Irakurriko al duzu, bai ala ez?

Psikologoak ondokoaz konturatzen ari dira: jendeak informazio teknikoa zergatik irakurtzen duen –eta askotan zergatik irakurtzen ez duen– jakiteko, kontutan hartu behar dena irakurlea da eta irakurgaiak berak ez du horrenbesterainoko garrantzirik.

Zergatik erabaki duzu artikulu hau irakurtzea? Bukaeraraino irakurriko ote duzu? Ulertu eta hemendik hamabost egunera gaur irakurritakoa gogoratuko ote duzu? Galdera hauen erantzunak “irakurgarritasuna” deitzen den ezaugarrian leudeke, hau da, gaia interesgarria izatean ala ez izatean, argumentu argia edukitzean, letra eta presentazioa erakargarria izatean, ... Baina psikologoak ondokoaz konturatzen ari dira: jendeak informazio teknikoa zergatik irakurtzen duen –eta askotan zergatik irakurtzen ez duen– jakiteko, kontutan hartu behar dena irakurlea da eta irakurgaiak berak ez du horrenbesterainoko garrantzirik.

Hemen erabiliko dugun gaia informazio teknikoaren ingurukoa da, hau da, eskuliburu, argibide, kontratu, etiketa, kontsumitzailearentzako informazio eta antzerako testuak irakurtzearen ingurukoak. Bide batez esan dezagun zenbait produkturen fabrikatzaileengan gai hauei buruzko jakinmina sortu dela, produktu horiek zuzen erabiltzeko argibideak irakurtzea beharrezkoa delako. Zentral nuklearraren inguruko biztanleei segurtasun-arauak ezaguterazteko, inprimakiak gaizki betetzearen ondorioz aseguru-etxeek dituzten gastuak ekiditeko, etab.etarako egin ohi izan dira testu teknikoen “irakurgarritasuna”ri buruzko ikerketak.

Bistakoa da pertsona askok bideoaren edo etxeko ordenadorearen argibideak alde batera uzten dituela, bere kasa martxan jarri eta tresna erabiltzen ikasteko asmoz. Eta sarritan ez da arretarik jartzen kontsumitzaileentzako informazioan, elikagaien etiketetan edota kontratuetako letra txikian. Nola erabakitzen dugu, beraz, zerbait irakurtzeak merezi duen ala ez?

Irakurketa-prozesua aztertzen duten psikologoak ez datoz bat begiek, oroimenak eta garunak prozesu horretan jokatzen duten paperaz. Teoria batzuen arabera, irakurleak ikusten dituen letra edo hitz guztiak hartzen ditu kontutan. Beste batzuen ustez, irakurleak memoria eta testuingurua erabiltzen ditu esaldi batetik bestera pasatzeko.

Bestalde, jakina da (eta honetan adostasun handiagoa dago adituen artean) irakurleak segun eta zein helburu duen, segun eta zein motatako informazioa lortu nahi duen, testuarekiko jarrera desberdina izango duela. Gerta liteke operazio konplexu baten xehetasun guztiak hartu nahi izatea, edota, alderantziz, azaletik irakurri nahi izatea. Helburu hauek lortzeko irakurketa-estilo desberdinak erabil ditzake: azaleko irakurketa, irakurketa xehea, etab.

Jendeak informazio teknikoa nola erabiltzen duen ikusteak, garunak abstraktutik konkretura birprozesatzen duela jartzen du begibistan. Hainbat ikerketatan ikusi den legez, manual edo eskuliburu batek, esate baterako, hasieran informazio orokorra ematen badu, irakurle bat baino gehiago saiatuko da hortik abiatu eta irakurritakoa praktikan jartzen, eta ez du beste informaziorik irakurriko. Dirudienez, irakurleek nahiago dute “sukaldaritza-liburu” gisan emandako informazioa.

Nahiago dute informazioa kantitate eta prozeduratan zatikatua, horrela beraiek bisualizatu eta praktikan jarri ahal izateko. Nabarmena da bestalde, ordenadore-erabiltzaile hasberriek zuzenean eskuliburuarekin hastea baino bateren bati laguntza eskatzea nahiago izatea.

A bertsioa

Jakob-ek hamabi seme izan zituen. Lia-ren semeak: Ruben (Jakob-en maiorazkoa), Simeon, Levi, Juda, Isakar eta Zabulon. Rakel-en semeak: Jose eta Benjamin. Eta Bilha-ren (Rakel-en neskamearen) semeak: Dan eta Neftali. Eta Zilpa-ren (Lia-ren neskamearen) semeak: Gad eta Aser. Hauek dira Jakob-en semeak, Padan-aram-en jaioak.

B bertsioa

  • Jakob-ek hamabi seme izan zituen.
  • Lia-ren semeak:
    Ruben (Jakob-en maiorazkoa),
    Simeon, Levi, Juda, Isakar eta Zabulon.
  • Rakel-en semeak:
    Jose eta Benjamin.
  • Eta Bilha-ren (Rakel-en neskamearen) semeak:
    Dan eta Neftali.
  • Eta Zilpa-ren (Lia-ren neskamearen) semeak:
    Gad eta Aser.
  • Hauek dira Jakob-en semeak,
    Padan-aramen jaioak.

Informazioaren antolamendua

Hainbat azterketa egin izan dira testuarekin batera diagramak tartekatuz. Azterketa horietan ikusi izan denez, badirudi informazio teknikoa irakurtzean jendeak baduela kostu kognitiboa (hau da, informazioaz jabetzeko zenbateko esfortzua egin behar duen) kalkulatzeko sistema mentala. Irakurleak informazio gehigarriak oroimena edo ulermena zaildu egingo diola ikusten badu, esate baterako, bazter utziko du informazio hori. Irakurlea helburu jakin batekin hasten da irakurtzen. Etengabe eztabaidatzen du ea hasierako helburu horretatik hurbil dagoen edo ea urruntzen ari den. Urruntzen ari dela iruditzen bazaio, bere horretan uztea erabaki dezake, besterik gabe.

British Library-ren (Britainiar Liburutegiaren) aginduz, beren irakurleek testuak ordenadoreetan gordetzeari nola erantzungo lioketen ikusteko azterketa bat egin da. Azterketa horretan irakurleek irakurketa-kostua nola kalkulatzen duten jakin nahi izan da, paperaren eta ordenadore-pantailaren artean egon daitezkeen diferentziak baloratzeko. Ikusi denez, irakurleek zenbateko burulana izango duten ez dakitenean, are gutxiago aldentzen dira hasierako beren helburu nagusitik.

Testua paperean duten irakurleek orrialde-kopurua, orrietan atzera eta aurrera ibiltzeko eta zenbaitetan azpimarratzeko eta oharrak marjinetan idazteko aukera dute. Mota honetako laguntzarik gabe pantailan irakurtzen dutenak, testu-multzo horretan galdu egiten dira eta beste inork baino lehen hartzen dute testua uzteko joera. Ordenadorean, orrialde-zenbakia agertzea eta atzera-aurrera ibiltzeko erraztasunak ematea beharrezkotzat jo zen, baina hala ere erabiltzaileek kostua kalkulatzeko zailtasun handiagoak zituztenez, hasierako helburuei atxikiago segitzen zieten eta, beraz, errazago uzten zioten irakurtzeari, merezi ez zuelakoan.

Izan ere irakurleek behar duten ezer ez dutela hor aurkituko ikusten badute edo iruditzen bazaie, irakurtzeak duen kostuak ez duela merezi pentsatzen dute eta, ondorioz, testu hori albora utziko dute. Horrek ondorengoa esan nahi du: kontsumitzaileentzako informazioa eta informazio teknikoa idazten dutenek (edozein mailatan, gozoki-paperetik hasi eta segurtasun nuklearreko eskuliburuetaraino) eta bezeroek informazio hori irakur dezaten nahi badute, irakurlearen kostu kognitiboa (irakurleak argibideen aurrean zer espero duen, alegia) kontutan hartu beharko dutela.

Abisu gisako flashak ere erabiltzen dira informazio-atal hori prozesatzeak merezi duela adierazteko. Baina gehiegi erabiltzea ere ez da komeni, irakurlea abisu horiek ere esfortzu mentalaren kalkuluaren barruan sartzen hasten bait da eta, ondorioz, merezi duten ala ez baloratzen hasiko da berriro ere.

Baina badira irakurleak kostua onar dezan informazioa diseinatzeko hainbat modu sofistikatuago.

Hauetako batzuk tipografian ezarrita daude. Esate baterako, letra etzanean dagoen testua irakurtzea zailagoa da.

Bestetik, testua “justifikatzeak” (hau da, lerro guztiak marjineraino eramateak, hitzen arteko espazioa hedatuz edo hitzak zatituz) irakurlearen ulermenari tentsioa areagotu egiten diote. Kostu kognitiboa handiagoa da, irakurleek hitz baten erdia lerro batetik bestera eraman behar dutenean edota esaldi baten lehenengo hitza orrialde batetik bestera, esate baterako. Testu justifikatuaz eta justifikatu gabeaz probak eginez, dirudienez pertsona helduek bi motako testuekin berdintsu irakurtzen dute. Haurrek eta adinekoek, ordea, hobeto irakurtzen dute testua formaren arabera (eta ez esanahiaren arabera) antolatuta dagoenean.

Espazioa, testu baten egitura adierazteko ere erabil daiteke (ikus 1. irudia). Ikerlan batean irakurle-talde bati A bertsioa erakutsi zitzaion eta beste talde bati B bertsioa eta irakurritakoa buruz idazteko esan zitzaien. Guztiek lortu zuten testua berridaztea, nahiz eta pasarte bera hitzez hitz hartu ez. Bi taldeetako irakurleak pertsona helduak eta, nolabait esateko, irakurle “onak” ziren. Antzeko froga umeekin eginez (testu sinpleagoa erabili zen horretarako), B erako testua zutenek % 20 gainditu zituzten A taldekoen emaitzak.

Taula, grafiko, irudi etab.etako informazioari ere berdin-berdin aplika lekioke azpiko egitura identifikatu eta azaltzeko ideia. Taula baten egitura zenbat eta argiagoa izan, hainbat eta errazago ulertuko da. (Ikus 2. eta 3. irudiak.) Batean, irakurleak konparazioak eginez, horizontalki eta goitik behera irakurriz, berak ondorioztatu beharko du zein den kontrol-taldea eta ondorioak atera beharko ditu. Bigarrenean, berriz, kontrol-taldea zein den argi dago, emaitzak norantza batean bakarrik irakur daitezke eta progresio numerikoak konparazioa erraztu egiten du.

2. eta 3. irudiak alderatuz, azken honetan konparazioak errazago egiten direla eta azkarrago irakurtzen direla ikusten da
norantza bakarreko irakurketa eta progresio numeriko argia

Grafiko-diseinua

Grafiko-diseinuari buruz ere bi gauzatxo: badirudi grafikoetako lerroetan kolore desberdina erabiltzea eta grafikoak lau aldetan (eta ez bitan bakarrik) eskalak dituztela erabiltzea informazioa zehatzago jasotzeko baliagarri gertatzen dela.

Irakurleek taulekin dituzten eragozpenak, sarritan, testuan taulak duen posizioari dagozkio. Testuan aipatu eta segituan marrazki edo bestelako informazio ez-testuala jartzeak badirudi irakurleei kostu kognitiboa areagotu egiten diela.

Inork ez daki prozesatzeko gaitasuna zein zehatz kalkulatzen dugun eta hori kostuekin nola alderatzen dugun, baina nabarmena da norberaren irudiak ere irakurtzeko portaeran eragiten duela: pertsona batek informazio teknikoan barrena murgil daitekeen pertsona dela pentsatzen badu, kontrakoa (ez dela ez hanka eta ez buru aurkitzeko gai) pentsatzen duenak baino luzeago arituko da irakurtzen.

Bukatzeko eta laburtzeko, esan dezagun informazio teknikoa idazten dutenek zein irakurlerentzat idatzi behar duten kontutan hartu behar dutela. Eta bide horretan hiru galdera izan behar dituztela gogoan: zer dakite erabiltzaileek informazioarekin topo egin aurretik? Zer gertatzen da informazioa aurkitzean? (Zenbateraino ulertzen da eta zerk lagundu edo galerazten du?) Eta zer gertatzen da gero? (Nola inplementatzen dute erabiltzaileek beren azken ezagutza?).

Grafikoetan lerro desberdinentzat kolore desberdina erabiltzeak erraztu egiten dio irakurleari lana.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila