Duela mende eta erdi, Europako lurralde askotan topa zitekeen bisoi europarra, eta nahiko ugari gainera. Geroztik, zergatik ez dakigula, gune horietatik desagertzen joan da.
Gaur egun, behinolako banaketaren gune gutxi batzuetan dirau bisoi europarrak. Suitzan, Alemanian, Finlandian, Polonian eta beste hainbat herritan erabat desagertu da. Europako ekialdean, Bielorrusia eta Baltikoko zenbait erregiotan zein Ukrainia eta Georgiako kostaldean eta Errumanian aurki daitezke oraindik ere bisoi-populazioak. Europa mendebaldean, ordea, Frantziako Landetan, Euskal Herrian, Errioxan eta Burgosen dago soilik.
Hego Euskal Herriari dagokionez, bisoi europarra Gipuzkoako Oria, Deba, Agauntza, Leitzaran eta Abaloz ibaietan ikusi ahal izan da; Bizkaian, Artibai, Oka, Ibaizabal, Nerbioi eta Plentzia ibaietan; Nafarroan, besteak beste, Ebro, Aragoi, Irati, Arga, Ultzama, Basaburua, Alhama eta Bidasoan; eta azkenik, Arabako Zadorra, Alegria, Inglares, Artziniega eta Ega ibaietan. Iparraldean orain ari dira datuak biltzen.
Ikertzaileak bisoi europarra desagertzearen arrazoi denak ez badakizkite ere, zenbait aurkitu dituzte. Ur-ipurtatsaren gainbeheraren arrazoi nagusiak habitataren galera eta lurraldearen degradazioa dira; alegia, gizakiak tokia kendu edota kutsatu egin diolako desagertu da.
Izan ere, XX. mendean zehar, gune heze anitz estali eta poluitu ditu gizakiak. Hainbat ubideren kanalizazioa eta drainatzea aldatu izanak, maila freatikoa eraldatu izanak eta ibaiertzetako landaretza desagertzeak izan du ondoriorik animalia horren biziraupenean. Bestalde, bide, errepide eta eraikin berri anitz egin da, eta hori ere ur-ipurtatsaren kalterako izan da. Garai batean ehiztari eta tranpa-jartzaileen eskutik jasandako jazarpena ere kontuan hartzekoa da.
Baina beste faktore batek ere eragin du bisoi europarraren gainbeheran: bisoi amerikarraren etorrerak, hain zuzen.
Bisoi amerikarra duela 80 urte inguru ekarri zuten Europara bere larruak duen balioagatik eta Europako herri anitzetan haztegiak ireki zituzten. Baina, atzerritik ekarritako eta bertan sortutako hainbat bisoik haztegietatik ihes egin edo askatu egin dituzte eta ur-inguruneetara hurbiltzen joan dira azken urteotan.
Bisoi amerikarra europarraren oso antzekoa da, baina europarra baino handiagoa da, eta, txoko ekologiko bera ustiatzen duenez, bisoi europarraren bizilekuak bereganatzen ari da; ondorioz, haren ugalketa eragozten ere ari da.
Ikaragarri hedatzen ari den espezie kaltegarria denez, hura pozoitzeko hainbat kanpaina antolatu dituzte Frantzian. Baina kanpaina horiek arazo bat dute: arrisku handia dago nahi gabe bisoi europarrak ere hiltzeko.
Horrez gain, ikertzaileen ustez bisoi amerikarra Aleutiar Irletako gaixotasunaren birusa kutsatzen ari da. Bera gai da gaixotasun hori gainditzeko baina bisoi europarra, aldiz, ez. Noski, horrek ere badu ondoriorik bisoi europarraren desagerketan.
Gipuzkoako Goierri bailaran, Iñaki Irizar eta bere taldekideek bisoiak ikertu dituzte X. Gerriko Ikerlan bekari esker eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Lehenik eta behin, harrapaturiko bisoi bakoitzari diagnostikoa egiten diete beren osasun-egoera aztertzeko; analisi genetikoak ere egiten dizkiete. Ile bakan batzuk nahikoa izaten dira azterketa genetikoa egiteko. Besteak beste, espeziearen populazioaren egoerari buruzko informazioa biltzen dute.
Azterketa horiek egin ostean, animaliak mikrotxip bidez markatu eta beren ingurunera itzultzen dituzte. Irrati-transmisoreari esker, biologoek lau hilabetean zehar zaintzen dituzte bisoiak. Ezinbesteko datuak bildu eta hilabete horietan jasotako informazioari esker, bisoi europarra babesteko hartu beharreko neurriak zehazten dituzte.
Urdaibain ere bisoiak lurraldea nola erabiltzen duen ikertu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Inazio Garin eta bere taldekideek. Horiek ere irrati-transmisoreez baliatu dira.
Duela urte batzuk antzeko ikerketa bat egin zuten biologo frantses batzuek Landetako bi ibaitan. Hamaika bisoi europar harrapatu zituzten eta azterketa berak egin zizkieten.
Europako Batasunako hainbat herrialdetan espezie hori berreskuratu eta babesteko bidean urratsak ematen ari dira azken urteotan. Gaztela-Leon, Errioxa eta Arabako foru aldundiek, adibidez, 2001 urteaz geroztik, Europako Batasuneko Life programaren diru-laguntzei esker, elkarrekin lanean dihardute bisoi europarra babesteko hiru proiektutan. Iparraldean eta Frantzian ere hainbat kanpaina antolatu dituzte espezie horrek bizirik iraun dezan.
Ikertzaileek, berriz, bisoi europarra eta bere populazioen bilakaera aztertzen segitzen dute. Bestalde, bisoi amerikarra ere ari da ikertzen zenbait talde; besteak beste, non bizi den, birusik kutsatzen ari ote den eta bisoi europarraren habitatak okupatzeak zein arrisku dakarren jakin nahi dute. Gizarteari ere laguntza eskatu diote egoera larrienean dagoen ugaztun hau babesteko.
Bisoi europarra (Mustela lutreola)
Kolore marroi iluna duen mustelidoa. Orban zuri bana goiko eta beheko ezpainetan. 45-60 cm inguru da (buztana barne) eta gehienez kilo bat inguruko pisua du.
Ekoekintza? Bisoiez ari garela, bada Teruelen jazotako gertakari bitxi bat; bitxi, edo negargarri esan beharko genuke. Izan ere, 2001eko uztailaren 31n, hainbat lagun La Puebla de Valverde herrian dagoen bisoi amerikarren haztegira joan eta kaiola guztiak ireki zituzten preso zeuden animaliak askatzeko. Ekintza polita, itxura batean, baina tamalgarria ekologiaren ikuspuntutik. Bisoi amerikarra espezie aloktonoa da, kanpokoa. Guk dakigula, Teruelen ez dago bisoi europarrik, baina jakin ere badakigu azken hau berez hegoaldera hedatzen ari dela; orain, beste oztopo bat izango du bere bidean. Gainera, bisoi europarra egon edo ez, edozein kanpoko espezie sartzeak oreka ekologikoa apurtu ohi du. Espainiako talde ekologista askoren bilgune den ‘Ecologistas en Acción’ koordinadorak berehala azaldu zuen zerikusirik ez dutela ekintzarekin. |