Antzinatik atzeman zen, emoziozko esperientziak, nortasunak, estresari aurre egiteko moduak eta antzeko faktore psikosozialek, gaixotasunaren minberatasunean eta garapenean eragin zezaketela. Duela ehun urte, gaixotasun infekziosoen erantzuleak patogenoak zirela aurkitu zenetik, zientzia biomedikoen helburu nagusiena agente hauek nola kontrolatu eta eliminatu ikertzea izan zen eta, ondorioz, antibiotikoen garapen oso garrantzitsua sortu zen. Azken urteetan, aldiz, gaixotasunetan (minbizia, eritasun autoinmuneak eta gaixotasun infekziosoak barne direla) faktore psikosozialek duten eragina ikertzeko interesa berpiztu egin da.
Ondorioz, lan asko egin da, bai animaliekin eta baita gizakiekin ere, estres-egoerek inmunitate-erreakzioan dituzten eraginak aztertzeko, eta garunak inmunitate-sistemaren aktibitatea zein mekanismo fisiologikoren bitartez kontrolatzen duen jakiteko. Ikerketa hauen emaitza, bi sistema hauen arteko konexiorako bi bide nagusi deskribatzea izan da. Alde batetik, nerbio-sistema sinpatikoak organo inmunitarioak (barea, timoa...) zuzenean inerbatzen dituela frogatu da, eta baita nerbio-bukaerek linfozitoak ukitzen dituztela ere. Beste aldetik, ardatz hipotalamoa-hipofisia-adrenalaren bitartez lotura neuroendokrinoa azaltzen da; horrela, inmunitate-sistemaren organoekin komunika daiteke garuna, funtzio inmunitarioan eragin dezaketen hormona eta neurotransmisoreen bitartez.
Testuinguru kontzeptual hau, psikoneuroinmunologiarena hain zuzen, da gure lanaren esparrua. Horrela, bi lerro nagusitan bana daiteke gure ikerketa:
1. Laborategiko saguek gatazka sozial eta jokabide agonistikoen egoeran izandako erregulazio neuroendokrinoinmunitarioen fenomenoen ikerketan oinarritzen da ikerketa-lerro bat.
2. Lanaren beste lerroan gizakiekin lan egin dugu, eta eskolaurreko haurren jokabide sozialaren eta gaixotasunarekiko sentikortasunaren arteko lotura izan dugu aztergai, erlazio honen bitarteko diren zenbait mekanismo hormonal ere kontuan harturik. Gure hasierako hipotesia zera da, haurrengan ematen diren zenbait jokabide sozialetan korrelazioak azaltzen direla gaixotasunekiko erraztasunekin. Estres-maila altuagoa islatzen duen jokabide-profil bat aurkezten duten haurrek gaixotasunarekiko erraztasun handiagoa izango dutela pentsa daiteke (pentsatzeko arrazoiak badaude, behintzat). Arazo hau argitzeko, eskolaurreko haurrek euren kideekiko duten jokabidea aztertzen dugu ez-hitzezko komunikazioa behatuz. Komunikazio-sistema hau, haurraren harremanetarako gaitasuna ezagutzeko oso indize baliagarria da, hizketarako gaitasuna oraindik garatzeko dagoen etapetan.
Horrela, jolasa, agresibitatea, kidetza, etab., maila askotan behatzen dira haurrengan. Gaixotasunarekiko erraztasuna ebaluatzeko, inmunitate-sistemako aktibitatearen neurketak egiten dira (listuaren laginak jasotzen dira eta A-inmunoglobulinaren mailak neurtzen dira) eta haurren pediatrei haurraren gaixotasunarekiko erraztasunari buruzko protokolo bat bete dezaten eskatzen zaie. Azkenik, jokabidea eta gaixotasunarekiko erraztasunaren arteko erlazio honen bitarteko mekanismo hormonal batzuk aztertzeko, kortisol-mailak aztertzen dira (listuaren eta gernuaren laginen bitartez). Kortisola estresaren indizea ematen duen hormona bat da, horrez gainera inmunitate-sistemaren aktibitatea bitartekatzen duen parametro endokrinoa da (efektu inmunosupresorea).