Kontuz kirurgia estetikoarekin

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Orain egun batzuk, Debora Catalán izeneko emakumea, 36 urtekoa, kirurgia estetikoko zentro klandestino batera joan zen, Madrilgo ICEMA klinikara hain zuzen ere, itxuraz arriskurik gabekoa den liposukzio bat egin ziezaioten. Eta ebakuntza egiten ari zitzaizkiola hil egin zen. Handik egun batzuetara, beste emakume bat koma sakonean sartu zen, bularrak handitzeko egin zioten ebakuntza baten ondotik.

Zoritxarrez, aurreko biak ez dira kirurgia estetikoko ebakuntzetan gertatu diren mediku zabarkeriaren adibide bakarrak. Egia da arestian aipatutakoak (liposukzioa eta bularrak handitzea) ebakuntza edo interbentzio kirurgikoak direla, eta, beraz, arriskua badutela, beste edozein operaziok bezalaxe. Baina azken garaiotan han-hemen, perretxikoak balira bezala, ugaritu diren kliniken eta sarritan behar den titulaziorik gabe diharduten profesionalen ondorioz, zoritxarreko gertaerak egunetik egunera gehiago dira.

Zer da kirurgia plastikoa?

Mediku-espezialitate guztiz zabala da, eta ez, komunikabideetan entzun eta irakurtzen dugun bezala, sudurra edo bularrak konpondu eta aurpegiko zimurrak kentzeaz bakarrik arduratzen den arloa. Kirurgia plastikoa da, hain zuzen ere, erredurak, sortzetiko itxuragabetasunak, traumatismoen osteko hainbat lesio eta tumore batzuk tratatzeaz arduratzen den espezialitatea.

  • Erredura baten ondotik, adibidez, kirurgia plastikoa edo estetikoa behar beharrezkoa gerta daiteke orbainez josia geratu den larruazala osatzeko.
  • Belarrietako itxuragabetasunak izaten dira kirurgialari plastikoek sarrienik tratatu ohi dituzten sortzetiko asaldurak.
  • Erbi-ezpainak eta ahosabaiko arraildurak konpontzeko, trebetasun eta pazientzia handia behar izaten dute zirujauek, eta zenbait kasutan helduaroa bitartean operazio-sail luzea behar izaten da egiaz konpondu nahi badira.
  • Larruazaleko tumore batzuk hobeto tratatzen dira azal-zati zabalak erauzten badira eta, ondoren, horiek guztiak osatzea kirurgialari adituen esku geratzen da.

Besterik dira estetikotzat har genitzakeen beste operazio batzuk, berez normalak diren gorputz-atalen itxura hobetzeko egiten direnak: bekainetan, aurpegian eta lepoan ‘soberan’ dagoen azala erauztea, esaterako; sudur irtenegiak txikitu edo dotoretzea; edo bularrak norberaren gustura uztea (kasu batzuetan pazienteak handitu egin nahiko ditu, eta besteetan, berriz, txikitzeko eskatuko dio medikuari). Operazio horiek eragin handia dute pazientearen psikologian, ezaugarri fisiologiko edo morfologiko jakin batek pertsona bat isolatzeko adina indar eduki dezakeelako. Horrexegatik, faktore horiek guztiak hartu behar dira kontuan ebakuntzak eta ebakuntza-osteak dituzten arriskuak balioesteko orduan.

Eta guk, pazienteok, zeri begiratu behar diogu?

Espainiako Kirurgia Plastiko, Konpontzaile eta Estetikoaren Elkarteko (SECPRE izenarekin ezaguna) lehendakari Jose Sainz Arregi doktorearen hitzetan, gaur egungo egoeraren arrazoi nagusia da estetikako operazioak egiten dituzten kirurgialarien titulazioaren inguruan lege-hutsune handia dagoela. “Kirurgia estetikoaren titulurik ez dago. Kirurgia estetikoaren alorra, legez, kirurgia plastiko eta konpontzaileak hartu beharko luke. Baina, zer gertatzen da? Titulu horretan ez dela estetika hitza agertzen, eta lege-hutsune horri heltzen diote kirurgia estetikoa edozeinek egin dezakeela diotenek”.

Eta zifrak ikaratzeko modukoak dira. Kalkulatu da Espainian, une honetan, 6.000 mediku ari direla kirurgia estetikoko ebakuntzak egiten, horretarako berariaz prestatutako espezialistak 600 besterik ez badira ere.

  • Arazoak saihesteko, titulazio egokia eduki beharko luke kirurgialariak. Eta ez kirurgialari estetiko, ez mediku estetiko ezta kirurgialari kosmetikoaren titulutik ez dagoenez, kirurgia plastiko eta konpontzailearen titulua eskatu eta exijitu beharko genioke horrelako operazioren bat egin behar digunari.
  • Baimen informatua eskatu behar da beti. Agiri horretan, kirurgiako operazio horrek eduki ditzakeen arrisku eta konplikazioen berri emateaz gain, medikuak ezinbestean bere espezialitatea zein den zehaztu beharra dauka.
  • Operazio hori, guztietan sinple eta errazena izanda ere, egingo den lekuaren osasun-kondizioak ere kontrolatu behar dira: ebakuntza-gela esteril bat edukitzeaz gain, desfibrilagailu bat eta esnatzeko gela bat ere eduki beharko lituzke, pazientea, betiere anestesistaren kontrolpean, bere onera etor dadin.
  • Lege-baimen guztiak betetzen direla ere egiaztatu behar da.
Argazki hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila