Kameraren aginteak (eta II): diafragma eta obturadorea

Nogeras, Itziar

Elhuyar Fundazioa

Diafragma

Bi argazki hauetan diafragmak irudiaren araztasunean duen eragina ikus dezakegu. Biak puntu berean enfokatuta daude. Goikoa f5ean (eta 1/2.000 abiaduran) aterata dago eta araztasun-eremu txikia dauka. Behekoa f22an (eta 1/125 abiaduran) aterata dago eta ia irudi osoa lehen planotik hondoraino dago aratz. Honek aurrerago ikusiko dugun eremu sakonerarekin du zerikusia.

Kamera batean bi modutara kontrola daiteke pelikulara iristen den argia: objektiboaren atzean dagoen irekidura aldakorraz irudia argitu edo ilunduz, eta obturadore erregulagarri batez pelikulara iristen den argiaren iraupena aldatuz.

Irekidura aldakor hori, aurreko batean esan genuenez, diafragma da. Subjektu ilun bati argazkia ateratzeko, diafragmari irekidura handiagotu egin beharko zaio, ahal den argi-kantitate handiena sar dadin. Oso argiztatua egonez gero, irekidura txikiagotu egin beharko zaio. Horrela, bi argazkietan antzeko emaitza lortuko da; pelikulak esposizio berdina eduki baitu.

Diafragma kontrolatzeko eraztunak "f zenbakiez" osatutako eskala darama. Zenbaki bakoitzak, aurrekoaren argiaren erdia edo hurrengoaren bikoitza adierazten du.

"f zenbakiek", diafragmaren posizio bakoitza adierazten dute. Baina, diafragmaren irekiduraren diametroa adierazi beharrean, diametro bakoitzaren eta foku-distantziaren arteko zatidura dira.

Neurri-sistema horrek, edozein objektiborekin diafragma jakin batean argi-kantitate bera sartuko dela ziurtatzen du. Horrela, objektiboak aldatutakoan, ez dira esposizio-arazoak sortuko. Zenbakia zenbat eta handiagoa izan, irekidura hainbat eta txikiagoa izango da. Eskalako zenbakirik txikiena, hau da, objektiboaren irekidurarik handiena, objektibo normal honetan f2 i ngurukoa izaten da.

Obturadorea

Esan bezala, diafragmaz gain, pelikulara iristen den argia kontrolatzeko badago beste bide bat: obturadorea, hain zuzen ere.

Horren lana, pelikulara iritsiko den argiaren iraupena (argi-kantitatea, alegia) erabakitzeaz gain, argi hori zein momentutan sartuko den erabakitzea ere bada.

Kameraren beste aginte batek (eraztunak edo gurpiltxoak) obturazio-abiaduren eskala darama. Kamera sinpleek, abiadura bakarreko edota ikur klimatologikoz adierazitako hiruzpalau abiadurako obturadorea daukate.

Eskala horrek, segundoa eta segundo-zatikiak adierazten ditu. "f zenbakietan" bezala, zenbaki bakoitzak aurrekoaren esposizio-denbora erdia edota hurrengoaren bikoitza adierazten du. Ezaugarri amankomun hau garrantzitsua da; geroago aztertuko dugun konbinazioak egiteko aukera ematen baitu. B posizioan, obturadorea, kliskailua sakatuta dagoen bitartean, irekita egoten da.

Obturazio-abiadurak, ez du esposizioan bakarrik eragina. Higitzen ari diren objektuak nola aterako diren ere bere baitan dago. Bigarren atalean bi obturadore-mota zeudela ikusi genuen. Zentrala edo xaflatxozkoa, bisore zuzeneko kamerek izan ohi dute.

Obturadore-mota hau objektiboan egoten da eta argia esposizio-momentura arte ez da gorputzeraino iristen. SLRek foku-planokoa daramate. Hauetan, kameraren gorputzean kokatuta dago, pelikularen aurre-aurrean. Sistema honen bidez objektiboa alda daiteke, pelikula belatzeko arriskurik gabe. Esposizio bitartean bata bestearen ondoren pasatzen diren bi gortinatxok osatzen dute.

Abiadura-aginteak bien arteko tartea aldatzen du, tartea zenbat eta txikiago izan, esposizio-denbora hainbat eta txikiagoa izango delarik. Bestetik, kamera askok auto kliskailua darama. Berorren bidez, botoia sakatu eta 10-30 segundo bitartean obturadorea ez da irekitzen. Oso erabilgarria da autorretratuak egiteko edota taldeko argazkietan argazkilariak ere bertan atera nahi duenean. Argazkia ateratzeko unean kamera mugitzeko arriskua dagoenean ere erabil daiteke, egon litekeen mugimendua segundo horiekin saihets daiteke eta.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila