Marteko uraren bila

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Berriki, Marten NASAk ura aurkitu duela irakurri eta entzun da. Alabaina, hori ez da zuzena; bai, ordea, Marteren zoru azpiko eremu batzuetan hidrogeno ugari dagoela. Eta, zantzu guztien arabera, oso litekeena da hidrogeno hori ur-molekulena izatea. Zer dela eta iritsi dira ondorio horretara?

1870 inguruan, teleskopioaren bidez Marten kanalak ikusi zituela adierazi zuen Giovanni Schiapparelli astronomoak. Horrek zenbait astronomia-zaleen imajinazioa piztu zuen, eta kanal horiek izakiak egindako ubide artifizialtzat hartu zituzten. Zientzia-fikziozko eleberrietan martetarrak azaltzen hasi ziren, eta 1898an H.G. Wells-ek teknologikoki aurreratutako martetarrek Lurra hartzen zutela kontatu zuen Munduen Gerra -n.

NASA

Marten bizia dagoela ideia erakargarria zen nonbait, denbora batez jende askok sinetsi baitzuen. 1960ko hamarkadan, ordea, Mariner 4 espazio-ontziak Marteren lehenengo irudiak lortu zituen, eta planeta mortua zela erakutsi zuen. Hurrengo Mariner misioei esker, Marteren atmosfera eta geologia aztertu ziren eta, 1970eko hamarkadan burututako Vicking I eta II misioetan, orbitako eta zoruko datuak bildu ziren.

Aztarnak ikertu ondoren, Marten bizirik ez zegoela ondorioztatu zuten ikertzaileek, eta horrekin amaitu zen esplorazioen lehenengo uholdea.

Biziaren arrastorik aurkitu ez zen arren, bazeuden planeta aztertzen jarraitzeko arrazoi zientifikoak, eta 1992an NASAk Mars Observer espazio-ontzia bidali zuen azterketa geologikoak, geofisikoak eta klimatikoak egiteko Marten. Horren ondotik, Lurrean egindako ikerketen emaitzek Marten bizia zegoelako ideia indartu zuten. Esate baterako, 1996an Marteko meteorito batean fosildutako bakterioen antza zuten egiturak ikusi zituzten NASAko eta AEBetako hainbat unibertsitatetako ikertzaileek (gero izaki bizidunen aztarnak zirenik baieztatu ez bazen ere). Bestetik, Lurrean, bizitzeko batere egokiak ez diren tokietan, bizidunak aurkitu ziren eta, beraz, muturreko tenperatura- eta presio-egoeretan ere bizia sor daitekeela frogatu zen.

Marteko arroilak

Orain Marteren azalean ur likidorik ez badago ere, garai batean ur ugari egon zela ematen dute aditzera eraketa geologikoek.
Argazkiak: NASA

Horrek guztiak berriro Marte helburutzat hartzera bultzatu zuen NASA. 1992an abiatutako Mars Global Surveyor misioak ordura arteko irudirik zehatzenak lortu zituen. Haietan azaltzen ziren egitura geologikoak Lurreko antzeko egiturekin alderatu zituzten, eta urak sortutakoekin antz handia zutela ikusi zuten. Bazirudien ur-lasterrek eta uholdeek sortuak zirela, baita inoiz aintzirak eta ozeanoak egon zirela ere. Alabaina, ez dago ur likidoaren arrastorik Marteren azalean; izan ere, Marteko presio atmosferiko txikiak eta tenperatura baxuek ura egoera likidoan egotea galarazten dute. Aldiz, badago ur-lurruna Marteko atmosferan, baita izotza ere poloetan.

Nolanahi ere, ikertzaile askoren ustez, egitura geologiko horiek Marten ur ugari egon zela ematen dute aditzera. Ondorioz, garai batean tenperatura orain baino beroagoa izango zen, eta atmosfera, berriz, dentsoagoa. Baina ezin dute azaldu zer dela eta aldatu zen klima eta non sartu zen ur hori guztia. Dena lurrundu zen ala zoru azpira ere joan zen? Agian, zoru azpiko presioa eta tenperatura nahikoak dira ur likidoa egon ahal izateko, eta hango arroken artean dago harrapatuta.

Beste ikertzaile batzuen arabera, berriz, Marteren azaleko egitura geologikoen sortzailea ez zen ura izan, baizik eta karbono dioxidoa. Haien esanean, zoru azpitik ateratzean, karbono dioxidoa gas bihurtu zen presio aldaketarengatik. Horrela sortutako gas-hodeiek, abiada handian mugituz, zorua higatu eta arroilak eratu zituzten. Teoria hau sinesgarriagoa omen da bestela ur gehiegi beharko litzatekeelako, eta litro bat karbono dioxidorekin urarekin baino askoz ere gas gehiago lortzen delako.

Uraren zantzu zuzenagoa

1996an, Marteko meteorito horretan fosildutako bakteriotzat har zitekeen egitura bat ikusi zuten NASAko eta unibertsitate batzuetako ikertzaileek.
NASA

Argi dago Marten inoiz ura egon den edota gaur egun ere badagoen jakiteko, zuzeneko neurketak egitea egokiagoa dela egitura geologikoak interpretatzea baino. Hori dela eta, iaz NASAk martxan jarritako Mars Odyssey misioaren zereginetako bat ura bilatzea da ( Follow the water ). Espazio-ontziak daraman gamma izpien espektrometroa 20 elementu kimikoren ugaritasuna eta banaketa neurtzeko gai da: hidrogenoa, silizioa, oxigenoa, burdina, magnesioa, potasioa, aluminioa, sufrea, karbonoa eta kaltzioa, besteak beste. Non eta zenbat dagoen jakinez gero, Marteren iragana eta oraina ulertzea espero dute.

Eta lehen neurketak aztertzen hasi bezain laster, ezustekoa jaso dute: poloetatik gertu dauden bi eremuetan, azaleko geruzaren azpian, hidrogeno ugari dagoela detektatu dute. Gainera, eremu horiek bat datoz ustez izotz egonkorra duten tokiekin. AEBetako Los Alamos Laborategiko ikertzaileen esanean, oso litekeena da hidrogeno hori urarena izatea. Horren arabera, Marteko zoruaren azpian ur-kantitate handia legoke, eta halaxe eman dute jakitera komunikabide askok.

Dena dela, bereizi egin behar dira datuak eta datuen interpretazioa, oraindik uraren ebidentziarik aurkitu ez denean, Martera bidaliko diren gizakiak ur-hornidurarekin arazorik ez dutela izango esaten ari baitira batzuk. Hori bai, espektrometroaren hidrogeno-neurketetatik abiatuta egin den interpretazioak zentzuzkoa dirudi; hala eta guztiz ere, ura zuzenean neurtuz baieztatu beharko da.

Espektrometroa hidrogeno bila

Gamma izpien espektrometroak hiru neurgailu biltzen ditu: gamma izpien sentsorea, neutroi-espektrometroa eta energia altuko neutroien detektagailua. Hiru tresna horien neurketak batuta, Marteko zoruan zenbat hidrogeno dagoen eta nola banatzen den jakin daiteke. Baina, zer neurtzen du zehazki espektrometroak?

Mars Odyssey misioaren zereginetako bat Marten ura bilatzea da.
NASA

Prozesua izpi kosmikoek Marteren atmosfera zeharkatu eta azalaren aurka jotzen dutenean hasten da. Izpi kosmikoak espazioan ia argiaren abiaduran mugitzen diren energia-maila oso altuko partikulak dira, batez ere protoiak. Marteren azalean dagoen edozein atomoren aurka jotzean, talkak beste partikula batzuk sorrarazten ditu espalazioa deitzen zaion prozesuaren bidez. Partikula horiek neutroiak eta beste protoiak dira gehienbat, eta oso azkarrak badira ere, ez dute hasierako izpi kosmikoek adinako abiadura. Bigarren protoi horiek, berriz, beste atomo batzuen aurka jo eta partikula gehiago sorrarazten dituzte. Kate-erreakzio horrek Marteren zoruaren lehen metroak zeharkatzen ditu.

Espektrometroari dagokionez, interesgarrienak neutroiak dira. Talka bakoitzean, energia galtzen dute, mantsotu egiten dira eta, azkenean, azaleko atomoen antzeko abiaduran mugitzen dira. Hau da, neutroi azkarrak neutroi termiko bilakatzen dira. Mantsotuz gero, edozein atomok beregana ditzake, baita hidrogenoak ere.

Atomo batek neutroi termiko bat bereganatzen duenean, atomoaren berariazkoa den gamma izpi bat igortzen da. Hortaz, gamma izpien espektrometroaren bidez, atomoa identifikatzeko aukera dago. Hori izan da Marteko hidrogenoa detektatzeko erabili den metodoetako bat.

Beste metodoa neutroi-espektrometroaren eta energia altuko neutroien detektagailuaren bidezkoa da. Tresna horiek neutroiak detektatzen dituzte eta hiru energia-mailatan sailkatzen dituzte: azkarrak (izpi kosmikoen espalazioaren ondoren sortutakoak, energia-maila altukoak), epitermalak (tartekoak) eta termalak (mantsoenak). Energia-galera hori beste atomoen aurkako talketan gertatzen da, eta, hain juxtu, hidrogenoa bereziki eraginkorra da neutroiak mantsotzen, haren masa eta neutroiarena ia parekoak direlako. Beraz, hidrogeno ugari dagoenean, neutroiek berehala galtzen dute abiadura, eta neutroi epitermal eta azkar gutxi gelditzen dira. Horixe ikusi da, hain zuzen ere, neutroi-espektrometroaren eta energia altuko neutroien detektagailuaren neurketetan.

Espektrometroak gamma izpiak eta neutroiak neurtzen ditu. Gainera, neutroiak beren energia-mailaren arabera sailkatzen ditu.
NASA

Hidrogenoa urarena da?

Aztertu duten eremuan, hego-polora hurbildu ahala hidrogenoaren gamma izpien seinalea handitu egiten da, eta neutroi epitermalak, berriz, gutxitu egiten dira. Horrek guztiak adierazten du polora zenbat eta gehiago hurbildu orduan eta hidrogeno gehiago dagoela. Hidrogenoa azalean nola banatzen den jakitea, ordea, ez da hain erraza. Horretarako hainbat eredu egin dituzte, Marteren azala geruza bakarrean edo bitan irudikatuta. Hidrogenoa ez beste elementuetarako, 1996an azaleratu zen Mars Pathfinder -en espektrometroaren neurketak baliatu dituzte, eta unitatetzat pisuan % 1 ura den zorua hartu dute. Horrela ikusi dute zein ereduri egokitzen zaizkion hobeto neurketak.

Energia-maila altuko neutroien detektagailuari esker egin da, besteak beste, Marteren azaleko hidrogenoaren mapa.
NASA

Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, Marteren zoruan bi geruza daude; goikoa lehorra, eta azpikoa, berriz, hezea (arroken pisuaren % 35-50 ura litzateke). Hezetasun hori 45° eta 60° latitudeen artean nabaritzen da, eta poloetara hurbiltzean areagotu egiten da. Datuak eredu horrekin bat datozen arren, NASAko ikertzaileek onartu dute hori ez dela ebazpen bakarra, eta seguruenik askoz ere korapilatsuagoa izango dela zailtasun asko alboratu dituztelako; adibidez, zoruaren konposizioa aldakorra izango da, ereduan ez bezala.

Halaber, identifikatutako elementua hidrogenoa dela ziurra bada ere, eztabaidagarriagoa da zein forma kimikotan dagoen. Gaineko geruzako hidrogenoa fisikoki edo kimikoki lotutako ura edota hidroxidoa izan daitezkeela uste dute; beheko geruzakoari dagokionez, aldiz, ez omen dago izoztutako ura izatea beste aukerarik. Hasteko, arrokak eratzen dituzten mineralek ezin dute beren baitan hainbeste ur eduki. Bestetik, geruzen arteko aldea hezetasunari dagokionez handia da, eta goialdean zegoen izotza lurrundu izana da hori azaltzeko erarik errazena.

Gainera, azterketa teorikoek izotza egongo zela aurreikusten zuten lekuetan dago hidrogeno gehien.

Hori guztia kontuan hartuta, eta espektrometroak hartutako datuekin bat datorrela ikusita, nahiko ziurra da Marteren azalaren 10 bat cm-tik beherako geruzan ur asko dagoela. Espektrometroak metro bateko bereizmena du gutxi gorabehera, baina, NASAren arabera, oso litekeena da Marteren zoru azpia ur-biltegi handi bat izatea.

Aurrera begira

Europako Espazio Agentziaren egitasmoaren barruan, Marteren tenperatura eta atmosfera simulatzen dituen tresna batekin ari dira lanean Leicester-ko Unibertsitatean.
Leicester-ko Unibertsitatea

Mars Odyssey misioak zeregin asko ditu oraindik, eta, zalantzarik gabe, aurrerago Marte ulertzen lagunduko duten datu garrantzitsuak jasoko ditu. Gainera, uraren aurkikuntzak bultzada handia emango die NASAren hurrengo misioei, eta erakundeak errazago jasoko du horietarako behar duen diru-laguntza. Datorren urtean bertan, bi ibilgailu jarri nahi ditu Marten, mineralak eta ura analizatzeko.

Hala ere, Martek ez du NASAren interesa bakarrik bereganatu, 2003-2004 urteetan nazioarteko sei espazio-ontzi izango baititu inguruan. Tartean, Europako Espazio Agentziak (ESA) Mars Express egitasmoa jarriko du martxan, eta, horren barruan, beste ibilgailu batek, Beagle 2 -ak, zoruaren laginak hartu ahal izango ditu. Badirudi, beraz, ez dugula gehiegi itxaron beharko ura dagoen ala ez ziur jakiteko.

NASAren laborategietan, datuei ondoen egokitzen zaien bi geruzako eredua prestatu dute.
NASA

Marten ura?

Esperimentuok ezin dituzte bereizi urez osatutako hidratoak eta OH daramaten hidroxidoak. Infragorri-behaketek erakutsi dute azalean hidratoak direla nagusi, baina, noski, azaletik sakonera txikian neurtzen da, eta beraz, metro bat sakon dagoen hidrogenoari buruz ezin dute ezer esan. Dena dela, nire irudiz, azaleran hidratoak nagusitzen badira, oso litekeena da lurpean bestelako egoerarik izatea.

Arazo bat izango da, ordea, etorkizunerako, misioek ur izoztu hori erabili nahi badute: baliteke ikusten duguna ez izatea soilik ur zikina, iragaz eta garbi daitekeena, baizik eta kimikoki lotutakoa, eta beraz, erreakzio kimikoez soilik aska daitekeena. Horrek logistikako arazoak ekar ditzake!

Neurketak ebidentzia zuzena emateko modu ezberdinak dira, eta, kasu honetan, nahiz eta hidrogenoa bakarrik neurtu, Marteren historia eta testuinguru geologikoa eta kimikoa aztertuz, H 2 O moduan dagoela onar daiteke. Noski, ebidentzia hori ez da behaketa zuzena bezain ona, baina nire irudiz ebidentzia da.

Marteren azaleran ur asko izan zen iraganean, haren egitura geologikoak erakusten duenez, eta ur hori nora joan den ez dakigu zehazki, baina bi ideia ditugu: alde batetik, ur-lurrun asko galdu zen iraganean, Martek atmosferaren parte handia galdu zuenean; eta, bestetik, azalean mineral porotsuak ugari direnez, lurpera iragazi zen ur asko. Ideia horiek eta egin diren behaketak bat datoz, eta intuizioz espero genuena baieztatzen dute. Bestalde, CO 2 -ren zikloak eta H 2 O-renak garrantzitsuak dira Marteren atmosferan, eta, beraz, planetaren konposizio kimiko nagusia kontuan hartuz, hidroxidoak balira lurpean karbono dioxidoa izango litzateke nagusi; baina gas hori oso lurrunkorra da eta ez da kopuru handietan aurkitzen.

Mikel Susperregi
Astronomoa

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila