Buztanluzea, buztan luze-luzeari itsatsita dagoen lumazko pilotatxo bat dugu. 14 cm inguruko luzera du eta erdia baino gehiago buztanarena dela kontutan hartzen badugu, 6-7 cm-ko luzera eta 7-9 gramoko pisua duen epotxa gelditzen zaigu. Gorputz txikia izateaz gain, hankak eta mokoa motz-motzak dituenez, txori xelebre honen buztan ospetsuak luzeagoa dirudi. Argi dago beraz, buztana edo isatsaren ezohizko luzera dela txori honen ezaugarri aipagarriena, eta ia nahastezina egiten duena. Ia nahastezina esan dugu, buztanikarek ( Motacilla generokoek) ere buztan luzea dutelako oso eta ondorioz, nahasgarriak izan daitezkeelako. Baina tamainan, ibileran, kolorazioan, bizilekuan eta gainerako ezaugarrietan ere oso desberdinak dira eta beraz, aise bereiz genitzake batzuk eta besteak.
Paseriforme hau bestalde, kolore zuriak, beltzak eta arroxak dituen lumaia deigarriz jantzia dago: buztana, burua, eta hegalak zuribeltzak dira; sabela zuriska, eta saihetsak arroxak. Aipatzekoa da Europan zehar espezie honek kolorazio aldakorreko formak dituela eta kontinentearen iparraldekoek adibidez, buru zuria dutela.
Araldian ez dagoenean, buztanluzea animalia taldezalea da, koadrilan ibiltzea gustatzen zaiona, alegia. Horrela, paridoek eta basoetan zehar ibiltzen diren beste zenbait txori txikik osatzen dituzten taldeen kide dugu. Baina kaxkabeltzak, amilotxak, erregetxoak, gerri-txoriak eta abar batera egonda ere, erraz bereiz genezake buztanluzea. Hasteko eta esan bezala, duen buztan galanta edozein jarreratan ikusgarria gertatzen zaigulako; eta bestalde, taldea ez sakabanatzeko ateratzen duen ohizko hotsa ere gainontzeko espezietatik bereizteko modukoa delako, belarria zorroztuz gero: “tsirrrp” modukoa entzungo dugu eta.
Espezie ezberdinetako txori-talde hauetan, buztanluzeek normalki 8 edo 15 aleetako taldeak osatzen dituzte eta ohizko ibileratan, bata bestearen atzetik mugitzen dira basoan zehar. Egun osoa elkarrekin pasa ondoren, gauean ere espeziekide guztiek lotarako bat egiten dute. Horrela bada, zuhaitz-adar bat aukeratu eta talde osoa estu estu biltzen da elkar berotzeko.
Eguna zuhaitzetik zuhaitzera, xomorro, armiarma txiki, landare-zorri eta abarren ehizan pasatzen dute. Ahalegin horretan bizi-bizi aritzen dira, eta maiz ikus ditzakegu jarrerarik akrobatikoenetan adar-muturretako xomorroak atzeman nahiean. Aipagarria da txori gutxik bezala, buztanluzeek pinu-beldarrak jan ditzaketela eta beraz, izurrite hauen aurka lagungarriak direla.
Udaberria heldu ahala, taldeak desegin eta bikotetan parekatzen hasten dira ugalketari ekiteko. Antza denez, emeak dira taldea utzi eta beste taldetako arren bila jotzen dutenak, portaera horrek odolkidetasuna saihesteko balio dielarik. Eztei-hegaldien ostean, bikoteak habia eraikitzeari ekiten dio. Benetan aipagarria da txoritxo hauek egiten duten habia, txepetxek egiten dutenarekin batera, inguruotako landuenetarikoa baita. Goroldioa, amaraunak, likenak eta lumak trebeki erabiliz, habi handi, apain eta biribila egiten dute.
Eraikuntzak zenbait egunetako lan neketsua eskatzen badu ere, emaitza arras polita izaten da azkenean. Paretak, barrutik goxo-goxo lumaz biltzen dituzte, eta kamuflajea lortzearren, amaraunez estaltzen dute kanpoaldea. Sarrera berriz, saihets batean edo goialdean kokatzen dute txukun-txukun. Habia zuhaitz edo zuhaiska baten ezkutuko adartarteren batean paratzen dute eta normalki, ez oso goian. Dirudienez, habia ezartzeko aukeratzen dituzten zuhaitzen artean, epurua gustokoenetarikoa dute.
Hurrengo egunetan emeak gorriz zikindutako 8-12 arrautz zuri erruten ditu. Txitoak bi aste dirauen txitaldiaren ondoren jaiotzen dira eta beste 14-18 egunen buruan habia uzteko gai izaten dira, dena ongi ateraz gero. Zoritxarrez, ez da beti horrela izaten eta habiak sarritan zapuzten zaizkienez, tenore horretan ale asko hil ohi dela esan daiteke.
Nolanahi ere, lagunarterik jatorrenari eutsiz, txitaldia galdu duten buztanluzeek portaera berezia izaten dute. Espezie gehienak bezala, ugaltze-sasoiaren haseran baldin badaude, txitaldi berria ateratzen saiatzen dira. Alabaina, sasoia aurreratua egonez gero, jokaera bitxia agertzen dute oso: auzoko habiren batetara jo eta hango gurasoekin bat egiten dute euren txitoak aurrera ateratzen laguntzeko. Seme-alabarik duzuenok ongi ulertuko duzue, 3-4 lagunen artean 2-ren artean baino hobeto hazten ahal direla 8-12 gosetu. Jokaera harrigarri hau gainera, ez da inoizka ematen den zerbait, bikote gehienetan ikus baitaiteke beste buztanluzeren bat gurasoekin batera lanean jo eta ke.
Txitoak habitik atera ondoren ere, gazteek euren buruaz baliatzen ikasten duten arte, eusten zaio aipatutako laguntzari. Buztanluzeek normalki bi txitaldi ateratzen dituztenez, maiz gertatzen da bikote bat habian egotea bigarren txandako txitoekin eta aurreko txandan ateratako kume guztiak zalaparta batean bazka-eske egotea habi inguruan. Egoera estu hauetan noski, laguntzera inguratzen diren espeziekideek sekulako mesedea egiten dute.
Euskal Herrian buztanluzea habiagile arrunta dugu. Bizilekuari dagokionez, baso-inguru, sastrakadi eta zuhaizti irekietan agertzen da eta hostozabaleko basoak koniferozkoak baino nahiago izaten ditu. 1.000-1.200 metrotik gora, nekez igotzen da eta ondorioz, ez dugu Piriniotan eta gainontzeko mendi altuetan topatuko. Bestalde, soildutako lurrak atsegin ez dituenez, Erribera aldeko zenbait lekutan ez da ageri. Mundu-mailan Europa eta Asian bizi da eta orokorrean, ez du migratzeko joera handirik.
Bukatzeko, txori alai eta bizi hauen bi heriotza-iturri aipatuko ditugu. Batetik, intsektujale amorratuak dira eta elikadura-iturri hori duten animalia askori gertatzen zaien bezala, intsektizidek eta antzeko produktu kimikoek kalte handia eragiten diete. Bestetik, ahul samarrak izaki, negu gogorrari aurre egiteko zailtasunak izaten dituzte. Pentsatzekoa da hortaz, aurtengo elurteetan gorriak ikusi dituztela gure laguntxoek.
Espeziea: Aegithalos caudatus |