Lezkadietako oiloa

FITXA TEKNIKOA Uroiloa

Gida-liburu gehienen arabera, uroiloa hegazti lotsati, izu eta iheskorra da. Zenbaiten iritziz gainera, gai omen da arriskuren bat somatzerakoan, etsaia urrundu arte urpean murgiltzeko, arnasa hartzeko mokoaren punta soilik ageri duelarik. Hau dena sinesgarria izan daiteke noski, baina ... nolatan bada ikus dezakegu Tolosako autobus-geltokiaren parean eta lasaitasun osoz kumatzen? esaterako. Hau bai gauza harrigarria! Ez al da kontraesan latza izua izatea eta herri-erdian eta jende tartean bizitzea? Baliteke bai, hala izatea; baina, betidanik gizakiari ihes egin dioten animalia batzuk, lasai asko ikus ditzakegu errespetatzen dituzten lekuetan.

Herri handi eta hiriak izan daitezke, hain zuzen ere, horren adibide garbienetakoak. Honela, gero eta normalagoa da zozoak, ahateak, katagorriak ... edota uroiloak ikustea gizakiak bereganatutako inguruneetan. Izan ere, Tolosan esan dugun bezala, uroiloak, gordetzeko landaretza duten hezegune gehienetan ager daitezke, lasaitasunik aurkituz noski.

Hezegune eta lezkadi txikienak ere, nahikoa izan daitezke uroiloentzat.

Uroiloa ( Gallinula chloropus ) eperraren tamainako hegazti sendoa dugu. Euskarazko “uroilo” izenak adierazten duenez, hezegunetako hegazti horrek badu nolabaiteko oilo itxura: hanka luzeak, buztan motza eta itxura biribildua. Ezaugarri berezi hauek direla eta, erraz ezagutu dezakegu hegazti hori, eta besteren batekin nahastekotan, kopetazuriarekin ( Fulica atra ) egingo genuke, azken honen tamaina dezentez handiagoa bada ere. Lumaiaren kolorea oso iluna da bi ezpezieetan, baina kopetazuriarena ez bezala, uroiloaren buztana zuria da azpialdetik, eta arrasto zuria du saihetsetan.

Kopetazuriak gainera, izenak dioen bezala, mokoa eta kopeta zuriak ditu, eta uroiloak berriz, gorriak, mokoaren punta horia delarik. Uroiloen hanka berde-horiskek bestalde, galtzari baten moduko arrasto gorria dute tibian. Behatzetan mintzik ez dutenez, ezin dute oso azkar igeri egin; halabaina, behatz luze hauei esker, nahi bezala ibiltzen dira lezka eta zuhaitz-adarren artean, edota azaleko ur eta lokatzetan hondoratu gabe. Egindako deskribapena, emea zein arrarentzat da baliagarri, baina gazteak, arreagoak dira eta ezkutu gorriaren ordez, berdeska dute.

Uroiloaren higikera bestalde, xelebrea da. Oinezko urrats bakoitzean edota igerian, burua dantzan ibiltzen du aurrera eta atzera. Era berean, buztana etengabe astintzen du, eta azpiko kolore zuria dela eta, ikusgarria izaten da hau. Bestalde, 33 cm inguruko gorputza duen arren, 45-50 cm-ko hegal-zabalera dauka, nahikoa txikia alegia, eta horren ondorioz, uroiloa ez dugu hegalari trebea.

Uroiloaren kumeak nidifugoak dira. Habia utzi eta berehala ikasten dute igerian eta bazka bilatzen.

Uretatik altxatzeko ur-gainean palastaka laisterka egiten du, abiadura hartu eta aireratu ahal izateko. Eta hegan hankak oso era bitxian eramaten ditu; zintzilik hasieran, eta atzerantz luzaturik gero, buztana baino luzeagoak direnez, garbi ageri direlarik. Altuera handirik lortu gabe hegaldi labur baten ondoren jaitsi egiten da normalki. Beraz eta arriskurik somatzen badu, hegaz egitea baino, ezkutalekurantz korrika egitea nahiago du uroiloak, azken hau ezin hobeto egiten baitu.

Horretan saiatu den orok dakienez, zaila da lezka tartean animaliak ikustea, eta zailago oraindik uroiloa bezalako hegazti izuak. Hala ere, uroiloaren “Kittik”, “kek-kek”, “kaak” eta transkribatzea zaila den beste hainbat soinu maiz entzun daitezke erne ibiliz gero.

Eguna hezegunearen babesean pasa ondoren, gauez lehorreko soroetara jo dezake bazka bila. Nagusiki landarejale (edo fitofagoa) dugun arren, uroiloak uretako animaliatxoak ere jaten ditu, eta zenbait idazlek orojaletzat hartu izan dute. Tarteka marteka gainera, habiaren bateko arrautzak edota txitoak lapurtu ditzake. Kopetazuria ez bezala, erralido hau bakarti xamarra dugu, eta taldeka baino, 3-4-naka elkarturik ikusiko dugu gehienez. Bestalde, bizileku handirik behar ez duenez, kanala, zingira edo ur gezako putzua egotea nahikoa da hauek bizi ahal izateko, baldin eta gordetzeko nahikoa landaredia badago. Askotan, poluitutako guneetan bizi eta kumatzea lortzen dute, eta gizakiak eraldatutako lekuetara ederki egokitzen da. Moldagarritasun honen ondorioz, banaketa zabala du.

Hegazti kosmopolita hau Australia edota polo aldeetan izan ezik, ia mundu guztian bizi da. Europan Suedia eta Finlandiako hegoaldetik Mediterranioraino heltzen da, eta Iberiar penintsulan oso arrunta da. Euskal Herrian berriz, eskualde gehienetan ikus daiteke, baina 1.000 metrotik beherako lurretan beti ere. Zenbait lekutan, Zadorra, Baias, Aragon, Arga eta Ega ibaien behealdean eta Ebro inguruetan adibidez, ugari dira oso, baina beste hezegune txiki askotan ere ager daiteke uroiloa. Migratzeko joerari dagokionean, inguruotako uroilo gehienak sedentarioak direla esan genezake, baina udazken-negu aldera, iparraldetik etorritakoak ere elkar dakizkieke bertako hezeguneetan.

Gazteek ez daukate kopeta eta mokoko kolore deigarririk.

Ugalketari martxoa-apirila aldera ekingo diote. Hasteko, habia eraiki ohi dute hezeguneko landare artean. Gehienetan, landare urtar eta lehorrekin egindako egitura flotatzaile trinkoa izaten da hau, baina batzuetan, bestelako habiaren bat zaharberritzea edota zuhaitzean eraikitzea ere gerta daiteke. Bertan, emeak 4-10 arrautz errun eta arrarekin txandakatuz 19-22 egunez txitatuko ditu. Arrautz hauek 45 mm-koak izaten dira, arre argiak, eta arrasto arre eta gorriz apaindutakoak. Aipatutako egunen buruan lumoi beltzez jantzitako txitoak jaiotzen hasten dira.

Nidifugoak izaki, habian gehienez 2-3 egun beteta, berehala igeri egiten ikasten dute. 5 7 aste behar izaten dituzte hegan ikasteko, urte-erdi inguru helduen itxura lortzeko, eta urtebete heldutasun sexualera iristeko. Gurasoek gehienetan bigarren txitaldia ere aterako dute, eta batzuetan hirugarrena ere bai, eta txitaldi hauetan txito zaharrenek anai-arreba gazteenak hazten laguntzen dute. Eta ikuskizun bikain hauetaz gozatzeko, ez dugu derrigorrez urrutira joan beharrik. Zuen herriko putzu geldo hori bera ere, nahikoa izan daiteke uroiloentzat, pakean utziz gero noski.

Espeziea: Gallinula chloropus
Familia: erralidoak
Ordena: gruiformeak
Klasea: hegaztiak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila