Hondakin-urak berrerabiltzea eta ibaietara edota itsasora ez isurtzea dira, besteak beste, fitoarazketa-sistemak eskaintzen dizkigun abantailak. Ura arazteko sistema horietan, uretako landareak --eta horiei lotutako komunitateak-- bakarrik erabiltzen dira, eta ez dago gehigarri kimikoak erabiltzeko beharrik.
Fitoarazketa-sistemak ez dira gizakiak asmatutako zerbait. Naturako hezeguneetan --hots, urtearen zati handi bat edo urte osoa sakonera txikiko ur-geruza batez estalita dauden lur-eremuetan-- sortzen diren ekosistemak imitatuz eratutako ur-inguruneak dira. Hezeguneetan uraren fluxua oso mantsoa izaten da, eta bertan hazten diren bizidunek denbora nahikoa izaten dute iristen den urak izan ditzakeen hondakinak garbitzeko. Hala, inguruan dituzten lurrazpiko eta gainazaleko urak kalitate onean gordetzen dituzte.
Fitoarazketa-sistema batean --hitzak berak adierazten du-- landareak ezinbestekoak dira. Hala ere, haiek bakarrik egongo balira, ezer gutxi egin ahal izango lukete ura behar bezala garbitzeko. Urak zikintzen dituzten osagai guztiak behar bezala desagerrarazteko, hainbat bizidunen elkarlana behar dute. Batzuek egiten duten lanak besteentzako lehengaiak dira, eta denen arteko elkarrekintzak egiten du posible ura garbitzea.
Landareak bizidun autotrofoak diren neurrian, urez, karbono dioxidoz eta eguzkiaren energiaz baliatzen dira hazteko eta elikatzeko behar dituzten azukreak sortzeko. Baina landareak ez daude azukrez bakarrik eratuta; beste osagai asko dituzte, hala nola proteinak, material genetikoa, pigmentuak eta abar. Eta horiek guztiak lortzeko, beste elementu batzuk behar dituzte: nitrogenoa, fosforoa, kaltzioa...
Uretan bizi diren landareek uretan dauden konposatuetatik eskuratzen dituzte elementu horiek. Ezin dute, ordea, edozein konposatu xurgatu. Adibidez, fosforoa lortzeko, fosfatoak xurgatzen dituzte, eta nitrogenoa eskuratzeko, amonio-ioiak edo nitratoak. Elementuok beste konposatu batzuetan baldin badaude, landareentzat eskuraezinak dira.
Poluitutako uretan, askotan landareentzat eskuraezinak diren osagai organikoak egoten dira, hau da, beste bizidun batzuen hondakin gisa egoten dira: hildako landareak, simaurra, ur beltzak, janari-hondarrak eta abar. Horiek uretatik kentzeko, bizidun heterotrofoen parte-hartzea behar dute. Izan ere, bizidun heterotrofoak ez dira gai beren materia organiko propioa sortzeko, eta jadanik sintetizatuta dagoena jaten dute; alegia, beste bizidun batzuk jaten dituzte.
Dena den, uretako hondakin horiek ezin ditu edozein heterotrofok kendu; bizidun-talde berezi bat baino ez da hondakin horietaz elikatzen. Eskuarki, talde hori osatzen duten bizidunei deskonposatzaile deritze, eta onddo eta bakterio batzuek eratzen dute. Deskonposatzaileen taldea oso garrantzitsua da, gainerako heterotrofoek ez duten ezaugarri bat dutelako: gainerakoek materia organikoa bereganatu, eta materia organikoz eratutako konposatuak kanporatzen dituzte hondakin gisa. Deskonposatzaileek, aldiz, landareek xurga ditzaketen ioi ez-organikoak kanporatzen dituzte hondakin gisa. Hala, hondakinak uretatik behin betiko kentzeko urratsa ematen dute landareek.
Bakterio deskonposatzaileen populazioak neurri gabe haztea ekiditen duten organismoak ere badaude ekosistema berezi horietan: protozooak, bakterioz elikatzen baitira. Gainera, horiek kanporatzen dituzten hondakinak ere landareek erabil ditzaketen konposatu nitrogenodunak eta fosforodunak dira.
Ikus daitekeen bezala, oso komunitate konplexuak eratzen dira ura arazteko sistema berezi horietan. Bertako bizidunak askotarikoak izan arren, denek ezaugarri komun bat dute: aerobioak dira, hau da, bizitzeko oxigenoa behar dute. Uretan, berez, oxigenoa badago, eta urak atmosferako oxigenoa barneratzen du gas-trukeen bidez, baina gas-trukearen abiadura oso txikia izan ohi da, eta uretan dauden organismoek prozesu horretan barneratzen den baino oxigeno gehiago kontsumitzen dute.
Nor arduratzen da beharrezkoa den oxigeno hori hornitzeaz? Bada, uretako landareak eta orain arte aipatu ez ditugun algak. Algak urpean bizi direnez, fotosintesian hondakin gisa ekoizten duten oxigenoa uretara kanporatzen dute. Uretako landareek, berriz, airearekin kontaktuan dituzten zatien bidez atmosferako oxigenoa xurgatzen dute, eta, airea garraiatzeko duten sistema bati esker, urpean dauden zatietaraino eramaten dute, baita uretara kanporatu ere.
Ikus daitekeenez, fitoarazketa-sistema batean parte hartzen duten osagaiak elkarri estuki lotuta daude, eta bizitzeko behar dituzten osagai guztiak ematen dizkiete elkarri. Zer gertatuko litzateke sistema hori bere horretan utziko bagenu? Nolabait esateko, zikloa itxi egingo litzateke: landareak hilko lirateke, bakterioek eta onddoek hildako landare horiek deskonposatuko lituzkete, eta atzetik mantenugai horiek erabiliko lituzketen landareak haziko lirateke. Hau da, osagai berak bueltaka ibiliko lirateke, batetik bestera.
Horrelakorik gerta ez dadin, hau da, araztutako ura sistematik garbi atera dadin, egin beharrekoa erraza da: tarteka, hazitako landareak uretatik atera behar dira. Hala, ez dute uzten zikloa ixten; landare berriak hazteko hondakin-ur gehiago sartzen dute, eta hazitako landareak hil aurretik ateratzen dituzte sistematik. Aziendarentzako bazka gisa edota nekazaritzaguneak ongarritzeko erabil daitezke sistemak ekoitzitako landareak.
Bestalde, landareek araztutako ura oso garbia da; ez edateko ona izateko adina, baina erabil daiteke nekazaritza-guneak, lorategiak eta abar ureztatzeko, edota kaleak garbitzeko.
Berez, hezegune naturalak erabil litezke poluitutako urak garbitzeko, baina ez da komeni hori egitea, ondorio oso kaltegarriak izan ditzakeelako, hezegunearen inguruko akuiferoak eta bestelako ekosistemak kutsa baitaitezke.
Horiek erabili ordez, gizakiak hezegune naturalen ezaugarri bertsuak dituzten hezegune artifizialak sortu ditu hondakin-urak tratatzeko. Oinarrian, sakonera txikiko (gehienetan ez dira iristen metro bateko sakonera izatera) urmael edo erretenak dira, eta bertan hezegune naturaletako landareak landatzen ditu.
Artifiziala izateak zenbait abantaila eskaintzen ditu: batetik, urez bete aurretik, hezegunea izango den eremua bakartu daiteke, ondoren sartuko den urak izan ditzakeen kutsatzaileak hezegunearen inguruko ekosistemetara iragatea saihesteko. Bestetik, hezegunean sartzen den uraren emaria kontrola daiteke, eta, hala, ur-mailak urtaro batetik bestera gorabeherarik ez izatea eta urak hezegunean ematen duen denbora zehaztea lor daiteke.
Hirietako, industriako eta nekazaritzako hondakin-urak araztea egungo gizartearen erronka ekologiko eta ekonomiko handienetako bat da. Eta fitoarazketa-sistemek eskaintzen dituzten abantailak ez dira edonolakoak. Beste arazketa-sistema teknologikoekin alderatuta, hezegune artifizialak merkeagoak dira (ohiko arazketa-sistemak baino % 85 merkeagoak, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren arabera), oso eraginkorrak dira poluzio organikoa duten urak arazten (sartzen den uretako mantenugaien % 90 inguru hartzen dute landareek), oso mantentze-lan errazak behar dituzte eta instalazioek ez dute begi-inpakturik eragiten, landareek itxura naturala ematen dietelako.
Sistema horiek bereziki aproposak dira hirietan eta nekazaritza-jardueretan sortutako hondakin-urak arazteko. Bai batean, bai bestean, poluitutako urek karga organiko handia izaten dute, baita landareentzat erabilgarri diren substantzia ez-organiko ugari ere.
Baina beste ezaugarri batzuk dituzten urek --esate baterako, hainbat industriatan sortzen diren hondakin-urek-- landareentzat erabilgaitzak diren konposatu ez-organikoak dituzte; horiek ezin dira ez landareen bidez ez deskonposatzaileen bidez araztu. Hori da fitoarazketa-sistemen ahulgunea.
Abantailak eta ahulguneak alde batera utzita, kontuan izan behar da sistema horiek sistema biziak direla, eta neurri batean, behintzat, zaindu egin behar direla. Alde batetik, ez da komeni herri edo hirietatik ateratzen den ura zuzenean erabiltzea. Ur horietan, aipatutako hondakinez gainera, solido handiak, hareak, flotatzen duten materialak eta gantzak egoten dira, eta hezeguneetako komunitateek ezin dituzte uretatik kendu. Hezegunean sartu aurretik, beraz, osagai horiek uretatik ateratzea komeni da.
Bestalde, araztegira sartzen den ur-bolumenak ere mugatua izan behar du, landareek gaitasun mugatua dutelako uretatik mantenugaiak hartzeko. Gainera, azalera handia behar izaten da horrelako sistema bat jartzeko (4 landare/m 2 ), eta zenbat eta handiagoa izan araztu beharreko ur-bolumena, orduan eta handiagoa da behar den azalera.
Hirigune handietan ohikoa izaten da lur-azalera erabilgarri handirik ez egotea. Beraz, fitoarazketa-sistemak bereziki aproposak dira bizilagun gutxi dituzten herriguneetako hondakin-urak arazteko, bai sortzen den ur-bolumena fitoarazketa-sistema batek garbitu ahal izateko egokia delako, bai herri txikietan arazo handirik egoten ez delako lur-sailak horretara bideratzeko.