Elhuyar Fundazioa
Hiru elementu nagusi daude kolorea atzemateko: “argi zuriko” iturria (eguzki-argia eta wolframio-lanpara, adibidez), uhin-luzera batzuk zurgatu eta beste batzuk isladatu egiten dituzten materialak (era horretara koloredun azalduz) eta uhin-luzeren multzoak kolore bateko ala besteko ikusteko giza-begiak duen ahalmena.
“Argi zuria” uhin-luzera desberdineko erradiazioz osatutako nahasketa da. Argi-izpi bat kristalezko prisma batetik iraganaraziz gero, hura osatzen duten koloreak espektru edo abaniko moduan ikusiko ditugu. Espektruaren alde batean urdin iluna azalduko zaigu eta gorria bestean. Biak elkartuta, kolore bakoitzak gradualki beste bat eratzen duen zirkulua, zirkulu kromatikoa alegia, sortzen da (eta zirkulua bere ardatzean biraraziz gero, zuri ikusten da). Zirkuluko kolore bakoitza kolore asea da, zuri, beltz eta grisik ez duela esan nahi du horrek.
Zirkulu kromatikoak hiru zati nagusi ditu: gorria, berdea eta urdina. Horiek kolore primarioak dira eta proportzio egokian nahastuz, gainerako koloreak lortzen dira. Primarioen artean kolore sekundarioak daude: magenta, horia eta cyana. Primario bakoitzak bere sekundarioa aurrez aurre dauka zirkulu kromatikoan (gorriak cyana, berdeak magenta eta urdinak horia).
Sekundario bakoitza bi primarioren nahasketa da eta horietako bi nahasten direnean amankomunean daukaten primarioa ematen dute (adibidez, cyanak eta magentak urdina ematen dute). Primario eta sekundarioen arteko erlazio horrek “substraktibo” izena du eta horretan oinarritzen da koloretako errebelatze eta positibatzea, aurrerago ikusiko dugunez.
Zirkuluko koloreak zuria gehituz argitu eta kenduz ilundu egiten dira. Bi eragiketek asetasun-maila txikiagotu egiten dute. Zuriarekin “tonu argiak” eta zuririk gabe “tonu ilunak” eratzen dira. Hori dela eta, argiztapenak eta gainazalen propietate isladatzaileek asetasunean eragin handia izango dute.
Orain arte esandako guztiak koloreen arteko erlazioa eta koloreari buruzko terminologia ulertzen lagunduko digu. Koloretako argazkilaritzan kolore hotzez eta beroez, kontrastatuez, harmonikoez, indargeez eta indartsuez hitz egiten da, esate baterako.
Kolore hotzak eta beroak: Zirkulu kromatikoko urdinetik berderako erdialdekoak kolore hotzak dira, neguaren ezaugarriekin eta izotzarekin erlazionatzen direlako. Magentatik horira doan beste erdialdekoak kolore hotzak dira, udarekin eta suarekin erlazionatzen ditugun koloreak barne hartzen baititu.
Kolore kontrastatuak: Koloreek bata bestearen ondoan kontrastea eratzen dute, zuri beltzez tonuekin gertatzen den bezala. Koloreek zenbat eta asetasun handiagoa izan, zirkuluan elkarrengandik urrunago egon edota zuri eta beltzarekiko gehiago nabarmendu hainbat eta kontraste handiagoa eratuko dute.
Kolore harmonikoak: Oso erlazionatuta dauden koloreek harmoni sentsazioa sortzen dute, batez ere tonu indargeak badituzte. Harmonia lortzeko zirkuluan hurbil dauden koloreak edo kolore bakarraren hainbat tonu erabil daitezke. Argiak, baldintza klimatologikoek, esposizioak eta iragazkiek harmonia indar dezakete.
Kolore indargeak: Askotan hobe da kolore gutxi erabili, gehiegi erabili baino. Kolore indargeak edo asegabeak erabiliz, indartu egiten da irudia. Koloreari asetasuna kentzeko erarik errazena objektiboan plastiko barreiatzaile gardena (edo beste edozein material barreiatzaile) jartzea da. Diapositibetan, gehiegizko esposioak koloreei asetasuna kentzen die eta tonu altuak (edo argiak) agertzen dira. Gehiegizko esposizioak argietako koloreak indargetzen ditu batez ere, eta itzaletan bakarrik geratzen dira kolore indartsuak. Gutxiegizko esposizioak tonu baxuak (edo ilunak) sortzen ditu eta argietan kolore indartsuak geratzen dira.
Kolore indartsuak: Kolore indartsu edo aseek arreta erakartzen dute. Batzuetan, erakargarri izan daitezke, baina gehiegi erabiliz gero, irudia gaindi dezakete. Diapositibetan gehiegizko esposizioa eta negatiboetan gutxiegizko esposizioa saihestu behar dira batik bat, kolore indartsuak lortu nahi badira. Iragazki polarizatzaileek zeruaren urdina indartzen dute eta koloreari asetasuna kentzen dioten isladak murrizten dituzte.