Japonia software-krisiaren aurrean

Lizaso, Pili

Informatika Saila

Elhuyar Fundazioa

Japoniarrak konputagailu-programak idazten, baina ez dute eraginkortasunik lortzen lan honetan. Agian, automatizazio eta software-liburutegi batek konponduko lituzkete hauek dituzten arazoak.

Japoniarrak trebeak dira konputagailu-programak idazten, baina ez dute eraginkortasunik lortzen lan honetan. Agian, automatizazio eta software-liburutegi batek konponduko lituzkete hauek dituzten arazoak.

25 urte baino gehiago igaro dira lehen konputagailu japoniarra merkatura atera zenetik. Gaur egun, elektronika-aurrerapenei esker batez ere, konputagailu japoniarrak IBMk egindakoak baino azkarragoak eta fidagarriagoak kontsidera daitezke. Baina, Hardwaregintzan IBM bezain onak bihurtzeko lasterketa honetan, softwarea alde batera utziz joan dira.

Jendearen eritziz honela ez bada ere, software ona idazten dute. Gertatzen dena zera da: ez dutela lana efikazki egiten.

Japoniak hardware potenteak ditu, baina softwareak ez dira hain potenteak.

Dena den, egoera hau aldatzera doa. Japonian, beste lekutan bezalaxe, software-eskaera gora doa eta honek eraginkortasuna berekin dakar. Orain, software-kostuak konputagailu-sistema baten kostuaren %80a suposa dezake. Beraz, arazoa software-krisia deklaratzeko modukoa da. Japoniak 400.000 programadore ditu 900 konpainiatan banaturik. Programadore hauetako %70 baino gehiago mantenu-lanetan ari dira, hau da; lehendik existitzen den softwarea moldatu eta egokitzen, eta ez programa berriak idazten.

Japoniako Nazioarteko Merkataritza- eta Industri Ministraritzak dioenez, programadore-eskaera urtero %26ko gorakada jasaten ari da; eskaintzaren doblea hain zuzen.

Honela jarraituz gero, espezializatutako programadoreen eskaria 600.000 ingurukoa izango da 1990.ean Ministraritzak, software-industria japoniarrak daraman ildoa aldatzea proposatzen du konponbide bezala. Programa bakoitza indibidualki idazteari utzi eta software-produkzio automatizatuagotik abiatu beharko dute. Joan den urtean Merkataritza- eta Industri Ministraritzak SIQMA proiektua (bost urterako proiektua) egin zuen arazo honi amaiera emateko. 70 milioi dolar kostatuko da, baina software-industria japoniarrak dituen arazoak konpontzeko lagungarri izango da.

Software-industriaren eragozpenik nagusiena, konputagailu-egile handien menpe egotea da, hala nola: Fujitsu, Hitachi eta NECen menpe. Hauen interes bakarra, hardwarea saltzea da, software-produkzioa nahitaezko eginbehar bat besterik ez delarik. Beste herrietan, IBM eta IBMarekin elkargarri diren konputagailuak egiten dituzten konpainiek menperatzen dute merkatua. Konpainia hauen nagusitasuna, software-etxe independenteei software-paketeak eginerazteko eragingarria izan da.

Pakete hauek, erabiltzaile-multzo baten beharretara zuzendutako programa-multzoak dira eta elkargarri diren konputagailu guztietan exekuta daitezke. Japonian aldiz, IBMz gain bada konpetentzia gogorrean ari diren beste dozenerdi bat konputagailu-egile. Honen ondorioz, konputagailu-mota desberdin ugari dituzte. Honetaz gain, konputagailu-mota batentzat idatzitako softwarea, ez da beste motatako konputagailuetarako erabilgarri, eta hau ez da ekonomikoki errentagarri.

Europa eta EEBBetako softwarearen %40 eta %60a hurrenez hurren, paketetan saltzen da, gero erabiltzaile bakoitzak bere sistemara egokitzen duelarik. Japonian ordea, paketetan saltzen den softwarea %10a besterik ez da; gehienak EEBBtatik, IBMrekin elkargarri diren konputagailuetan erabiltzeko, inportatuak.

Japoniako software-etxe gehienak hardware-egile berezi bati lotuta daude, hau da, konputagailu-egileen lagungarri bezala, hauen makinak programaz hornitzeko eraikiak izan dira. EEBBetan aldiz, ez da horrelakorik gertatzen.

Hardwarea saltzeko eraman duten burrukan, softwarea dohan eman ohi izan dute askotan egile japoniarrek. Ohitura guztiz txarra da hau, eta honen ondorioz Japonian, bezeroek ez dute softwarea ordaindu nahi.

Hardwarea saltzen duten konpainiek, beren bezeroek behar dituzten programak idazteko programadore-talde bat eskaintzen dute. Programadore hauek subkontratazio bidez lortzen dituzte.

Bezeroen neurrira egindako softwareak, teorian, software-paketeak baino hobea izan beharko luke (bezeroen behar berezietara zuzendua bait dago); baina errealitatean mota hauetako softwarea idazteak ere baditu bere eragozpenak. Programadoreek, diseinu eta frogetarako behar den denborarik ez dute hartzen eta, askotan zerbitzuan jartzen dituzten programak ulergaitzak eta mantentzen zailak izaten dira.

Bestalde, produktu hobeak eginerazteko motibazio handirik ere ez dago.

Japonian, programadore izatea ez da lanbide erakargarriegia: soldata txikia dute, hilean batezbesteko 45 ordu estra sartzen dituzte eta gaur han eta bihar hemen ibili behar izaten dute. Baldintza hauetan ez da harritzekoa ikasle saiatuenak hardwaregintzan aritzea nahiago izatea.

Honetaz gain, programadore japoniarren erretiro-adina 35 urtekoa da. Hau sistema handien garapenerako oztopo izan da; urte askotako esperientzia eskatzen bait du lan honek.

Software-industria japoniarrak dituen arazoek, ez dute luzaroan irauterik izango. Hardware-egileek beren bezeroei softwarea dohan eskaintzen ezin dutela jarraitu ikusi dute. Software-garapenaren kostuak asko igo dira eta hardwarearen prezioak berriz neurrigabe jaitsi. Beraz egileek ezin dute hardware-salmentarekin bakarrik aurrera jarraitu.

Oraingoz, Japoniako konputagailu-egileek ez dira softwarea garatzeko gai. Dena den, softwaregintzan dituzten hutsuneak gainditzeko bideak urratzen hasiak dira. Gutxienez, bezeroen behar zuzenetara lotutako softwarearen ordez software-paketeak idazten hasi behar dutela ikusi dute. Horretarako bezeroek sistema eragile standarra erabiltzera bultzatu behar dituzte.

Konputagailu pertsonaletan CPM eta MS-DOS sistema eragileak nagusitu dira Japonian ere. Egileek beren sistemei buruz guztiz informazio zabala eskaintzen dute, software-etxe independenteek beraien makinentzat programak idatz ditzaten.

Pauso hau garrantzitsua da, ze, zenbat eta software gehiago egikaritzeko gai izan, orduan eta erabilgarriago kontsideratzen bait dira konputagailuak.

Bestalde, orain dela 20 urte, ATT Bell Laborategiko injineruek UNIX sistema eraiki zuten. Sistema honek ezaugarri erakargarriak ditu: alde batetik erabiltzaile-multzo batek une berean erabil ditzake konputagailuaren errekurtsoak. Bestetik, fitxategi batetik ere har ditzakete datuak. Gainera UNIX sistema ez da oso garestia.

UNIXen beste abantaila, bere historian datza. Kalifornia eta Berkeleyko unibertsitateetan eraiki zen, non ikasleek erreminta izeneko programak idatzi bait zituzten. Programa hauek beste programen eraikuntza errazten dute.

Gaur egun, UNIX sistema guztiz ezaguna da Japonian. Goimailako unibertsitateetara sartu denez gero, orain dela 10 urte, UNIX sistema eragile ezagunenetariko bihurtu da. SIGMA proiektuak UNIXa hartu du oinarritzat eta badirudi standarizaziorantz bultzatuko duela.

Hasieran UNIX sistemak konputagailu handi bat behar zuen goimailako programazio-lengoaian idatzitako programak egikaritzeko, eta hau eragozpena izan zitekeen. Baina NEC konpainiak 9800a, 16 biteko konputagailu pertsonala atera zuen merkatura; azkarra eta softwarea garatzeko egokia. Konputagailu pertsonal hau software-industria japoniarra iraultzen ari da.

Aurrerabide hauen bitartez programadoreen produktibitatea gora doa eta software-espezialistek diotenez, programa japoniarrak gero eta sofistikatuagoak izango dira.

Lehen konputagailu pertsonaletarako garatzen zen software gehiena, jolasetara zuzenduta zegoen. Orain aldiz, testu-tratamendurako eta, liburutegi-paketeak ere erabiltzen dira.

Beraz, guztiz zatiturik zegoen merkatuan, sistema eragile ezagun bat bere erreminta , liburutegi eta exekutatzeko gai den makinaz hornituta dugu.

UNIX Japoniako sistema eragile nagusien bihurtu da, baina ez ditu software-arazo guztiak konponduko; adibidez korporazio handietarako (banketxetarako esate baterako) ez da behar bezain azkarra.

UNIXen erabilgarritasuna, beste arazo bat sortzen ari da. Hardware-egileek lehengoak ahaztuta, beren konputagailuentzat egokitzen ari dira UNIX sistema, lehen hasitako bideari jarraitu ordez.

Japoniarrek software-krisia gainditu behar badute, beren gisara bizitzen ikasi beharra izango dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila