Elhuyar Fundazioa
Sail honetako 2. artikuluan esandakoa gogoratuz, “objektiboaren atzaldeko puntu nodaletik plano fokaleraino (pelikularaino, azken batean) dagoen distantziari foku-luzera esaten zaio eta objektiboaren ikus-eremua foku-luzeraren araberakoa da”.
Objektiboa edo lentea aldatzeko aukera izanez gero (SLR kameretan daukagun legez) puntu jakin batetik kamerak jasoko duen eremua eta irudiak argazkian izango duen itxura hautatu ahal izango dugu.
Orain arte ikusitako 35 mm-ko kameretako 50 mm-ko objektibo normal edo estandarraz gain, horrek baino foku-luzera txikiagoko “angeluhandiak” eta foku handiagoko “teleobjektiboak” ere baditugu.
50 mm-ko objektiboak 45°ko angelua hartzen du eta giza begiarenaren antzeko perspektiba dauka. Angeluhandiek normalak baino eremu zabalagoa hartzen dute, baina objektuak txikiago erreproduzitzen dituzte. Teleobjektiboek subjektu nagusiaren tamaina handiagotu bai, baina hartze-angelua estuagoa dute.
Ondoko irudia ikustea besterik ez dago, kamera puntu finko batean jarrita, objektibo-mota bakoitzak bere hartze-angeluaren arabera hartzen duen eszenaren zatia desberdina dela konturatzeko.
Horrez gain, objektiboa aldatzeak (eta subjektuarekiko distantzia ere bai), perspektiba lineala eta sakontasun-sentsazioa aldatzea ere badakar. Foku motzeko objektiboak subjektu nagusitik gertu erabilita, objektibo normalak baino sakonera handiagoa irudikatzen du: hondoko elementuak askoz txikiago erreproduzitzen ditu; lerro eta planoek argi eta garbi konbergitzen dute, sakontasun-sentsazioa handiagotu egiten dutelarik. Foku luzeko objektiboek, ostera, subjektu nagusia tamaina beraz hartu ahal izateko harekiko urrunago jarriz, kontrako efektua sortarazten dute (ikus motxilaren argazkiak).
Dena dela, perspektiba linealean benetako eragina duena distantzia da eta ez objektiboak aldatzeak. Toki berean geratu izan bagina eta objektiboak edo foku-luzerak besterik aldatu ez, hiru argazkiek perspektiba bera izango zuten, hasieran esan bezala hartutako eszenaren zatia bakarrik aldatuko zelarik.
Eremu-sakonerari dagokionez, argazkiak irekidura jakin batez eta toki beretik ateraz gero foku-luzera zenbat eta txikiagoa izan, hainbat eta handiagoa izango da berori. Hori bi arrazoi nagusi dela medio gertatzen da: batetik, irekidura hori objektibo motzagoetan txikiagoa delako (135 mm-koaren f8-ko irekidura, 28 mm-koaren 1/8 da, adib.); eta bestetik, foku txikiagoko objektiboez, errefrakzio-ahalmen handiagoa izanik, lehen planoko eta hondoko elementuak hurbilago enfokatzen direlako.
Horren hartze-angelua 45°koa dela eta giza begiarenaren oso antzeko dela esana dugu.
Objektibo estandarra zein den formatuak erabakitzen du, berori gutxi gora-behera formatuaren diagonalarekin bat datorrena delarik. Hau da, 35 mm-ko formatuak 50 mm-ko objektibo estandarra du, baina, 6x6koak, adibidez, 80 mm-koa du.
Hasiberrien artean objektibo hori berehala baztertzeko joera badago ere, argazki teknikaren oinarriez jabetzeko oso foku-luzera egokia du.
Besteak beste, natura-, bodegoi- eta arkitektura-argazkigintzarako erabilgarria da. Lehen planoak ateratzeko ere egokia da, 50 cm-raino enfokatzen du eta. Are erabilgarriago da hurbiltze-elementuak (luzapen-tutuak edo hauspoa kasu) eransten bazaizkio. Gainera, ahalmen optiko handiak ditu; horren diseinua eta egitura besteena bezain konplexua ez denez eta urtetan oinarrizko objektiboa izan denez, fabrikatzaileek berori perfekzionatzeari arreta berezia eskaini baitiote.
40 mm-ko foku-luzeratik beherakoak dira eta erabilienak 28 eta 35 mm-koak direla esan genezake. 14 mm-tik beherakoak angeluhandi bereziak dira eta oso eremu zabala hartzen dutenez, “arrainbegi” izena eman ohi zaie.
Eszenako zati zabala hartzeko aukera eskaintzen dutenez, espazio txikiko barrualdeetarako eta kanpoaldeetako bista zabalak hartu nahi direnetarako egokiak dira. Asko hurbiltzen uzten du, horrela lehen planoa izugarri handiagotu (eta distortsionatu, zenbaitetan) eta hondoko elementuak txikiagotu eta urrundu egiten dituelarik.
Desabantailetan, distortsio optikoak daude, nahiz eta zenbaitetan dramatizatzeko horietxek aprobetxatzen diren. Distortsio horiek gainera, foku-luzera txikiagotzen den neurrian areagotu egiten dira. Abantailetako bat, normalak baino abiadura txikiagoez kameraren higidurak ez nabaritzeko ahalmena izatea du.
35 mm-ko formatuan, 75 mm-tik 3000 mm-rainokoak daude eta erabilienak 100 eta 500 mm bitartekoak direla esan genezake.
Hurbildu gabe, subjektuaren eta kameraren arteko distantzia laburtzen du.
Kirol-, akzio-, animali eta erretratu-argazkigintzarako aproposa da; baita hurbiltzeko aukerarik ez dagoenerako eta argazkia atera beharreko subjektua konturatzea nahi ez dugunerako ere.
Hartze-angelu estua du eta lehen planoa handiagotu eta isolatu egiten du, sakonera sentsazioa txikiagotu egiten duelarik.
Teleobjektibo handia bada (200 mm baino handiagoa), tripode edo antzeko euskarri sendoa erabiltzea komeni da. Arau gisa, erabiltzen ari garen foku-luzera baino abiadura baxuagoak erabiltzea ez da komeni izaten, 135 mm-koaz, adibidez, 1/125eko abiadura baino baxuagoekin kontuz ibili beharra dago.
Ez dira, gainera, oso argitsuak izaten. Zenbat eta handiagoak izan hainbat eta irekidura maximo txikiagoa izaten dute eta ondorioz, enfokatzen zailak dira. Teleobjektiboak bi eredu nagusiren arabera diseinatuta egoten dira. Batzuk lentez osatuta daude (beste objektibo guztia bezala) eta besteak, katadioptriko izenekoak, ispiluak izaten dituzte lenteen ordez. Hori dela eta, katadioptrikoak laburragoak, arinagoak eta merkeagoak izaten dira, baina beren kalitate optikoa eskasagoa izaten da eta, gainera diafragma finkoa izaten dute.
Foku-luzera aldakorreko objektiboak dira. Ezaugarri horrek egitura optiko konplexua eskatzen du, fokua eta irekidura konstante mantendu ahal izateko. Dena dela, aurrerapen optikoak tarte, hobekuntza handiak izan ditu eta zoom-az kalitate eta argitasun handia galtzen zelako aurriritzia baztertzen ari da azken urteotan.
35 mm-ko formatuan erabilienak 28tik 300 mm bitarteko foku luzeren tartea hartzen dutenak dira (28-80, 35-75, 75-210 edo 73-300 mm-koak, adibidez), objektibo bakar batekin edo birekin angeluhanditik teleobjektibo laburrerako eremua betetzea ahalbidetzen dutelarik.
Objektibo gutxiago edukiz foku-luzerako sorta zabala har daitekeenez eta foku-luzera aldatzeko objektiboa hain maiz aldatu behar ez denez, erosotasun horiek direla eta, azken urteotan asko zabaldu dira, eta kamerak, ohizko objektibo normalarekin batera saldu beharrean, zoom-az (eskuarki, 28-80 edo 35-75 mm-koez) saltzen hasiak dira.