M unduko eta, bereziki, Euskal Herriko ingurugiro-arazo handienetariko bat lurzoru poluituen bolumen handia da; horiek azken hamarkadetako industria-jarduera antolatu gabearen ondorioa dira. Lurzoruko poluitzaileak bi talde nagusitan bana daitezke: organikoak (lindanoa, hidrokarburoak, etab.) eta metalak (besteak beste, beruna, kadmioa edo merkurioa).
Metalen bidezko poluzioa, oro har, meategi-jarduerarekin, metalurgiarekin, errausketa-instalazioekin eta abarrekin erlazionatuta dago, eta zenbait kontrol gabeko zabortegitan aurkitzen dira. Arazo honen adibide nabarmena Do–anako parke nazional inguruko Aznarcollar-en gertatutakoa izan bada ere, Euskal Herrian dauden arazoak ez dira txikiagoak.
Poluitzaile organikoak ez bezala, metal astunak ezin dira degradatu, beraz, horiek kontrolatzeko gara daitezkeen estrategiak ondokoak dira: inmobilizazio iraunkorra edo hautatze-bazterketa eta metaketa. Degradazioak eragiten dituen zailtasunak direla eta, lurzoru horiek berreskuratzeko teknologiak gutxi, ez oso eraginkorrak, zailak eta garestiak dira.
Duela gutxi beste hautabideak erabiltzen hasi dira, horien artean fitoerremediazioa dugu. Teknika horren oinarria metalak edo beste poluitzaileak ezabatu edo murrizteko, landareak erabiltzea izango da. Honela, landareek metalak xurgatzen dituzte eta bertan metatuta lurzorukoa jaitsi egiten da. Ondoren landareen uzta biltzen da eta arazten dira hondakin poluitzaileak izango bailira. Dena den, teknika horiek ere zenbait arazo dituzte.
Munduko landare gehienen sustraiak (% 95) lurzoruko mikroorganismoekin (onddoekin mikorrizak eratuz edo bakterioekin) sinbiosian daude eta, ondoren, beren estrespeko hazkundea faboratzen da. Mikorrizazioa gertatzen denean, landareek zenbait abantaila dituzte, hala nola elikagaien baliabidea areagotzea, lehortearen eta patogenoen eragina saihestea, eta lurzoruko metal astunen kontzentrazio altuekiko erresistentzia. Beraz, mikroorganismo horien presentziak landareei lurzoruko baldintza bereziekiko moldaera eskaintzen die; bestela bizirik irautea ezinezkoa litzateke.
Horrela izanik, landare-biologia eta ekologia saileko taldeak aipatutako proiektua diseinatu du, ondoko helburu nagusiekin:
1- Metal astunak jasan ditzaketen mikroorganismo sinbionteak (onddo, bakterioak) hautatzea
2.- Mikroorganismo jasankorrekin landare mikorrizatuak lortzea
3- Lortutako landare mikorrizatuekin lurzoru poluituak berriz landatzea
Gaur egun mikroorganismoak hautatu eta mikorrizazioa gauzatu ondoren, zabortegi batzuetan partzela batzuk aukeratu dira eta landare mikorrizatuak ipini dira. Helburuak hauek dira: denborarekin landareen eraginez higadura saihestea eta poluitzaileen mugimenduen bidez lurzoruari pixkana poluitzaileak kentzea. Esan bezela, helburua horiek epe ertainera balioetsiko dira.