Nerabeei eta heldu gazteei erasaten die gehienbat, batez ere herrialde garatuetan, baina garatze-bidean dauden herrialdeetan kasu asko gertatzen dira haurren artean ere. Umeetan, sintomarik ia batere gabe hasi eta bukatzen da prozesua, eta horrek immunitatea ematen dio haurrari infekzioa berriz ez harrapatzeko.
Mononukleosia ez da oso kutsakorra, eta gaitza jasateko arrisku gehien dutenen artean ere % 15i baino gutxiagori eragiten dio. Hain zuzen, unibertsitateko ikasleei eragiten die gehien, duten adinagatik eta dituzten ohiturengatik.
Gizakia da birus horren infekzio-iturri bakarra. Listuaren bidez transmititzen da nagusiki, eta horrexegatik deitzen zaio “musuaren gaixotasuna”, ahoan musu ematea baita transmisio-biderik ohikoena. Horrek azaltzen du, bestalde, gaixotasuna sexu bietako gazteen artean agertzea (15 urtetik 25era bitartekoak), eta arraroagoa izatea 35 urte inguruko pertsona heldu gazteetan.
Bularreko haurretan eta umeetan gertatzen diren infekzio gehienek ez dute sintomarik, eta gehienez ere faringitis arin bat eragiten dute, amigdalitisarekin edo anginetako inflamaziorik gabe. Nerabeetan, aitzitik, % 80k mononukleosiaren sintomatologia ohikoa izaten dute. Adineko pertsonetara salto eginez gero, sintoma zehazgabeak agertzen dira: sukarra denbora luzean, ondoeza eta muskuluetako mina.
Epstein-Barr-en birusa (EBB) herpes birusen familiakoa da, eta behin pertsona bat infektatu ondoren B linfozitoetara atxikitzen da, horietan sortu eta immunitate-prozesuak aldrebesten ditu.
Inkubazio-denboraldi luzearen ondotik (30-50 egun bitartean heldu eta gazteetan, 10-14 egun umeetan) zenbait sintoma agertzen dira, beste hainbat prozesutan ere ohikoak direnak: buruko mina, sukarra, nekea... Baina egun gutxira gaitzaren ezaugarri nagusia den hirukotea agertzen da: sukarra, faringeko eta amigdaletako hantura eta adenopatiak (hazikontxoak).
Sukarra mononukleosi-kasu guztietan agertzen da, handia da (39-40 °C-koa) eta arratsalde-partean agertzen da gehienbat. Egunak iraun dezake, baita astebetetik gora ere.
Eztarriko hantura, berriz, gaixoen % 85ean agertzen da, eta eztarri osoa hartzen du. Gaixoen erdiak jario itsusi samarrak botatzen ditu, zornearekin. Hazikontxoak (adenopatiak) handitzen diren gongoil linfatikoak dira, lepoan eta belarrien atzealdean batez ere, baina zenbait kasutan gongoilen inflamazioa edo hantura lepora ez ezik beste gorputz-atal batzuetara ere heda daiteke. Hazikontxoak ukitzerakoan pazienteak mina sentitzen du. Adenopatiak 3-4 aste behar ditu desagertzeko.
Zenbait kasutan, eztarriko hanturaren ondorioz goiko arnasbideetako buxadura gerta daiteke, arreta berezia eskatzeraino. Beste zeinu edo sintoma batzuk ez dira beti agertzen: nekea, barea tamainaz handitzea (esplenomegalia), baita gibela ere (hepatomegalia), betazalak handitzea (edema) eta gorputz osoko exantema bat.
Mononukleosi infekziosoak ez dauka tratamendu espezifikorik, sintomatikoa baizik: sukarrak irauten duen bitartean, ohean atseden hartzea, eta analgesikoak edo antitermikoak hartzea minaren eta sukarraren kontra
Antibiotikoak emateko arrazoi bakarra da medikuak beste infekzio bat gehitu dela erabakitzea (gaininfekzioa esaten zaio horri), eta, hala ere, normalean ez dira espektro zabalekoak erabiltzen (amoxizilina edo anpizilina, adibidez).
Dena den, tratamendua beti medikuak aginduko du, eta inola ere ez gaixoak bere kasa hartu.
Antibiotikoak (aziklobir, eta antzeko beste batzuk) ez dira uste bezain egokiak gertatu. Eztarriko hantura deserosoa gertatzen denez, eztarria leuntzeko egindako prozedurak (gargarak, etab.) mesedegarri izan daitezke. Eta, konplikazioak agertzen direnean, (ik. taula) kortikoideak erabili beste erremediorik ez dago.
Txerto-motaren bat sortzeko ikerketak martxan daude, baina, bien bitartean, prebentzioa da bide bakarra. Nola, ordea? Gizakia denez birusaren iturri bakarra, eta infekzioa listuaren bidez transmititzen denez, infektatua egonez gero musuak saihestu egin behar dira. Baina, hasiera batean oharkabean pasatzen denez, infekzioaren diagnostikoa sintomatologia oso argia denean egiten da, zoritxarrez, eta ordurako litekeena da pertsona infektatuak beste norbait kutsatzea.
Mononukleosia bi hilabetean sendatzen da gehienez ere, konplikaziorik agertzen ez bada. Gaitza onairea da, eta, normalean, eta 3-4 asteren buruan pazientea nahiko suspertuta egoten da, ordurako ere nekea eta gongoil handituak desagertzen ez diren arren.
Konplikazioak