Kleopatra, perlak eta luxua

Ostra bat jateko orduan, edozeinek pentsa lezake barruan perla bat aurkituko duela. Baina hori ez da horrela izaten, izan ere, perlak ekoizten dituzten ostrak eta jateko erabiltzen ditugunak ez dira talde berekoak, ez daude oso ahaidetuta eta. Areago, biak urtarrak eta kasu gehienetan itsastarrak diren arren, familia taxonomiko desberdinetako animaliak dira, nahiz eta antzeko ezaugarri morfologiko eta fisiologikoak dituzten.

Bitxi benetan bitxiak

Dirudienez, moluskuak duela 530 milioi urte sortu ziren, eta memento horretatik bertatik gaur arte gai izan dira perlak ekoizteko. Maskorra duen edozein molusku gai izaten da perlak egiteko; azken finean, bai maskorrak bai perlek osagai berdinak dituzte. Gaitasun hori, ordea, gutxi batzuek soilik erabiltzen dute. Horrexegatik, perlak oso urriak izan dira betidanik.

Aurkitu duten perlarik zaharrena orain 220-230 milioi urtekoa da. Naturan, 10.000 molusku-aletik batek baino ez du perla ekoizten. Hala ere, perlen hazkuntzaren industrian dihardutenek hainbat teknika garatu dituzte bibalbio perla-ekoizleen kopurua emendatzeko. Horrelaxe lortu dute inoizko perla-ekoizpenik handiena.

Batez ere kaltzio karbonatoz eratuta dago moluskuen maskorra. Bertan hiru geruza bereiz daitezke: kanpokoa (periostrako deritzona) mehea da eta itxuraz adarkara; erdikoak egitura prismatikoa dauka; eta barruko geruza irisatua izaten da eta nakarrak edo perla-amak osatua.

Azterketa-teknikak garatu izan diren heinean, hobeto ulertu ahal izan da nola eratzen den maskor hori: kaltzio karbonatoa kristalizatzen da antzekoak diren poligono-formako kristal lauetan. Kristalak hainbat eratara para daitezke, eta ezaugarri hori aldatu egiten da espezietik espeziera: zutabe modura, eskailerak bezala, piramideak eratuz eta abar ager daiteke. Modu horretara, animaliaren gorputz biguna estaltzen duen maskorra eratzen da. Kristal horiek guztiak konkiolinazko matrize organiko batek inguratzen ditu, periostrakoak alegia. Kristalezko geruza horren azpian egoten da nakarra edo perla ama.

Kaltzio karbonatoa poligono-formako kristal lauetan paratuta, inguruan konkiolinazko matrize organikoak inguratuta.

Gorputz-azal barrura zatiki arraroren bat sartzen bada (harea-bikor bat, beste animalia baten maskor-pusketa bat...), estaltzen du gorputz arrotza moluskuak kaltzio karbonatoz eta konkiolinaz eratutako milaka geruzaz; defentsa-mekanismo bat da azken batean. Modu horretan lortzen da gorputz arrotza isolatu eta animaliaren barrua ez kaltetzea. Perlen barne-egitura, beraz, maskorrarenaren berdina da; izatez, nukleo arrotzaren inguruan eratutako maskorra da. Perlak modu naturalean eratzen direnean, normalean, ostra basatiaren barrura harea-bikorren bat (edota bizkarroiren bat edo zestodoren baten larba) sartu delako izaten da. Ordea, kultiboan hazitako perlak ekoizteko, maskor-zatikiak sartzen dituzte ostraren gorputz-barrunbera. Dena dela, ur gezatako ostren perlak sorrarazteko, maskor-zatikien ordez, beste moluskuren baten ehun-zatikiak erabiltzen dituzte.

Esan bezala, perla-kultiboak gorakada handia izan du azken urteotan. Gero eta teknika gehiago dago ostrak perlak egitera bultzatzeko. Nukleazio-prozesuaren bidez nukleoa ostra barruan sartzeak estres hilgarria eragiten die, izan ere, ostren kuskuak bortxaz ireki behar dira. Beraz, beharginek izugarrizko trebezia behar dute lana azkar eta ongi egiteko eta, aldi berean, odol-jarioak eta deshidratazioa minimizatzeko, ostrak ezin baitira denbora luzez zabalik eduki. Prozesu hori hogei minututik gorakoa bada, moluskuak hil egiten dira.

Gainera, kontuan hartzekoa da ostren kuskuak oso gutxi irekitzen direla, animaliaren muga fisiko batengatik, eta, beraz, beharginak ostraren barrualdeko ia ezer ere ikusi gabe egiten duela nukleazioa. Bizpahiru urteko ostrak itsasotik atera, nukleatu eta berriro itsasoratu egiten dira, plataforma flotatzaileetan eskegitako saskietan sartuta. Plataforma horiek maiz aldatzen dituzte lekuz, ostrak harraparietatik eta mesedegarriak ez diren tenperaturetatik babestearren. Hiru eta sei urte arteko zainketa-aldiaren ostean, ostrak jaso egiten dira, perlak atera eta kalitatearen arabera sailkatzeko.

Perlen eraketan lan handiena moluskuek egin arren, gizakia etengabe saiatzen da kalitatea hobetzen edota perlek berez ez duten leinuru edo ezaugarriren bat lortzen, horretarako asmatutako metodoak animaliarentzat arean kaltegarriak badira ere. Edonola ere, oraindik, perla naturalak dira preziatuenak.

Nukleazioak ostrei hilgarria den estresa eragiten die.

Perlak hazteko teknika horiek egonda ere, urteko ekoizten den perla akatsbakoen kopurua nahikoa txikia da. Adibidez Japonian, nukleatutako ostren erdiak ez dira perla ekoiztera iristen; % 25 oso perla kaxkarrak izaten dira, eta % 20 kalitate ertain-baxukoak dira, baina hala ere saldu egiten dira. Beraz, ostra guztietatik, % 5ek baino ez dituzte gogobetekotzat sailkatutako perlak ekoizten. Ehuneko hori aldatu egiten da espezietik espeziera eta herritik herrira, baina perla akatsbakoak guztiz ez-ohikoak dira kasu guztietan.

Edozein garaitan, perlak beti erakargarri

Antza denez, perlekiko mirespena erromatarren eta bizantziarren denboran hasi zen. Perlei garrantzi erabat desberdina eman diete zibilizazio guztiek. Badirudi XIX. mendea baino lehen maskor bila ibiltzen ziren japoniarrek ez zietela inongo jaramonik egiten aurkituriko perlei. Polinesiarrek ostra perla-ekoizleak hazi hazten zituzten, baina maskorrak (eta ez perlak) aprobetxatzearren. Perlak haurrek erabiltzen zituzten kaniketan olgatzeko. Nolanahi, gugandik hurbilago etorrita, Julio Zesarrek Britainia inbaditzeko izan zituen arrazoietako bat hango perlen jabe bihurtzeko nahia izan zen.

Horixe kontatu digu, behintzat, Plinio Zaharrak (K.o. 23-79) bere Naturalis Historia ezagunean. Idatzi zuenaren arabera, Erromako itsasoetan ez zuten perlarik topatzen, eta, aurkitzekotan ere, txikiak eta kalitate eskasekoak izaten ziren. Horregatik, Plinio Zaharraren hitzetan, Julio Zesarrek perla ingelesez apaindu zuen Venus Jainkosaren omenez eraikitako tenplua.

Erdi Aroan eta Errenazimentuan, Europako eliza eta noblezia perlaz hornitu ziren, jantzi, bitxi eta apaingarriak edertzeko. Orduko perla gehienak ur gezatako ostrek ekoitziak ziren Alemanian, Eskandinavian eta Errusian.

Areago, Errenazimentuan perlak izan ziren Europako harribitxirik preziatuenak. Amerikako kolonizazioaren ondorioz merkatari-sareak ezarri zirenean, XVI. mendean, perlak inoiz baino eskuragarriago egon ziren Europan. Merkatu bi ezarri zituzten Lisboan eta Sevillan, eta horietara etengabe iristen ziren Indian, Persiako Golkoan eta Kariben eskuratutako perlak. Handi-mandiak egunero apaintzen ziren perlez, eta, horrenbestez, perla aberastasunaren, estatusaren eta gustu onaren adierazgarri bihurtu zen. Aipatzekoa da, gainera, garai horretan itxura arraro eta forma irregularreko perlak miresten zituztela gehien.

Perlak hazteko teknika aurreratuak egonda ere, ekoizten diren perla aktsbakoen urteko kopurua nahikoa txikia da.

Dena dela, perlen sukar hura apalduz joan zen XVII. mendearen amaieran, batetik, orduko egoera politiko-erlijiosoagatik, eta bestetik, Mundu Berritik ez zirelako jada lehen beste perla iristen.

Diamanteak-eta lantzeko teknikak garatu zirenean, harribitxi horiek erakarri zuten europarren desira, baina, hala ere, XVIII. mendean perlak erabiltzen jarraitu zuten, jauregietan batez ere. Lepoko, eskumuturreko, arrakada eta bestelako apaingarrietan erabiltzen zituzten. Jakina, elizako objektuak edertzeko ere erabiltzen zituzten. Gero, XIX. mendean perla-iturri berriak aurkitu zituzten Erdialdeko Amerikan, eta horrek perlekiko interesa berpiztu zuen.

Zernahi gisaz, 1700-1800 urteetan, klase ertainekoen artean ere (erosteko adina diru zutenen artean) perlekiko interesa zabaldu zen –bai Europan, bai Estatu Batuetan–. Txina eta India ziren ekoizle nagusiak. Egunkari batek 1870ean zihoenez, “perlak zoragarriak dira, eta oso egokiak emaztegaiari oparitzeko”.

Esan gabe doa gaur egun ere perlak oso preziatuak direla; mundu osoan, milaka milioi dolar mugitzen dira perlen inguruko negozioetan.

Bestalde, perlak –eta nakarra oro har– botoiak egiteko lehengai modura erabili izan dira; nork ez ditu inoiz ikusi gure aiton-amonen jantzi eta oihaletako botoi irisatuak?

Egun, perlen urrezko garaian gaude, eta, izatez ia-ia edonoren eskura egon arren, oraindik ere gordetzen dute betiko glamourra.

Ostra perla-ekoizleen gainean berba bi

Jan vermer-en koadroa.

Orain arte, perlei buruz aritu gara, eta gizakiaren onurarako langile bezala aurkeztu ditugu, baina ez da ahaztu behar gehiegizko ustiapenak ostra perla-egileak desagerrarazi dituela hainbat eta hainbat tokitan, bai itsasoan eta bai ur gezatan ere. Adibidez, Madagaskarreko itsasoan, desagertzeko arrisku larrian dago garai batean oso ugaria izan zen Pinctada margaritifera ostra perla-egilea.

Ur gezatako ostrek, besteak beste Maragritifera margaritiferak , hainbat arazori egin behar diete aurre: larba-fasean ibaian behera edo laku hondora ez joateko, bertako arrainen zakatzetan edo hegatsetan tinkatu beharra dute, itsasoraino iritsiz gero ezinbestez hilko bailirateke; eta, bide batez, zakatzetan lortzen dituzte behar dituzten elikagaiak. Horrela, bai arrainak bai ostraren larbak ingurunearen menpe bizi dira erabat, bertan dauden jakiez elikatu behar dute eta. Horrenbestez, bizi diren habitata etengabe suntsitzearen ondorioz (alegia, kanalizazioen, giza jarduerek urak poluitzearen eta abarren ondorioz), ur gezatako ekosistemetan gero eta ostra perla-ekoizle gutxiago daude, eta hala egongo dira uren kudeaketa aldatzen ez den bitartean.

Perlen ‘eraketa’ erromatarren garaian

Plinio Zaharrak perlei buruzko hainbat kontu azaldu zituen Naturalis Historia entziklopedian: batetik, perlak eratzeko prozesua deskribatu zuen, eta bestetik, perlen ezaugarrietan eragina duten faktoreak aipatu zituen. Besteak beste, perlek eguzki-izpiren bat jasotzen bazuten gorritu egiten zirela esan zuen, gizakiari gertatzen zaion bezalaxe, edota hazten ari zirenean tximistarik bazegoen, ez zirela behar bezala hazten kikildu egiten zirelako. Bestalde, perlak biltzeak dakartzan arazoez aritu zen: dela perlak jasotzera doanak itsasoko munstroei aurre egin behar diela, dela ostren kuskuek arrantzalearen eskua harrapatu eta mozten duela, dela ostrak leku arrokatsu eta sakonetan bizi direla, itsas txakurrek zainduta eta abar.

Baina, hala ere, gizona ez du beldurtzen perlen bila joateak, ezpada perlak damek eta andereek derrigorrez behar dituztela. Ildo horretatik, Jules Verne zientzia-fikziozko nobelagileak aspaldi idatzi zizkigun Nemo kapitainaren urpeko abenturak. Horietako ibilaldi batean Ceilaneko itsasoan aurkitu zuen hirurehun kiloko moluskua erakutsi zigun, gutxi gorabehera hamabost kilo okel zituena eta barruan koko fruituaren tamainako perla.


Historiako afaririk garestiena

Erromatarren garaiko beste istoriorik ere badakarkigu Plinio Zaharrak. Aipagarriena Kleopatra eta Marko Antonioren arteko apustua da. Kleopatra, herentziaz, munduko bi perla perfektuenen jabea zen. M. Antonio prest zegoen beti Kleopatraren nahi eta behar guztiak asetzeko, eta sestertzio-mordoa xahutu zuen horretan. Halako batean, Kleopatrak agindu zion gastatutako diru guztia afari batean itzuliko ziola. Jakina, M. Antoniori guztiz ezinezkoa begitandu zitzaion hori, eta, auzia erabakitzeko, apustu bat egin zuten.

Afaria oturuntza galanta izan zen, hamar milioi sestertziokoa Plinioren arabera, baina ez zen, inondik inora, M. Antoniok Kleopatrarekin gastatutakoa beste. Zer esanik ez, M. Antoniok irabazitzat jo zuen apustua. Baina usteak erdia ustel; halako batean, Kleopatrak edalontzi bete ozpin eskatu zuen, eta, ekarri ziotenean, belarrietatik eskegitako bi perla zoragarrietako bat erantzi eta ozpinetan sartu zuen. Ozpinak, azidoa denez, perlak disolbatzeko gaitasuna du. Kleopatrak perla urtu arte itxaron zuen, eta ostean ozpina edan. Perla bakar horren balioak hainbat eta hainbat aldiz gainditzen zuen Marko Antoniok xahututakoa, eta, beraz, M. Antoniok galdu zuen apustua.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila