Kabletiko telebista edo telebanaketa

Telebistako informazioa etxetara eramateko sistemarik erabiliena, uhin elektromagnetikoen erradiazioa izan da oraindaino. Baina azken urte hauetan Estatu Batuetan asko hedatu den beste sistema bat ere badago; kabletiko telebista (KATB alegia). Sistema honek, uhin elektromagnetikoen ordez kablea erabiltzen du transmisioaren euskarri bezala. Kablea erabiltzeak, bi abantail ditu; lehenengoa, seinalearen kalitate hobearen posibilitatea, eta bigarrena, aldi berean kanal asko transmitizeko erraztasuna (orain topea 60 kanaletan dago). Akats bezala, kablearen ezarketa eta honek dakarren gastua aipa daiteke. Lehen esan dudanez batipat Estatu Batuetan hedatu bada ere, Europan hasiak dira ezartzen Frantzian eta Alemanian. Euskal Herrian telebistako seinalea kablez banatzen duten bi herri badaude: Eskoriatza eta Legorreta.

KATB-ren lilura

KATB nola sortu eta nola hedatu zen aztertzeko, Estatu Batuetako kasua behin eta berriro aipatu beharko dugu; fenomeno hau han jaio eta zabaldu bait zen.

Lehenengo sistemak 1949. urtean ezarri ziren eta airez igorritako seinalearen harrera txarra zuten tokietako arazoa konpontzeko jarri ziren. Leku menditsuetan seinalea ez da berdin iristen etxe edo herri guztietara. Batzutan, elur pixka batekin iristen da, bestetan isladatze-fenomenoak direla eta irudi bikoitza azaltzen da pantailan. Hau konpontzeko, seinalearen harrera ona daukan leku bat bilatzen da eta hor antena bakarra ezarriz gero, seinalea anplifikatu egiten da eta kablez eramaten behar den toki guztietara legezkoa den kalitateaz.

1952. urtean 70 sistema zeuden ezarriak Estatu Batuetan 14.000 harpidedunekin. 1980.ean 4.225 sistema zeuden eta 15 milioi harpidedun. Azken urte hauetan batez ere, harpidedunen kopurua nahiko azkar hazi da.

Hasiera batetan sistema hau, seinale harrera txarra zeukaten tokietan bakarrik ezartzen bazen ere, gero, eta KATB -ren industria handitzen zihoan heinean, beste herri batzuetan (airez kate bat edo bi bakarrik hartzen zu tenetan) hasi zen ezartzen. Helburua herri horietan ikusten ziren kanalen kopurua handitzea zen noski. Horretarako, hargailu on batez, beste herrialdetako kanalak herriko talebanaketaren zentralean hartzen ziren eta handik kablez etxe guztietara banatzen.

Seinaleak hartzea, hargailuen baldintzengatik mugatuta zegoen; distantzia eta lurraren kurbaturagatik alegia. Distantzia handietatik seinaleak lortzeko mikrouhin-loturak erabili behar izan ziren eta sistema hauek garestiak dira ezartzeko eta mantentzeko. Hala ere satelitetiko transmisioak martxan jarri zirenetik, urrutiko telebistako kanal asko dago, garestiegi ez den sateliteko lur hargailu batez, erraz har daitekeelarik.

Telebistako programazio berezitua sortzeak, bultzada haundia eman zion KATB -ri. Kanal bakoitza gai bakar batera dedikatzen da eta denbora guztia gai horretaz bakarrik aritzen da; kirolez esate baterako Edo kulturaz, hezkuntzaz, dokumentalez, abenturazko filmez, hizkuntzen irakasketaz, eta abarrez.

Honen ondorioz, airez igorritako kanalen harrera ona zeukaten herrialdeetan ere, hasi ziren KATB sistemak ezartzen; hiri handien inguruan eta hiri txikietan alegia.

Kanalen kopurua

Lehenengo KATB sistemek, airez igorritako bi edo hiru kanal hartu eta kablez banatzen zi tuzten. Hau nahikoa zuten, kanal hauek, beste telebistarik ikusteko posibilitaterik ez zeukaten harpidedunei bidaltzen bait zizkien. KATB sistemak, airez kanal gehiago erraz hartzen ziren herrialdeetan ezarritakoan, beraien programen kopurua handitu beharrean aurkitu ziren, harpidedunei sistema erakargarria eskaini nahi bazieten.

Arrazoi teknikoengatik kanal-kopuruaren lehenengo muga 7 izan zen. Kanal hauek VHF -ko BI eta BIII -an kokatuta zeuden (1. taula); horietako hiru BI -ean eta beste lauak BIII -an, erabilitako kanal-pare bakoitzaren artean beste bat erabili gabe utzirik. Eredu hau New York en eta Los Angeles en VHF -ko airezko transmisioetarako erabiltzen dena da.

Oztopo teknikoak azkar gainditu ziren eta KATB sistemek 12 kanal eskaini ahal izan zuten; hau da, telebistako hargailu baten VHF -ko kapazitate maximoa ( EEBB .etan 12 , Europan 11 bakarrik). UHF -ko kanalak ezin izan ziren erabili KATB -an. Kanal hauen maiztasun altuek kablean atenuazio handia sortzen bait dute.

Harpidedunen kopurua handitzeko asmoz, KATB sistema asko 12 kanal baino gehiago transmititzen hasi zen. Telebista-hargailu normal batek, VHF -an 12 kanal baino gehiago sintonizatu ezin duenez, KATB sistemek beste dispositibo bat, konbertigailu izenekoa, hornitu behar izan zuten. Konbertigailu hau, antena eta telebistaren artean konektatzen da eta bere maiztasun selektorea du. Telebistako hargailua kanal finko batetan sintonizatzen da eta kanalen aukera konbertigailuaren bidez egiten da (2. irudia).

KATB sistemek hileko tarifak garestitu egin zizkieten beren harpidedunei, konbertigailuaren bidez kanal gehiago hartzeko posibilitatea zegoela eta.

Lehenengo konbertigailuek FM eta 7. kanalaren ( Europan 5.) tartean dagoen maiztasun-hutsunea erabili zuten. Maiztasun hauek airezko transmisioetan erabili egiten dira, (irrati-komunikaziotan eta nabigazio-sistematan), baina KATB transmisioa kable ardazkidera mugaturik egiten denez, maiztasun hauen erabilpenak ez du inolako interferentzi arazorik sortzen. Erdiko banda honetako kanalak erabiltzeak, programen kopurua 12 tik 20 ingurura igo zuen.

KATB sistema batek eskain zezakeen kanal-kopuruaren hurrengo muga, kablearen linean zeuden anplifikagailuena zen; anplifika zezaketen maiztasun maximoa alegia. Muga hau 300 Mhz -ekoa zen, guztira 36 kanaleko ahalmena izanik erdi bandako maiztasunak nahiz 13. kanala baino maiztasun handiagoak erabiliz. Hurrengo hazkundea, anplifikagailuen ahalmena aldatuta 360 Mhz -era heldu zen, eta gero 400 Mhz -era, 52 kanal kabletik bidaltzeko posibilitatea zuela. Egunotan 450 Mhz -era iristen ari da, 60 kanaleko ahalmenez.

Urteetan zehar KATB sistema askok kable bikoitza ezarri du bere sarean. Honela, kanalen ahalmena bikoiztu egiten da. Beraz gaur egun kable bikoitza duen sistemak, teorian behintzat, 120 programa ezberdin eskain lezake.

Herrialdetako esklusibak lortzeko asmoz, sistemek gero eta kanal gehiago eskaini izan dute eta gero eta gehiago eskatu izan zaie. Egun, KATB ko zerbitzurako kapazitate tekniko onargarria badagoela esan dezakegu.

Baina oraingo arazo larria, hainbeste kanal betetzeko programazioa aurkitzea da. Beste problema bat, programa guzti horiek finantzatzea izango da. KATB sistemarik gehienek, programazio iturri batzuren konbinazioa erabiliko dute kanal guzti horiek betetzeko asmoz.

KATB sistema baten egitura

KATB sistema, zenbait elementuz osatuta dago, eta elementu hauen eginkizuna, goi-mailako kalitate tekniko batez telebista-programak biltzea eta degradazio minimo batez harpidedunen etxeetara banatzea da. KATB sistemaren ohizko elementuak, 3. irudian azaltzen dira.

Sarean sartzen diren telebistako seinaleak, antena batez airetik hartutakoak, mikrouhin-lotura batetik etorriak, sateliteko seinaleen hargailu batez hartutakoak edo sisteman bertan sortutakoak izan daitezke. Airezko seinalentzako antenak, erabiliko diren kanalen maiztasunen arabera eginak daude eta inguruetan izan daitezkeen oztopoak gainditzeko diseinatutako dorreetan ezartzen dira. Kanal berezi bat hartzeko, antena batzuren multzoak (antena batzuk elkarri konektaturik) maiz erabili behar dira.

Nahi dugun telebistako seinalea, urrutiegi dagoenean edota beste herrialde batetan sortzen denean, airez hartzeko, mikrouhin-loturak edo satelite-banaketa erabiltzen dira. Kanpotik sartutako seinaleak eta sisteman bertan sortutakoak, konbertigailu, moduladore eta anplifikagailu-multzo batez prozesatu egiten dira. Dispositibo-multzo honi, telebanaketarako zentrala deitzen zaio. Hemen seinaleen maiztasunak eta anplitudeak mugatu, aldatu, eta kontrolatu egiten dira, KATB sistemak eskainiko duen kanalen sorta antolatzeko. Eragiketa hauen emaitza, sarrerako telebista-seinaleen konbinazioa da eta konbinazio hau kablez bidaliko da sistema osoan zehar banatua izan dadin.

Seinaleen banaketarako, kable ardazkidea erabiltzen da, eta kable hau telefonoko posteen modukoetan ezartzen da edo lurperatu egiten da komunitatearen eskakizunen arabera.

Kable ardazkidean galerak daudenez gero, anplifikagailuak behar dira galdutakoa irabazteko eta seinale bakoitza ekualizatzeko; galerak' maiztasunaren arabera aldatu egiten bait dira. Kablearen linea nagusiari enborra deitzen zaio, eta linea horretan dauden anplifikagailuak nagusiak dira.

Geografikoki egokiak diren tokietan, deribazio-anplifikagailuak ezartzen dira. Anplifikagailu hauek, bi irteera dituzte. Batak, jarraitzen duen enbor-linea elikatzen du eta besteak berriz potentzia txikiagoko bigarren mailako linea bat. Bigarren mailako lineak, kale edo pasealekuan zehar luzatzen dira. Linea hauetan ere galerak izaten dira eta banaketa-anplifikagailuak jarri behar dira. Linearen bukaerara hurbildu ahala, anplifikagailu txikiagoak, hedapen-anplifikagailu izenekoak, erabiltzen dira.

Seinalea etxeetaraino eramateko, bigarren mailako lineatik eta banaketako deribazio-anplifikagailuen bidez, hirugarren mailako lineak ateratzen dira. Linea hauen bukaeretan eta jadanik etxe bakoitzean sarrera-anplifikagailuak ezartzen dira. Sarrera-anplifikagailutatik etxebizitza bakoitzaraino telebista seinalea eramateko, banatzaile eta deribatzaile pasiboak erabiltzen dira.

Telebista ordaindua

KATB sistemak, tarifa bereziz eskaintzen duen programazio gehigarria, ordaindua da.

Filme-estudioekin tratu berezia eginda KATB sistemek, zineek erakusten dituzten filmeak aldi berean edo pixka bat beranduago (hala ere telebista normala baino lehenago), erakusteko baimena lortu zuten. Pribilejio honegatik KATB sistemak tarifa berezia jarri behar izan zien harpidedunei, tarifa honen zati bat filme-estudioetara zihoalarik. Beraz, KATB sistemak zine bateko txarteldegiaren antzera funzionatzen du.

Filme terakoan, berri hauek erakusterakoan KATB sistemak ez zuen eskubiderik ez filmeak mozteko, ez iragarkiak txertatzeko eta ezta aurretik erabakitako programazio-denbora batetara egokitzeko ere. Airetik igortzen duten telebistak estazioek, iragarkiak txertatzen dituzte eta filmeak moztu egiten dituzte noski beren programaziora egokitzekotan, eta hau berebiziko abantaila da KATB -rentzat.

Telebista ordainduaren lehen sisteman, harpidedunak programa bat ikusten zuen bakoitzean kobratzen saiatu ziren, zine-txarteldegian egiten den bezala. Hala ere, sistema honek oztopo batzuk zituen. Tarifak igotzeko eta programen harrera kontrolatzeko erabilitako ekipo teknikoak, askotan huts egiten zuen. Akats asko sortu ziren eta harpidedunak ordaintzeko era honen aurka jarri ziren.

Gaur egun gehien erabiltzen den ordainketa-sistema, hileroko tarifarena da. Programazio bereziaren diru-kopurua, hileko tarifa normalari gehitu egiten zaio. Metodo sinple hau, denboran zehar egokia dela frogatu da eta harpidedunek gogoz onartzen dute. Programazio berezia ordaintzen ez duten harpidedunei ikustea galerazteko, metodo tekniko batzuk badaude; baina ez ditugu hemen aztertuko.

Amaiera

Gaur egun KATB -ri telebista-seinalea banatzeko lanean konpetentzia egin diezaiokenik ez dagoela esan dezakegu. Dauden beste sistemek, oraingoz ezin dute KATB -k adina kanal transmititu. Gainera KATB da etorkizun hurbil batetan bi norantzako telebistaren posibilitatea daukan sistema bakarra. Baldintza egoki hauegatik, KATB -ren erabilpena Europan azkar zabalduko dela pentsa daiteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila