Elhuyar Fundazioa
Musulmanen zurezko kasetoidurek sona handia lortu zuten Espainian eta, ondorengo mendeetan, irudi geometriko horiek Ertamerika eta Hegoameriketako etxe dotoreetako altzari eta barruak hornitu zituzten.
Amerikar kaoba, hasiera batean, untzigintzan eta etxegintzan bakarrik erabiltzen zen; bere ezaugarriak paregabeak bait ziren funtzio horietarako. Zuhaitz horiek zuten tamaina handia zela eta, luzera eta lodiera handiko enborrak erraz lor zitezkeen eta hori ere abantaila handia zen. XVIII. mendearen bukaeran Europako etxerik dotoreenetara heldu zen. Ordurako, arotz eta zurginak kaobak zituen zuntz estu eta trinkoez konturatuak ziren, zeintzuek hezur-itxurako hanka estu-estuak lantzeko aukera ematen bait zuten, garaiko gustuak eskatzen zuen bezala.
Ondoren, kaoba afrikarraren txanda heldu zen. XIX. mendean, Amerika tropikaletiko zura eskaerak asetzeko adinakoa ez zela eta, Afrikako oihanak ustiatzeari ekin zitzaion. Afrikako zuhaitzak jenero desberdin bateko espezietakoak dira ( Khaya eta Entandophragma horien artean), baina kaoba-zurarekin duten antzekotasunari esker, kaobatzat ezagutu eta onartzen dira mundu osoan zehar. Ginea-tik Angola-raino eta Sudan-etik Mozambike-raino, Afrikan bost espezie dira mota honetako zura ematen dutenak.
Oihanetik altzarira bide luzea egin behar du zurak. Lehenengo eginbeharra zuhaitza moztea da eta bota ondoren, bertan utzi behar da adarrek enborreko ur guztia zurgatu arte. Orduan hasiko da enborraren bidaia. Kongo-ko oihanetan ebakitako zuhaitzak adibidez, enborrak elkarri lotu eta almadia eratuz Shanga ibaiko uretan behera joango dira Brazaville-raino eta handik, trenez, Atlantikoko itsasertzeraino. Han, parte batekin oholak eta xaflak egingo dira eta beste parte bat bere horretan untziratuko da. Untziratu baino lehen intsektizida eta gasolioz prestatutako nahastea injektatzen zaio zurari, harren erasoari ekiditeko. Hiru aste geroago helduko da Europara, beste zur noble batzuekin batera. Atzean geratu dira oihan soilduak.
Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeak (FAOk) adierazi duenez, urtero 7,5 milioi hektarea oihan desagertzen dira munduan. Kalkuluek diotenez, jatorrizko 20 milioi kilometro karratuko oihanak erdira etorri dira. Orain, lurrazalaren %7 besterik ez dute estaltzen oihanek eta bertan 800.000 animali eta landare-espezie bizi dira. Eta soilketak aurrera darrai; lurralde tropikaletako herri pobreek dirua azkar eta premia handiz behar bait dute.
Herri horiexek dira bestalde, oihanari iraun erazteko interes handiena izan behar luketenak; beraien ekonomiaren euskarrietako bat bait dira. Horregatik ezarri dituzte ustiapena kontrolpean egiteko arauak. Kongo-rekin jarraituz, bertan ezin da kaobarik moztu zuhaitz-enborraren diametroa 80 cm baino txikiagoa bada eta oihaneko zona berean ezin da aritu 10 urteko epean.
Gainera, moztutako arbola bakoitzeko zergak ordaindu behar izaten dira eta zenbateko horren %3 oihanaren birpopulaketarako omen da. Baina, apurra izanagatik, hori ere ez omen da heltzen ezarritako helburua betetzera; burokrazia edo oihanarekin zerikusirik ez duten beste landaketa batzuk gizentzen omen dira diru horren kontura.
Malasiako oihanean gertatutakoa ere aipatuko dugu: Japoniarrek soildutako oihanera euri montzonikoak heldu zirenean, bertako lur emankorrezko geruza fina eraman egin zuten eta geroztik hor ez da zuhaitz berririk sortu. Ekologiaren ikuspegitik katastrofe handia izan zen.
Indonesian, militar erretiratuek oihan-puska bat jasotzen dute saritan. Han ere, oihanak babesteko legeak izanagatik, pertsona horiek presa izaten dute jasotako oparitxoa diru bihurtzeko eta ahal bezain laster ebaki eta saltzen dituzte zuhaitzak, enborrak esportatzeko dagoen debekuari jaramonik egin gabe.
Zur tropikalaren parte handiena altzarigintzan eta untzigintzan erabiltzen da eta baita lurzoruak estaltzeko ere. Kaoba-zuhaitz afrikar zenbaitek, Alemaniako autopistetan soinuaren kontrako babesle moduan erabilita bukatu du bizitza.
Europako talde ekologistak behintzat hasiak dira arazoa plazaratzen. Talde hauen ustez amore eman beharko omen dugu eta Asia eta Afrikako zur nobleak erabiltzeari utzi.