Neguan udan baino motelago al dabil garuna?

Duela 15 urte urtaro-aldaketak gizakiarengan eragin psikologikoak zituela aurkitu zuten psikiatrek eta, geroztik, neguak garunaren jarduera gutxitzen duenaren ideiari eutsi diote, nahiz eta ez den inoiz frogatu; eta frogatzen saiatu direnean kontrako emaitzak lortu dira. Norvegiako Tromsoko Unibertsitateko Tim Brennen psikologoak herriko 100 biztanlerekin test berberak neguan eta udaberrian egin zituenean, lortutako emaitzen artean alderik ez zegoela ikusi zuen eta, gainera, aldea zegoen kasuetan neguko emaitzak zirela hobeak.

Munduan ez dago Tromsoko Unibertsitatea baino iparralderago dagoen unibertsitaterik; Tromsoko biztanleek 2 hilabeteko gaua dute neguan eta bi hilabeteko eguna udan. Eta hain negu ilun eta luzea izanik bertako biztanleengan ez bada aipatutako neguaren eraginik nabari, hegoaldeago dauden beste pertsona guztiengan ere ez du zertan agertu behar. 15 urtez onartutako baieztapena, beraz, ez zen zuzena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila