Zientzi Karpa Bilbon izan zenean, bere inguruan antolatutako ekitaldien artean, irakasleentzako zientzi mintegiak izan genituen. Horietako mintegi batean parte hartzeko gonbitea jaso genuen Elhuyarrekoek eta bertan, Martin Rivas ezagutu genuen. Industri injineru hau Atxurin jaio zen 1944. urtean. Leioan Fisika Teorikoa irakasten du eta Zientzi Fakultateko ikasle-dekanordea da. Martin-en partehartzearen arrazoia, Leioan burutzen ari diren saiakuntza bitxi batzuen berri ematea zen.
1989.eko ekainaren 21ean, udako solstizioa aprobetxatuz eguzkiaren eguerdiari zegokion orduan (ordu zibileko 14:12:35 zirenean), eguzkia bertako meridianotik pasatzean hain zuzen Leioako Helioskiametroa inauguratu zen.
Grezierazko helios (eguzkia) eta skias (irudia, itzala, proiekzioa) hitzak erabiliz osatu dute Leioakoek helioskiametro hitza. Tresna honek lurrera eguzkiaren irudia proiektatzen duen lente bat du eta irudi horren ibilbidearen bidez neurketa batzuk egiteko aukera eskaintzen da.
Aipatu tresnaren egitura 1. irudian azaltzen da.
Irudi honetan agertzen den l angeluak Leioako latitudea adierazten du. Zutoineko lentearen bidez, urteko aro desberdinetan lortzen den itzalari jarraituz 2. irudia lortzen da.
Eguzki-itzalak lurrean egiten dituen ibilbideak hiperbola-adarren bidez irudika daitezke. Lurrean irudikatu direnak gutxi batzuk baino ez dira; hain zuzen, solstizioei (ekainaren 21 edo 22ari eta abenduaren 21 edo 22ari) eta ekinozioei (martxoaren 21 edo 22ari eta irailaren 22 edo 23ari) dagozkienak eta hilen, edo, bestela esanda, zodiakoko zeinuen aldaketako egunei dagozkienak. Azken arrazoi honegatik, hiperbola-adarren tartean zodiakoaren izenak jarri dira; eskuin aldean udari eta udazkenari dagozkionak eta ezker aldean neguari eta udaberriari dagozkionak.
Hiperbola-adar hauekin batera, zutoinetik pasatzen den meridianoa (2° 58’ 2”) eta ekinozioetan eguzkiaren irudiari dagokion paraleloa edo ekinozioen lerroa (43° 19’ 55” I) ere irudikatu dira.
Bestalde, hiperbola-adarren tarte bakoitzari kolore bat eman zaio.
Leioako helioskiametroak eskain dezakeen informazioa honako hau da:
Helioskiametroa aparte, badago Leioan ikus daitekeen beste zerbait, hots, Foucaulten pendulua. Zientzi fakultateko patio nagusiaren sabaitik zintzilik dago. Foucault-en pendulua pendulu sinplea da. Bere erara higi dadin uzten da. Lurraren biraketa-higidurarekin bat datorren behatzaileak, penduluaren higidura-planoa ekialdetik mendebaldera higitzen dela ikusiko du, hau da, eguzkiari jarraitzen zaiola. Penduluaren higidura mantendu ahal izateko, zientzi fakultatearen sabaian etxetxo txiki bat prestatu da, bertan elektroimana eta beste tresna elektriko batzuk daudelarik.
Historia ikuspuntu askotatik azter daiteke. Martin Rivasek minutu batean Bizkaiko historia geologikoa erakutsi zigun. Bai irakurle. Bizkaiko zenbait harrobi eta menditatik garai desberdinetako harriak bildu dira eta edozeinentzat ikusgai daude. Harriak Leioako campus-ean ikus badaitezke ere, zientzi fakultateko sotoan harri bakoitzaren ebakidura argiztaturik erakusten da azalpen teorikoak ondoan daudelarik.
Zientziaren alderdi estetiko hau ez omen da orain dagoenarekin amaituko; Martin Rivas eta bere lagunek etorkizunari begira ideia ugari bait dute.