Medikuari bisita, noiz egin? eta zertarako egin?

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Medikuarenganako duzun sentimendua oso atsegina ez izan arren, bere atzaparretatik erabat ihes egiterik ez dago, noizean behin gorputzaren makineriak behar bezala funtzionatzen ote duen jakin beharra dago eta. Nola jakin osasunez ongi ote gabiltzan? Bada, zenbait zifra kontrolatuz, zenbait puntu jakini erreparatuz eta aldian behin azterketa eta analisi sinple batzuk eginez. Hona hemen guzti hori laburbilduta.

Pisuak eta neurriak. Zifra egokiak

  • Medikuarenganako duzun sentimendua oso atsegina ez izan arren, gorputzaren makineriak behar bezala funtzionatzen ote duen jakin beharra dago.
    Pisua. Inoiz ez zaitez pisatu hilean behin baino gehiagotan. Pisatu beti baskula berean eta ordu berean aldioro. Egoera berezirik ezean (tratamenduak, operazioak, etab.) pisuak berdin mantendu behar du. Gizentzea atsegina ez den arren, hilabetean 4 kg-tik gora itxurazko arrazoirik gabe argaltzea ez da komeni. Horrelakorik gertatuz gero, egiozu bisita medikuari.
  • Tentsio arteriala. Zure medikuak zoazen bakoitzean tentsioa kontrolatzen ez badizu, eska iezaiozu. 40 urteko pertsonarentzat zifra idealak 14/8 dira. Adin horrekin 16/9,5 zifrak, edo hortik gorakoak, hipertentsiotzat hartzen dira eta tratamenduaren beharra dute. Alderantziz, 11/6 edo hortik beherako tentsioa baxuegia da. Arrazoiak asko eta desberdinak izan daitezke; bilatu beharrekoak. Hipertentsioak bere bidea isil-isilik egiten duen bitartean, hipotentsioa begi-bistako trastornoak ematen dituena da (mareoak, bertigoak, etab. ), odol-ekarpenaren falta gehien nabarmentzen duen organoa garuna izan ohi delako.

Azukreak eta gantzak

Kontuz gehiegikeriekin. Diabetikoa bazara, tratamendua edo jan-neurria zorrotz zaindu. Kolesterolarekin borrokan bazabiltza, hurrengo ale batean mintzatuko gara lasaiago gai horretaz.

Odol-analisiak

  • Bost urtetik behin senide guztiek egin behar lituzkete azterketa kliniko ohizkoenak. Begi eta hortzaginen azterketa morfologikoa eta funtzionala ohizkoetakoak dira.
    Odolaren zenbaketa. Medikuak susmatu duen diagnostikoren bat baieztatzeko eskatzen du normalean. Hala ere, beti komeni da emakumezkoek g.g.b. milimetro kubiko odol bakoitzeko 4 milioi globulu gorri eduki ohi dituztela, eta gizonezkoek milioi bat gehiago eduki ohi dutela jakitea. Leukozito edo globulu zurien kopurua 5.000-9.000 bitartekoa izan ohi da, mm3 bakoitzeko, kanpoko erasoetatik babesteko. Plaketak, berriz (eta hauek odolaren fluidotasuna kontrolatzeaz arduratzen dira), 250.000tik 400.000 bitartean egon ohi dira mm3-ko. Baina ez larritu, zuen zifrak normalekin bat ez badatoz! Odola oso gai aldakorra da; gripe batek edo mendian egindako egonaldi batek berehala aldatzen duena. Medikuak soilik atera ditzake ondorioak. Dena den, zein odol-taldetakoa zaren jakitea ezinbestekoa duzu.

    Emakumea bazara, eta, metodo antikontzeptiboren bat erabiltzen baduzu, medikuak bi urtez behin analisi berezi batzuk eskatuko dizkizu. Bestela, zerorrek eskatu. Odoleko azukre eta gantzen mailak bereziki zaindu behar dira antisorgailuak (pilulak, alegia) hartzen direnean; normalean mailak igo egiten bait dira eta bata zein bestea arriskufaktore bait dira (diabetea, arterosklerosia).

Egoera orokorra; aldizkako kontrol familiarra

  • Guztientzak. Bost urtetik behin, senide guztiek egin behar lituzkete azterketa kliniko ohizkoenak; begi, belarri eta hortzaginen azterketa morfologikoa (itxurarena) eta funtzionala; arnas edukiera eta ahalmenaren kontrola; elektrokardiograma, biriketako erradiografia eta odol-analisia. Anormalitaterik aurkituz gero, espezialistarengana jo beharko da, oheburuko medikuaren eritzia entzunda.
  • Aitarentzat; Prostata kontrolatu egin behar da, 50 urtetik aurrera. Gaixotasun hau isil-isilik mantentzen da, sintomak oso berandu nabarmenduz. Prostatako adenoma onbera da erabat, baina minbiziaren frekuentziak gora egiten du adinaren arabera.
  • Amarentzat. Frotis bat (edo Papanicolau bat, izen teknikoa erabiliz) ezinbestekoa da urtero. Bost minutu behar dituen kontrol mediko honek, inolako minik eman gabe, umetoki-lepoko zelula batzuk lortzea du helburu, ondoren laborategian analizatzeko. Gaixotasun ginekologikoak garaiz atzemateko biderik erraz eta seguruena da.
    Mamografia (edo bularretako erradiografia) garrantzitsua da 35 urtetik aurrera, eta hiru urtetik behin egin behar litzateke, familian emakumezkoen minbiziaren aurrekinik egon denean salbu. Kasu hauetan, kontrola maizago egin beharko da.
  • Umeentzat. Begiak, belarriak (entzumena alegia) eta hortzaginak dira umearen aldizkako kontrolaren hiru zutabe nagusiak. Urtean behin kontrolatu behar lirateke, gutxienik, garapen fisiko, funtzional eta psikologiko egokia ziurtatzeko eta akats posibleak garaiz atzeman ahal izateko.
    Txertoak dira umearen osasunean funtsezkoetako beste zutarri bat. Zorionez, gaur egun ia herrialde guztiak derrigor eskatzen dituzte. Zure kasua horrelakoa bada, zoaz pediatrengana, eta hark ezarriko die txertaketa-egutegi aproposa zure seme-alabei.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.