oihan tropikala jori baino joriago da. Euri-oihanean munduko espezie bizidunen erdia bizi da.

Madagaskar ugartean, Iparramerikan baino bost aldiz zuhaitz-mota gehiago dago. Ecuador-en, Europa osoan baino landare-espezie gehiago dago. Eta Filipinasetako sumendi batean, Makiling mendian hain zuzen, Estatu Batuetan baino landare zurtsu desberdin gehiago dago.

Euri-oihanaren 10 Km 2 -ko puska batean, 1500 lore-espezie, 750 zuhaitz-espezie, 400 hegazti-espezie, 150 tximeleta-mota, 100 narrasti-klase eta 60 anfibio-espezie daude. Intsektu-kopurua itzela izanik, inork ez du lortu kontatzerik. Estatu Batuetako Zientzi Akademiaren ustetan, 42000 intsektu diferente egon litezke 10.000 m 2 -ko.

Yucatan aldea.

Hala ere, oparotasun ikaragarriko eraikuntza biologiko hau, oinarri ez-egonkorretan altxatua dago. Jeneralean euri-oihanen zoruak oso txiroak izan ohi dira, area oparoak baldin badaude ere.

Beraz, nola da posible naturak horrelako gaztelutzarra hareaz eraikitzea? Konplexutasunagatik eta interdependentziagatik da erantzuna. Ez da ezer ere galtzen eta guztia birziklatzen da.

Jendartean oihanaz oso eritzi okerra zabaldua dago, zerbait itxi ilun, sarbiderik eskaintzen ez duen eta oztopoz betea dagoen zerbait bezala ikusten da. Gainera, zuhaitz eta zuhaixka guztien atzean bada basapiztiren bat zelatan ibiltari despistatuaren gainera jauzi egiteko prest. Filmeek eta oihanean inoiz ibili ez diren zenbait idazle buru-berok transmititutako irudia da hori.

Hasiera bateko esploratzaileek ere badute irudi hau sortzearen errua. Hauek oihanaren ertzak besterik ez zituzten ikusi; ibaietan gora eta behera bait zebiltzan. Eta, aitortu beharra dago, ur-ertzetan bada oihan itxi eta trinkoa.

Oihanaren bihotzean, erraz ibil daiteke. Matxeterik ez duzu erabili behar bidea ixten duten liana eta landareak mozteko; berdintasun berde horretan zure bidea markatzeko baizik. Zuhaitz itzelek sortutako arkupetan zabiltza azken finean.

Baretasuna, hegaztien kantu eta tximinoen algara urrutiek soilik apurtzen dute.

Zoluan ibili beharrean zuhaitzen gainean hegan egiten baduzu, mundu desberdina ikusiko duzu. Zorutik 300-400 metro bitartean, oihanaren gailurra dago. Honek bai, honek badu junglaren itxura. Zuhaitzen adarrek dosel irregular eta trinko moduko bat osatzen dute. Batzutan, zuhaitz erraldoi bat doselaren gainetik beste 100 metro altxatzen da.

Kolorez betea dago, loreak nonnahi. Animaliak gainera ugari dira: tximinoak, martsupialak, leopardoaren moduko katu handiak, kolore distiratsuzko igelak, musker berdeak, suge pozointsuak, hegazti koloretsu eta zaratatsuak,...

Hau al da etorkizuna?

Guztia joria da; eguzkiaren argiak, janaz eta energiaz hornitzen duelako. Eraikuntza berde honen behekalderantz abiatzen zarenean, argia moteldu egiten da eta bizitza exuberantea txirotuz hasten. Doselaren azpi-kaldean, mundu iluna zuhaitz erraldoien enborrez dominatua dago. Hala ere behera joanez gero, 150en bat metro beherago, zuhaitz txikien adarrak topatuko dituzu. Argitasun txikiagoa behar duten espezieak bizi dira alderdi honetan. Zuhaitz erraldoiak erori direneko tokiak, trinkoago eta oparoago bilakatzen dira. Landare- eta animali komunitate propioa du zati honek.

Beherago, zoluan, dena hezea eta lurrintsua da. Hona argiaren %2a bakarrik iristen da. Aireari kiratsa dario eta usteltasuna somatzen da edonon. Usteltasun honetan datza euri-oihanak lur antzu irautearen gakoa. Maindire baten moduan, hondakin-geruza mehe batek estaltzen du zorua. Maiz 10 zentimetro ere ez ditu, baina hauek dira eraikuntzaren oinarriak.

Guztiaren trukoa, birziklatze azkarra da. Hosto bat lurrera jausten den bezain laster, sistema lanean hasten da. Onddo, bakterio eta beste mikroorganismoak erasoari ekiten diote, elikagaiak transformatu eta zuhaitzen sustraietara eramanaz. Ez du ezerk ihes egiten. Hondakinen %1a bakarrik eramaten du euriak.

Lianek eta beste landare eskalatzaileek, oihaneko zoru hezea eta eguzkipean dagoen adar-dosela konektatzen dute. Oihanean, dena elkarlotuta dago. Oihaneko bizidun guztien arteko erlazioak, korapilotsuak eta nahasiak dira. Zientzilariek oraindik ere hauen zati txiki bat besterik ez dute argitu.

Puntu bat argia da aitzitik; eten batek hondamena dakarrela alegia. Espezie baten desagertzeak, beste batzurena dakar.

Eta orain hasten da gizasemea, drama honetan jokatzen. Gizonak euri-oihana botatzen duenean, honek denbora luzea behar du bere onera itzultzen. Hazte azkarreko zenbait espezie berehala sortzen da, baina bigarren oihan hori ez da jatorrizkoa bezain joria eta oparoa. Denborarekin bere jatortasunera itzuliko da, bai. Denbora or

d

ea, luzea izango da. Esaterako, Kanputxean Ankor inguruko eskualdea duela 600 urte garbitua izan zen, eta oraindik ez du bere aintzinako aberastasuna berreskuratu!

Gizonaren erasoa gainera, inoiz baino gogorragoa da egun!

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group