Lurretik kanpoko bizia (I)

Lurretik kanpoko bizitzaren existentziari buruzko eztabaida ziklikoki aipatu beharreko gaietako bat dugu. Ez, agian, arazoaz argibide handirik aurkitzen delako; aitzitik, horren arazo zabala mugatuko lukeen aurrerapenik ez lortzeak, eztabaida (antzerako argudioen inguruan) noizbehinka berpiz dadin eragiten duelako. Arazoa neurriren batean argituko luketen ezagumenduak hain arlo desberdinetatik etorri behar dute eta hain gai sakonei dagozkie, ezen epe laburrean maila teorikoan aurrerabide handiegirik ezin baitugu itxaron. Azken batez, Lurretik kanpoko bizitzaren existentziaren probabilitate hutsa mugatzeko ere zailtasun handiak ditugu. Ikus dezagun bestela.

Astronomiaren arloan asko aurreratu beharko da planeta-sistemen eraketari eta berauetan bizitzaren garapena bideragarria deneko eskualdeei buruz. Baina bizitzaren sorrerari Astronomiak jartzen dizkion baldintzak betetzeak ez du berez sorrera hori bermatzen. Hurrengo urratsa, eredu (kode genetiko) baten araberako molekulak berregiteko gaitasuna duten izakiak sortzea dugu. Hau da, proteinak kode baten arabera eratzen dituen egitura bat sortu behar da.

Egitura horien oinarri diren baseak eta aminoazidoak era ditzaketen molekula organikoak espazioan sakabanatuta aurkitu dira, eta frogatuta dago, halaber, Lurrean ere sor zitezkeela, hura eratu eta bertako egoera pixka bat egonkortu zenean. Baina aminoazidoak izatetik, proteinak eta hauek berregingo dituzten egiturak sartzera dagoen bidea oso konplexua da, eta bilakaera aurrebiotiko horren urrats gehienak ezezagunak dira. Biokimikariek duten lan handia neurri handi batean ibiltzen ez den bitartean, ezingo dugu erabaki bilakaera hori gertagarri ala gertagaitz den.

Eskuarki, Lurretik kanpoko bizitzaz ari garenean guregana hurbildu edo gurekin komunikatzeko gai liratekeen izaki adimendunez aritu ohi gara. Kasu honetan, aipatu dugun probabilitateen kalkuluaren ziurgabetasuna areagotu egiten da. Eman dezagun bizitzaren erarik oinarrizkoena sortu dela. Zein da bizitza horrek espezie adimenduna sor dezan dagoen probabilitatea? Zalantzarik gabe biologo eboluzionistak urrun daude oraindik galderaren erantzun fidagarritik. Eta antropologo, soziologo edo psikologoen ezjakintasuna ez da txikiagoa bizitza adimendunak ezinbestez zibilizazio teknologikora daraman ala ez argitzeko orduan.

Aipatutako arazo guzti honetaz aritu zen, 1961ean, astronomo- eta injineru-talde bat Green Bank-eko Behatokian burututako bilera ospetsuan. Hain zuzen ere, bilera hartan proposatu zuen F. Drake-k gure Galaxian egon litezkeen zibilizazio teknologikoen kopurua kalkulatzeko formula ezaguna:

N = R . fp . fc . fb . fi . ft . L

non

  • N: gure Galaxian egon litezkeen zibilizazio teknologikoen kopurua,
  • R: Frantses Bidean urteko sortzen diren izarrak,
  • fp: planetak dituzten Eguzkiaren antzeko izarrak,
  • fc: bizitza sor dadin baldintza egokiak dituzten planeten portzentaia,
  • fb: bizitza sortu deneko planeten portzentaia,
  • fi: bizitza adimenduna izan dadineko probabilitatea,
  • ft: zibilizazio teknologikoa garatu den aurrekoekiko portzentaia, eta
  • L: zibilizazio teknologikoen batezbesteko iraupena diren.

Aurreko lerroaldeetan azaldu ditugu adierazpen horretan agertzen diren biderkagaien balioak begiesteko dauden zailtasunak, edo hobeto esan, dugun ezjakintasuna. Horren ondorio logikoa dugu N-ren balorazio ezberdinen arteko alde nabarmena. Biologiaren arloko biderkagaiei ematen zaizkien nahierarako balioek izugarri aldatzen dituzte emaitzak.

Oro har, astronomoen begiespenak askoz ere baikorragoak dira biologoenak baino. Azken hauetako ezkorrenen ustez bakarrak gara Galaxian. Diotenez, oinarrizko izaki bizidunetik gizakirainoko bidean dauden hautabideak hainbeste direnez ia ezinezko kontsidera daiteke hautapen-sekuentzia bera bi aldiz gertatzea. Baikorren artean, berriz, dozenaka zibilizazio izan litezkeela diotenetik milioi batzuk izan litezkeela diotenerainokoak ditugu.

C. Sagan ezagunak orain dela hiru hamarkada, aztertu dugun adierazpenean oinarrituz egin zituen kalkuluak kontutan hartuz, batezbesteko kopuru egokitzat proposatu zuen milioi bat inguruko zibilizazio teknologikoena. Zalantzarik gabe, gaur egun joera ezkorragoa da, eta nolanahi ere beti azpimarratzen da begiespenek duten izaera espekulatiboa.

Hala ere, gaia ez da edonola baztertzeko modukoa, eta txikiak izan arren, beti aurrikusten dira diru-kopuru batzuk arazo honen inguruko proiektuentzat. Orain lanak balizko zibilizazio horietakoren batek igorritako erradiazio elektromagnetikoa detektatzera bideratu dira. Zibilizazio teknologiko batek uhin elektromagnetikoak eta horien erabilera ezagutu behar dituela zalantzarik ez dago. Horregatik, nahiz eta Galaxiako beste bizidun batzuekin komunikatzeko igorpenik egin ez, beste edonolako emisioren bat jasotzeko aukera egongo litzateke argi-urte gutxi batzuetako distantziatik baletor. Baina arazo honetaz hurrengo alean arduratuko gara.

Bukatzeko, Lurretik beste zibilizazioekin komunikatzeko egin diren ahaleginak aipatuko ditugu. Batetik, Eguzki-sistematik kanpo aterako diren Pioneer eta Voyager espaziuntzietan bidali ziren grabazioak ditugu; baina komunikazioa lortzeko biderik azkarrena eta merkeena uhin elektromagnetikoak direnez, zientzilariak horietaz ere baliatu dira ahalegin bat egiteko.

1974eko azaroaren 16an Arecibo-ko (Puerto Rico) irrati-teleskopiotik, bere estreinaldian, Herkules konstelazioan dagoen M13 kumulu globularrerantz igorri zen seinale bat, 12,6 cm-ko uhin-luzerako erradiazioa erabiliz. Mezua 1.679 karaktere bitarrez osatu zen, gizakiaren, Eguzki-sistemaren eta Areciboko irrati-teleskopioaren irudiak eta beste informazio batzuk eman asmoz. M13 kumuluan 500.000 izar inguru daude eta nork daki zenbat planeta. Dena den, 20.000 argi-urte baino gehiagora dago. Beraz, erantzunik bada ere, 50.000 urte barru etorriko da.

Efemerideak

EGUZKIA: Ekainaren 21ean, 14 h 48 min-tan (UT) Cancer-en sartzen da. Udako solstizioa dugu.

ILARGIA:

ILBEHERA

ILBERRIA

ILGORA

ILBETEA

ILBEHERA

eguna:

1

9

16

23

30

ordua (UT)

4 h 2 min

8 h 26 min

19 h 56 min

11 h 33 min

19 h 31 min

PLANETAK

MERKURIO: ekainaren 25ean behe-konjuntzioan egongo da. Ikustekotan, hilaren lehenengo egunetan saiatu beharko dugu.
ARTIZARRA: iluntzean dugu bistan, Eguzkia ezkutatu orduko eta ilundu ondoren beste ordubetez.
MARTITZ: goizaldera ateratzen da, hilaren bukaera aldera Eguzkiaren argitasuna hasi aurretik, baina oraindik ez dugu baldintza egokitan. Oso baxu dago.
JUPITER: Artizarra bezala ilundu orduko ortzean dugu, nahikoa altu gainera. Beraz, ilundu ondoren ondo ikusteko aukera izango dugu.
SATURNO: gauerdi aldera ateratzen da. Beraz, egoera onean dago ikusi ahal izateko. Egunsentia baino lehen saiatu beharko dugu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila