Imaginatu muturreko baldintzak dituen mundu bat esploratzen ari zarela, eremu bat non espazioko hotz handiak ura izotz hauskor bihurtzen duen eta sufrezko iturrien azpian urtutako harria isurtzen den. Zure gibelean, espaziotik esekita, globo itzel distiratsua dago, zutabe itxurako ekaitz-hodeiak dituena da formaz ordu gutxiren buruan aldatzen direnak.
Galileo zundak Galileo-ren Europa Misioari (GEM) ekin dio. Jupiterren inguruetan beste bi urte egingo ditu eta izotza, ura eta sua aztertuko ditu bertan: Europaren izotz-azala, Jupiterko tximista-ekaitzak eta Io sateliteko sumendi basak.
Galileo, 1995eko abenduaren 7an iritsi zen Jupiterrera, Lurretik abiatu eta sei urteko bidaia egin eta gero. Io satelitearen inguruetatik pasa zen, motore nagusiak piztu eta orbita egokia erdiesteko balaztatu zuen. Galileo-k datu miresgarriak lortu zituen Jupiterren atmosferara jaurti zuen zundaren bidez eta bi urteko misioak –Eguzki-sistemako planeta handienaren inguruko 11 orbita– planetari eta bere sateliteei buruzko xehetasun liluragarriak erakutsi ditu.
Esaterako, Jupiterren osagai nagusiak hidrogenoa eta helioa badira ere, ura ere badago. Ura Jupiterren hodeietako goieneko geruzetan dago eta tximista-ekaitzen moduko gertaerak eragiten ditu zenbait eremutan. Beste eremu batzuk, ordea, idor-idorrak dira. Galileo-k, bestetik, Ganimidesen beste irudi bat erakutsi digu: berezko eremu magnetikoa duen Eguzki-sistemako satelite bakarra, oraingoz.
Galileo-ren datuetatik kraterrez jositako Kalisto satelitea zenbait tokitan hauts finezko geruza batez estalita dagoela jakin dugu. Ioren gainazala 1979ko Voyager zunden bisitaz gero aldatu egin dela ikusi dugu. Zientzialariek aztarnak aurkitu dituzte Europaren izotz-azalaren azpian ozeano bat egon dela –apika, oraindik dirauena– garai geologiko ez oso zaharretan.
Hasiera batean, Galileo-ren misioa 1997ko abenduaren 7an bukatzekoa zen, baina NASAk eta EEBBetako Kongresuak 1999ko azken egunerarte luzatzea deliberatu dute. GEM misioak helburu zehatzeko hiru urrats ditu: Europa Kanpaina (Izotza), Periapsia (Jupiterrekiko punturik gertuena) laburtzea/Jupiterreko uraren azterketa/Ioren toroa –Io orbitatzen duen erroskila itxurako partikula kargatuzko hodeia– (Ura) eta Io Kanpaina (Sua).
Urtebete iraungo duten 8 orbitatan, Galileo-k Europako izotz-gainazalaren azpiko ozeanoari buruzko aztarna gehiago bilatuko ditu eta ozeanoa oraindik hor ei dagoen erabakitzen saiatuko da. Zientzialariek gainazala miatuko dute ea izotzezko sumendiak edo gainazal azpiko uraren froga zuzena izan daitekeen zer edo zeren bila. Kraterrak zenbatuko dituzte satelitearen gainazal leunaren ‘gaztetasuna’ neurtzeko –zenbat eta krater gutxiago, orduan eta gainazal gazteagoa–.
Galileo-k Europako barne-geruzak aztertuko ditu satelitearen grabitate-efektuak neurtuta, izotz-geruzaren lodiera-aldaketak miatuz eta azalazpiko ozeanoaren sakoneraren adierazle posibleak bilatuz. Isurtzen ari den ozeano gazi batek eremu magnetiko bat sortaraz dezake, beraz, zientzialariak Europatik gertuko seinale magnetikoak bere baitan sortzen ote diren mugatzen saiatuko dira.
Galileo-k Europako xehetasun handiko irudiak eta atmosfera-datuak jadetsiko ditu, baita poloetako eskualdeena ere. Gainazaletik nahikoa gertu igaroko da, periapsia 200-3.600 km bitartekoa izango delarik. Horrela zehaztasun handiko irudiak lortuko dira. Irudi batzuen bereizmena 6 metrokoa izango da (kamioi baten tamainakoa!). Hiru dimentsiotako irudigintzaren bidez, Europaren gainazal nahikoa lauaren elementuen altuera determinatuko dugu.
Europako izotzaren konposizioaren eta banaketaren mapa egingo dugu 10 metroko bereizmenarekin. Gainazalean egon daitezkeen kontaminatzaileen bila arituko gara. Kontaminatzaileak kometa- eta meteorito bonbardaketaren ondorio izan daitezke edo Europaren barnean izan jatorria.
Periapsia laburtuz Galileo Jupiterrerantz hurbilduko da eta Io inguruetatik igarotzeko paradan jarriko da. 1999an, sei hilabetetan eta lau orbitatan zehar, Kalistoren erakarmen grabitatorioaz baliatuz eta norabide-koheteen piztualdi neurtuen bidez Jupiterrekiko periapsia lortuko du.
Jupiter horren gertu izanik haizeen eta ekaitzen xehetasunak ikertuko ditu, altuera itzela hartzen duten tximista-ekaitzak barne.
Urak bertikalki zirkulatzen du Jupiterreko goi-geruzetan, zenbait eremu Sahara baino lehorrago utzirik eta beste batzuk blai-blai Lurreko tropikoen moduan.Uraren banaketa-mapa egiteak eta Jupiterren eguraldian duen papera konprenitzeak Lurreko eguraldi-aldaketa azkarrak ulertzen lagun dezakete.
Orbita bakoitzean behin, izotzetik sura igarotzean, Galileok Ioren toroa zeharkatuko du. Galileok Ioko sumendiei darizkien sufre-korronteen dentsitatea eta Jupiterren eremu magnetiko birakariak bultzatutako partikulek Io-ko gainazaletik erauzitako sodioa eta potasioa neurtuko ditu.
Jupiterretik gertuen dagoen satelitea izateaz landa, Io Eguzki-sistemako gorputzik aktiboena da, dozenaka sufrezko eta silikatozko sumendiak dituelarik. Io, bestetik, misterio bat da eta GEMen bi azkeneko orbitekin asko ikasi ahal izango da. Izan ere, Galileo Ioren gainazaletik 500 km-tara eta 300 km-tara pasako da hurrenez hurren.
Zergatik Io atzen itua? Zientzialariek suspentseari eutsi nahi diotela irudi lezake. Ez da hori kontua. Io esploratzea bukaerarako utzita Jupiterrekiko periapsi aldaketak minimizatu egiten dira eta denbora gehiago gelditzen da bestelako azterketa zientifikoa egiteko. Gainera, zundak Jupiterren erradiazio bortitza gutxiago jasotzen du. Jupiterren erradiazioa bortitzagoa da planetara hurbildu ahala eta Ioren inguruan gizakia hiltzeko adina indar du.
NASAren kostu txikiagoko espazio-esploraioaren ikuspegia kontuan harturik, GEMen diseinuak dagoeneko lanean ari den espazio-ontzi bat baliatuz helburu zehatzeko, kostu txikiko eta arrisku handiagoko misio bat ahalbidetuko du. Urteko kostua 15 milioi dolar baino txikiagoa izateko espazio-ontziaren eta Lurreko operazioak minimora ekarri ditugu. Injineruek eta zientzialariek ahal izan duten guztia automatizatu dute, lanean arituko den pertsonala jatorrizko misioaren % 20ra ekarri dutelarik.
GEM bukatu eta gero Galileo-k ez ditu zientzi datu gehiago igorriko, baina Ioren inguruko erradiazioan zehar ibiliko da bere osasunari buruzko datuak igorriaz erradiazioak hiltzen duen arte. Galileo-ren gorabeheren berri izan gura baduzu, amaraunean bada non.