Martinika: Frantzia Ameriketan

Orlyko aireportuan abioia hartu genuenean, Martinikari buruz ezer gutxi genekien. Dena den, Karibe itsasoak bustitako beste herri batzuk ezagutzen genituenez, ustegabe handirik ez genuen espero. Azoreetan eskala egin ondoren, Le Lamentin-go aireportura heldu ginen. Abioitik jaitsi orduko ekaitz tropikal batek blai-blai utzi gintuen. Giroko hogeita hamar graduek Caracasen, Mexikon edo Habanan izandako sentsazioak sentiarazi zizkiguten. Hala ere, bazegoen beste lekuekiko desberdintasun bat, hots, usaina. Gerora, desberdintasuna usainean baino zerbait gehiagotan zetzala konturatu ginen.

Ohar geografikoak

Martinikako hiriburua Fort-de-France da eta irlaren erdian dago.

1.102 kilometro karratu dituen irla hau zabala baino gehiago luzea da. Antilla Txikietako irletako bat da, iparraldean Dominika irla eta hegoaldean Santa Luzia irla dituelarik. Inguru horretako irla guztiak bezala jatorriz bolkanikoa da.

Irlaren iparraldean daude mendirik altuenak eta horietan “Mon Pelee” aipatu behar da. Bere 1.397 metroko altuera dexente nabarmentzen da paisajean. Iparralde menditsu honetan oihan tropikala da nagusi, hezetasuna primeran gordetzen duelarik.

“Mon Pelee” gutxitan ageri da garbi, gehienetan inguruko hodeiak balaztatzen ditu eta. Ondorioz, irlako iparraldea euritsua dela esan daiteke.

Irlaren hego-muturrean ekialdetik eta mendebaldetik datozen olatuek zurrubila ikusgarriak sortzen dituzte.

Hegoaldea sabana da, eta iparraldea baino askoz ere lehorragoa.
Martinikako hiriburua Fort-de-France da, bertan 200.000 pertsona bizi direlarik. Gainerako 130.000 pertsona irlan sakabanaturik bizi dira, populazio-gune txikiak osatuz. Hala ere, ondoko hiriak aipa daitezke: ekialdean Sainte-Marie, Le Robert, Le Francois; mendebaldean Saint Pierre, Schoelcher, Fort-de-France eta Bellefontaine; hegoaldean Rivière-Pilote eta Santa Luzia.

Hegoekialdeko itsasertzean koral-formazio handiak daude. Formazio hauei esker lehorretik itsaso-barnerantz ehundaka metrotan ibil daiteke, urak estali gabe.

Gizartea, historiaren islada

Mon. Pelee sumendia izateaz gain, Martinikako mendirik altuena da. Mende honen hasieran sumendi horrek gari batean Martinikako hiri nagusi zen Saint Pierre suntsitu egin zuen.

Irla honetara Kolon 1502. urtean iritsi bazen ere, frantsesek kolonizatu zuten. XIX. mendearen hasieran ingelesek okupatu arren, Frantzia eta Ingalaterraren arteko gerraren amaieran, berriro frantsesek eskuratu zuten boterea. Garai hartan zeuden esklabu beltzek askatasuna lortu eta gailendu egin ziren irlan. Hortaz, gaur egun arraza beltzekoak dira nagusi irlan eta kulturalki bizimodua frantsesa da.

Jatorrizko populazioari buruz, ez dago ia arrastorik ere eta hau oso nabaria da; Karibeko beste herri batzuk ezagutzen dituenarentzat batez ere.

Ekonomia

Tropikoko lurralderik gehinetan lurra esker oneko elementua da. Bananak, ananak, aguakateak, etab. nannahi ikus daitezke.

Irla honetako biztanleen ohizko baliabideak nekazaritzari esker lortu dira. Ertamerika osoan bezala lurra aberatsa denez, bertan edozer landa daiteke. Hala ere, nekazal produkturik landuenak azukre-kanabera, banana eta anana dira. Aguakateak, laranjak, pomeloak, mandarinak, etab. ere nonnahi ikus daitezke.

Industria gutxi dago, baina ezer aipatzekotan porlanarena eta rumarena aipatuko genituzke.

Martinikako ekialdeko itsasoan kora-formazio erraldoiak daude eta horri esker itsasoan barrena ehundaka metro ibil daiteke.

Azken urteotan, administrazioa turismoa bultzatzen ari da. Horretarako errepide-sarea asko hobetu da eta hotel- zein zerbitzu-azpiegitura erraldoiak eratu dira.
Irla hau administratiboki Frantziakoa da eta bertako bizi-maila ere Frantziakoaren parekoa. Honek bertako biztanleentzat abantailak eta desabantailak ditu. Abantailetan, gizarte-premia minimoak aseta izatea eta Frantziak eskaintzen dion babes soziala aipatuko genituzke. Desabantailetan Frantziarekiko duen menpekotasuna da aipagarriena. Bizi-maila altua duenez, eskulana garestia da eta, ondorioz, esportaziorako produktuak (banana, azukrea) garestiak dira. Bestalde, turismoak sortutako ekonomia ere menpekotasun-ekonomia dela esan daitekeenez, metropoliak parte hartzea ezinbestekoa da Martinikako bizi-egitura mantendu ahal izateko.

Esandakoaren arabera, Martinika kolonia da eta bertan eratu den ekonomi azpiegiturak burujabetasunerako egon daitezkeen aukerak hipotekatu egin ditu neurri handi batean.

Anthuriuma eta mangosta oso ugari dira zonalde honetan. Lehenengoak, ornamendu funtzioa zuen bitartean, bigarrena Europatik eraman zuten sugeei aurre egiteko.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila