Bai, ongi irakurri duzue. Hauxe da Frey ikertzaileak, urte luzez malkoak aztertu ondoren, MEDICAL TRIBUNE aldizkarian argitaratu duena. Baina, zergatik egiten dugu negar? Zein erlazio dago gure begien eta emozioen artean? Eta zergatik hain ezberdinak diren bi sentimendu, alaitasuna eta tristura alegia, malko eta negarren bidez kanporatzen dira?
Gauza nabarmena da negar egiteak, eta honekin batera sortzen diren zotin, auhen eta aurpegi-uzkurdurak tentsio psikikoak deskargatzeko balio dutela; pertsonarik latz eta bihotz-gogorrena ere lasaitu egiten dela negarraldi baten ondoren. Baina, medikuntzak oso garrantzi txikia eman dio betidanik malko eta negarrei. Eta zer esanik ez gizarteak; mendebaldeko gizarteak behintzat. "Gizonek ez dute negarrik egiten!" esaten zaie umeei txiki-txikitatik. Emakumezkoetan oraindik ere onartzen da negarra, baina gizonezkoetan ezta pentsatu ere. Animaliengandik bereizten gaituen ezaugarrietako bat erreprimitu egiten dugu, eta honen ondorioz kalteak sortzen zaizkigu, fisikoak zein psikikoak.
Lehen ere aipatu dugun Willian Frey izan zen "malkologia" dei genezakeena lantzen hasi zena, eta ikerketa luze eta zabalak burutu ondoren bi negar-mota daudela erabaki zuen: fisiologikoa bata eta emoziozkoa bestea. Lehena, malko fisiologikoa edo ez-emoziozkoa, gizakiek eta animaliek isurtzen dute: kornea ingurua labaintzeaz arduratzen den pelikula mehe eta koloregabekoa da, betazalak leuntasun osoz mugi daitezen. Lubrifikazio hau behar-beharrezkoa da. Begien betikara-mugimenduak (irekitze eta istea, alegia) hain bait dira gogorrak, ezen kristalezko protesiak gutxi gorabehera bi urtetik behin aldatu egin behar diren. Malkoa, bestalde, begia infekzioen aurka eta gorputz arrotz edo zikinkerietatik babesten duen likidoa da.
Baina emozioagatik (hau da tristura, poza eta abarrengatik) negar egitea, gizakiei soilik dagokien koalitatea da. Ez dago bere sentimenduak agertzeko bide hau erabiltzen duen beste izakirik. Hain aipatu eta ospetsuak diren kokodrilo-malkoak ere ez dira salbuespen. Animalia hauek bere harrapakinak jaten ari diren bitartean malkoak isurtzen dituztela egia den arren, jario honen arrazoia oso bestelakoa da: beren listu- eta malko-guruinak oso hurbil daudenez, batzuk lanean hastea nahikoa da besteak eragin eta estimulatzeko.
Behin malkoak zer diren ikusi ondoren, azter dezagun beste puntu bat. Negar egiteak, pertsona lasaitzeaz gain, ba ote du beste eginkizunik? Ume txikien kasua apartekoa da. Hauek komunikazio-tresna bezala erabiltzen bait dute negarra, gose edo min dutela adierazteko. Stressak jotako ehun persona heldu aztertu ondoren (gizonezkoak zein emakumezkoak), zera ikusi zen: erdiak urdaileko ultzera zutela, eta beste erdiak hesteetako asaldurak.
Azterketak, ordea, beste datu bat ere erakutsi zuen: gaixo horiek, emakumezkoek bereziki, gainontzeko jendeak baino gutxiago egiten zutela negar; ahultasunaren ezaugarritzat jotzen zutelako gehientsuenek. Beste lekutan egindako azterketek ere ondorio berdintsuak eskaini dituzte, eta lan hauek eman zioten Frey doktoreari izenburuan ipini duguna esateko aukera: "Negar egiten ez dutenak lehenago hilko dira", eta "negarraren bidez giza gorputzak tentsio eta emozioek sortutako zenbait substantzia kanporatzen du".
Utz ditzagun bada, zoko batean, aurreritzi eta asmo edo ideia okerrak, eta egin dezagun negar gogotik, okasioak horretarako aukera ematen digunean. Geure gorputzak eskertuko digu.