Kokainaren historia

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Steven B. Karch-en eskutik kokainaren historiari buruzko ibilbide atsegin bezain garratza irakurtzeko aukera eduki dugu.

Steven B. Karch-en eskutik kokainaren historiari buruzko ibilbide atsegin bezain garratza irakurtzeko aukera eduki dugu ( The history of cocaine toxicity. Human Pathology 1989 20:1.037-1.039). Bertan zertzelada historikoez gain, gaur egun arazoa osasun publikoaren dramarik handienetako gisa azaltzen zaigu; USAko National Institute on Drug Abuse erakundeak Estatu Batuetan 5,5 milioi kokaina-kontsumitzaile zeudela estimatzen zuen 1974ean. Zifra hori 21,5 milioikoa izan zen 1982an eta 25 milioikoa 1986an. 1987an 1.700 heriotza kontabilizatu ziren; kokainarekin zuzenean zerikusia zutenak denak.

Gaur egungo kontsumitzailerik gehienek oraintsu arte kontsumitu diren baino askoz ere dosi eta kontzentrazio altuagoak hartzen dituzte; kostuaren beherakadagatik eta droga eskuratzeko erraztasun handiagoagatik seguruenik.

Arazoaren garrantzi epidemiologiko eta sanitarioa inola ere baztertu edo mesprezatu gabe, gaurkoan bidaia bat egingo dugu, kokainari buruzko historian zehar murgilduz, beti ere arestian aipatutako Steven B. Karch-en lanean oinarrituz.

Gaur egungo kontsumitzailerik gehienek, oraintsu arte kontsumitutakoak baino askoz ere dosi eta kontzentrazio altuagoak hartzen dituzte.

Koka hitza Andeetako indiarrek zuhaitzak izendatzeko erabiltzen zuten khoka hitzetik dator. Espainiarrak 1500. urtean Perura iritsi zirenean, bertako indiarrek milaka urte zeramatzaten kokaina kontsumitzen. Kopurua txikia zen: egunero 60 g hosto inguru murtxikatzen zituzten; alegia, 200-300 mg alkaloide. Kokainak basokonstrikzio lokala eragiten duenez, alkaloidea mantso-mantso zurgatzen zen ahoko mukosan zehar, eragin patologikorik sortu gabe.

Badaude indiarrek zauriei koka-kontzentrazio altuak zituen listua ezartzen zietela erakusten diguten froga historikoak (horrela anestesia lokala lortzen zuten). Era berean, kokainarekin lortutako anestesiak esplika dezake inken garaiko medikuek garezurreko trepanazioak hain maiz zergatik egiten zituzten.

Kokaina Europara sartzeak beste abiada bat eman zion historiari. Ikuspegi medikotik, azpimarratzeko moduko gertaera izan zen Al-bert Nieman-ek, Göttingen-eko farmakologi graduatu gazteak, kokainaren alkaloidea 1860 inguruan isolatzea.

1863an Angelo Mariani izeneko frantsesa koka-hostoen aterakinez indartutako ardo bat komertzializatzen hasi zen. Hamar urte geroago ardo horrek erabateko arrakasta lortua zuen Estatu Batuetan, bertako medikuek eritasun askoren erremedio bezala gomendatzen zutelarik. Opioa kontsumitzen zutenen abstinentzi egoeran tratamendu gisa oso erabilia izan zen garai horretan.

1885ean John Styth Pemberton-ek french wine cola izeneko produktua erregistratu zuen Mariani ardoari konpetentzia egin asmoz. Arrazoi komertzialengatik, ardoa kafeinak ordeztu zuen. Hurrengo urtean produktuari Coca-Cola izena eman zitzaion, hasiera batean elixir terapeutiko gisa komertzializatuz. Baina ondoren, Candler-ek erosi zuenean, plazerra sorterazteko zuen gaitasuna azpimarratzen saiatu ziren. Gaur egun Coca-Cola koka-hostoekin prestatzen da; aurrez alkaloidea erauzi ondoren, noski.

1890-1900 urteetaraino, kokaina zuten produktuen kontsumoa apala zen. Baina ordutik aurrera, egoera bapatean aldatu egin zen. Sendagaiak fabrikatzen zituztenek kokaina eransten hasi ziren hainbat botikari: asmaren kontrako erremedio batek, Tucker doktorearenak kasu, 420 mg kokaina zituen ontzako; Mariani ardoak baino 8 aldiz kontzentrazio altuagoa hain zuzen. Gainera, erremedio hori eta antzekoak sudur-mukosan zuzenean ezarriz erabil zitezkeela gomendatzen zen.

Guzti horregatik, kokainaren inportazioak ikaragarri hazi ziren eta lehen heriotzak agertzen hasi ere bai: 2 kasu 1893an, 6 kasu 1895ean eta 1910ean kokainarekin lotutako heriotzak 26 izan ziren.

Gaur egun, kokaina-kontsumitzaileek arratsalde batean zenbait gramo erabiltzera iritsi direla diote. Espezialista forense askok, gehientsuenek, heriotza kokainak sortua dela onartzeko odoleko kontzentrazioak 5 mg/l-tik gorakoa behar du izan. Hala ere, gero eta onartuagoa dago kontsumitzaile kronikoengan kokaina-kontzentrazio minimoak ere heriotza bapatean sorterazteko gai direla.

Crack deiturikoa agertu denetik toxikotasunaren gorakada agertu da; droga-mota hau erretzeko prestatzen bait da, horrela odolean oso kontzentrazio altuak guztiz azkar lortuz. Baina arazo hau geure gaurko lanaren mugetatik kanpo geratzen da, eta bestalde Elhuyar -en tratatua izan da lehendik ere. (ikus Elhuyar. Zientzia eta Teknika. 35. alea. 1990.eko maiatza. Crack droga; azken izurritea, 26-28. orr.).

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila