Sail hau landareen multzo zabalaren (zabalegiaren) hilabetekari antzeko zerbait izatea nahi nuke. Landareez hitz egin ohi dugunean, begi ezberdin askok egiten du so: baratzainak, perretxikuzaleak, belar-biltzaileak, nekazariak, lorazainak, basazainak, mermeladagileak, mahastizainak, etab.ek. Mundu itxi eta esklusiboegi hauek elkartzea zaila bada ere, nolabaiteko lokarriren bat eman nahi diegu sail honetan.
Hilero satelite, planeta edo izarren “egoerari”, eklipseei, tenporei, ilgora edo beherari eta abarri gainbegiratuz hasiko gara. Jarraian baratzainen lanen koadroa, “belarren” mundua, lorazantza, hilabeteari buruzko esaerak eta kontakizunak aztertuko dira, “bitxikeria” deituriko sailaz bukatzeko, non gauza harrigarri ugari ikusiko bait dugu.
Landareek nola igartzen dute udaberria datorrela?
Gizakiarentzako udaberria, Eguzkia PISCIS konstelazioan sartzen denean hasten da (aurtengoan, martxoaren 20an, 16,29etan). Baina, landareek beren begiak, hostoak eta loreak ireki ahal izateko, nola igartzen dute udaberria datorrela?
Udaberriaren etorreraz jabetze horretan, batez ere hiru parametro dituzte landareek: tenperatura, argitasuna eta ebapotranspirazioa.
Tenperatura:
Hauxe da aldaketarik nabarmenena; 3-4 gradu igotzen bait da. Aldaketa honekin ohizko tenperatura landareen bizitzeko tenperatura minimoaz gain kokatzen da.
Bestalde, igoera honek landare-espezie bakoitzak hurrengo zikloa martxan jartzeko beharrezko duen hotz-orduen kopurua (7 graduz azpitikoak) betetzat jotzen du normalean. Hotz-orduen kopurua osatu denean, landareak negua igaro dela “uste du”.
Argitasuna:
Hasieran aipatu bezala, martxoan egunak (eguzkia atera eta sartzen den arteko bitarteak) ordubete eta hogei minutu irabazten ditu.
Landareen energi iturria argia denez, honek ere udaberriko esnatzea bultzatzen du. Neguko erreserbak jan eta berriro bizitzeko aukera somatzen du landareak.
Ebapotranspirazioa:
Argitasunak eta beroak hezetasuna jaitsi eta lurrean dagoen ura lurrintzera bultzatzen du. Honek, landarearen zelulak transpiratzen hastera ere bultzatzen ditu, lurretik ura (elikagaiez nahasirik) hartu eta urteko zikloari hasiera emanez.
Esperientzia batzuk:
Tulipa-lore oso goiztiarrak lortu nahi direnean, erreboil edo bulboak hozkailura sartzen dira. Hotz-orduen kopurua azkarrago osatu eta lehenago ernalduko da, zikloa lehenago osatu eta loreak aurreratu egingo direlarik.
Bazko-lorea ( Euphorbia pulcherrima ) eguberritan eta urrelilia santu guzien egunean normalean baino askoz ere gehiago ordaintzen dira.
Urtebeteko bizitza duten landareetan (hauetan kasu), lorea (gero fruitu-haziak emango dituena) zikloaren amaia da. Bazko-lore eta urreliliaren kasuetan loraldia egun jakin batzuetan lortzeko landareari zikloaren amaierara inguratzen ari dela “jakin erazi” behar diogu. Nola? Argitasuna murriztuz. Praktikan oihal ilun batzuez estaltzen dira egun batzuk lehenago, landareak loreak garatzen dituelarik.
Azken oharra: Irakurleren batek landareei buruz zalantzak balitu, Elhuyar-era jo beza eta egilea saiatuko da hurrengo alean erantzuten. |