1991/04/01
46. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Kronobiologia: gorputza erlojua ote da?
Gizakiaren prozesu biologikoak erlojuaren bidez kontrola daitezke; egun edota orduzko ziklo desberdinetara lotuak bait daude.
Mota askotako erritmoak daude. Elektroentzefalogramak adierazten digu iharduera zerebrala da hauetako bat: erritmo mentala. Gizakiaren prozesu biologikoak (hasi zelulen zatiketatik eta iharduera intelektualeraino, loaldiaren faseetatik eta bihotz-taupadetatik pasatuz) erlojuaren bidez kontrola daitezke; egun edota orduzko ziklo desberdinetara lotuak bait daude. Funtzio organikoen aldizkako aldaketa horiek, beren noizbehinkako errepikapena, hala nola haien arrazoi edo zergatiak, eraginak eta harremanak: horra hor kronobiologiaren ikerketa-alorra. Adar zientifiko hori, kronobiologia alegia, gaztea da oraindik, baina gero eta emaitza baliagarriago eta erakargarriagoak eskaintzen dizkigu. Edozein pertsonak du bere bizi-zikloen esperientzia: badaki zein ordutan dagoen animatuen eta lanerako gogorik handienarekin. Beste batzuetan, ordea, lozorroan edo logureak jota egongo da; bestetan gose edo egonezinik. Mota guztietako erritmoak daude: arnas zikloa, ziklo kardiakoa, heste-mugimenduak, proteinen sintesia, odolaren presioa eta konposizioa, guruinen jariaketa, giltzurrunen eginkizuna, intsulina-beharrizanak, etab. (giza gorputzari dagozkion erritmo zenbait aipatzeko). Badira gainera erritmo mentalak ere, hala nola kalkulu-abiadura gobernatzen dutenak, erreflexuen azkartasuna edota elektroentzefalograma batek adierazten digun iharduera zerebrala. Erritmo horiek laguntza handia eskain dakieke Natura hobeki ulertu nahi dutenei, eta baita gizakiak Naturarekin duen harremana ulertu nahi dutenei ere. Erritmo horiek dira gure gorputzaren barne-ingurune biologikoa kanpoko kosmoarekin, Unibertsoaren erritmoarekin, lotzen dutenak. Laburbilduz, erritmo biologiko horiek eguzkikoa, ilargiarena, astekoa, zirkadianoa (egunekoa) eta ultra edo infraegunekoa dira. - Eguzki-zikloa
Urte osoko zikloa hartzen du barne, urtaro guztiekin. Zenbait biologok, landareentzako garrantzi handikoak direla dio. Eta guretzat ez, hala? Gizakia ez al da, bada, landareen munduarekin eta azken finean Naturarekin harremanetan bizi? Ez da berdina karbono dioxidoa edo oxigenoa arnastea, eta landareek adierazten digute erritmo hori. Ez da gauza bera mahatsa gordina edota latakoa jatea, eta mahatsa udazkenean ohi dugu, etab... Lege horiek hausten baditugu, organismoak gaixotasun desberdinekin erantzutea ez da harritzekoa. - Ilargi-erritmoak
Ilargiaren fase desberdinek mugatzen dituzte eta garrantzi ikaragarria dute itsasoko izaki guztientzat. Lehorrekoentzat sexu-alderdiari dagokionean eduki behar dira batez ere kontutan: emakumezkoan estrogenoen jariaketa eta menstruazioa (hilekoa) erregulatzen dituzte, hala nola haurdunaldiaren iraupena (280 egunekoa batezbeste, hau da, 10 ilargi-ziklo). -
Gure gorputzeko barne-erlojuak garunean daude kokatuak; gaueko atsedenerako programatuak. Asteko zikloa Aurretik eratorria da. Garai batean usadio higienikotarako oso kontutan hartzen zen eta gaur egun asteburuko atsedenari lotua dago batez ere. Zenbaitek garrantzirik eman ez arren, ez genuke zokoratu eta mespretxatu behar. Ukaezinezko eragina du lan- eta eskola-munduan; ezinezkoa bait da pertsona zortzi egunetik gora atsedenik hartu gabe gustora egotea, eta gauza beretsua gertatzen zaie eskolako umeei. - Erritmo zirkadianoak
Eguna/gaua alternantziari dagozkio. Egunean zehar Lurrak bere ardatzaren inguruan burutzen duen errotazioak mugatzen ditu. Gure gorputzeko organo bakoitzaren iharduera- edo atsedenaldi-faseak erregulatzen dituzte; sistema neurobegetatiboarekin (gure borondatez kontrolatzen ez dugun nerbio-sistemarekin) loturik daudenak bereziki: gorputzeko tenperatura arratsaldean igotzen da (maximoa seiak aldera eta minimoa goizaldera, kanpoko erreferentzia, ordutegi eta estimuluek beregan oso eragin eskasa dutelarik), tentsio arteriala goizez dago bere punturik gorenean eta giltzurrungaineko guruinen iharduera maximoa goizeko 6-8ak bitartean izaten da. Erritmo zirkadiano hau hobeto ezagutzeak ahalik eta ordutegi biologikoena mantentzera eraman behar gintuzke gure eguneroko ihardunean, eta ez juxtu-juxtu alderantzizkoa frogatu nahi izatera. Gure gorputzak ordutegi natural horri saihestea lortu baldin badezake ere, honek luzarora bere ondorioak sortzen ditu: loezinak, arnasestuak, suminkortasuna eta sistema neurobegetatiboaren transtornoak. Izan ere, gu saiatu arren, Lurrak jira eta bira segitzen bait du. - Egunaz azpitiko erritmoak
24 orduz azpikoei deritze horrela. Horien artean daude garuneko iharduera elektrikoaren uhinak, arnas erritmoa, erritmo digestiboa, bihotz-erritmoa, loaldiaren jarraiko bi periodo banantzen dituena (90 minutukoa). Azken erritmo hau begira-egoeran ere burutzen da; ordu t’erdiero imajinazioa zorroztu egiten bait da, seinale optikoen identifikazioa hobetzen eta garuneko hemisferioen nagusitasuna aldatzen den bitartean. Kronobiologia: zientzia berria Disziplina honek 15 urte besterik ez ditu, baina dagoeneko zenbait gauza nahikoa argi dauzka: gizakiak ez du erloju zentral bakar bat; asko baizik, beste ugaztunek dituztenekin identifika daitezkeenak. Erloju horiek garunean daude kokatuak eta gure iharduera intelektual, fisiko nahiz deportiboen erantzukizuna beren gain hartzen dute. Ukaezinezko eragina du aste zikloak lan- eta eskola-munduan. Gure gorputzeko barne-erlojuak, gaueko atsedenerako programatuak daude. Eta hala ere, mendebaldeko pertsonen % 20k gauez egiten du lan: langile, erizain, taxi-gidari, fabrika-zaintzaile, polizia, kazetari, etab.ek. Beren erritmo biologikoen desinkronizazioak liseriketan trastornoak sor ditzake, loaldiaren erasanak egunean zehar edota begira-egoera ia etengabea lorik ezin egina Sylvire Royant Parola psikiatra frantsesak dioenez, lana gauez egin duen zenbait pertsonak ezin du gero luzaroan bere barne-erlojurik birsinkronizatu eta laguntza medikoaren beharrean daude. Gauza beretsua gertatzen zaie pilotuei (abioi nahiz untzietakoei) eta baita ordutegi faltsuetan aritzen direnei ere; Amerikatik Europarako hegaldi interkontinentaletako pertsonalari adibidez (bost-sei orduko diferentzia bait dago batetik bestera). Beren barne-tenperaturaren erritmoak astebete behar du errekuperatzen, eta kortisol-tasak, berriz, (gultzurrungaineko guruinak jariatutako hormonak) hiru bat aste. Kromobiologiak arreta berezia eskaini dio eguneko 24 orduetan zehar bizitzaren antolamendua ikertzeari. Leonid Glybin zientzigizon sobietarrak dioenez, gorputzak bere maila gorena goizeko bostetan lortzen omen du, eta horren haritik urte luzez bizi diren pertsonek beren laneguna goizeko seiak aldera hasi ohi dutela gogorarazten digu. Eguneko beste momentu altuak 11etatik 12etara, 16-17ak bitartean eta 18etatik 19etara, eta azkenik gaueko 10-11 bitartean izaten dira. Glybin-ek horretarako milaka eta milaka historia kliniko, traumatismoen estatistika, heriotzak eta erditzeak maizenik gertatzen direneko orduak, eta laneko intentsitate altuen nahiz txikieneko puntuak aztertu zituen. Kapaz izango al gara gure eguneroko lan/atseden/aisia erritmoa gure barne-erloju horrekin egokitu eta sinkronizatzen? Zalantzarik ez, gure gurputzak eskertu egingo luke. |
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.