Internetekiko menpekotasuna

Gizakion bizitzak gero eta aldaketa handiagoak jasaten ditu, eta ordenagailuak horren isla dira. Teknologiak etengabe abantaila berriak eskaintzen dizkigu, baina baita duela urte batzuk pentsatzen ez ziren arriskuak ere: Internetek zenbait pertsonarengan sortzen duen menpekotasuna horren adibide bat da.

IAD (Internet Addiction Disorder) edo Internetekiko menpekotasun-desoreka. Izen horrekin ezagutzen da Kimberly Young-ek, Pittsburgh Unibertsitateko psikologa famatuak, deskribatzen duen entitate patologikoa. Autore batzuen aburuz IAD gaitza da; beste batzuen ustez ordea, ez da maila horretara iristen. Edonola ere, zenbait ikerketak adierazten dutenez, badira beren ohiko eginkizunak ahaztu eta Interneten konektaturik orduak eta orduak pasatzen dituzten pertsonak. Espainian jadanik bi milioi eta erdi pertsona maiz konektatzen dira sarera (populazioaren % 7,1). Horietatik % 21 bilera-gela erraldoien zereginak dituzten chat horietan ibiltzeko sartzen dira. EEBBetako unibertsitarioen artean aztertutako kasuen % 14tan berriz, IAD "gaitzaren" sintomak nabari dira. Young doktoreak dioenez oro har 400.000 estatubatuar "internetzaletasunaren" menpe daude. Ondorioz, gizarte osoari arrisku horren berri emateko edo jadanik sarearen menpe daudenei laguntzeko gero eta artikulu gehiago ari dira argitaratzen. Medikuntzako aldizkari eta kongresuetan gai honi buruz hitz egiten entzuteak ere, arazoaren seriotasunaren berri ematen digu.

Gaur egun komunikaziorako bide berriak dauzkagu aurrean; irratia, zinea edo telebistaren aldean askoz ere konplexuagoa den errealitatea, alegia. Gure senide Martin EEBBetako Tomyren lagun izan daiteke. Agian ez dute inoiz elkar ikusi, baina egunero elkarrekin harremanetan egon daitezke. Horrek ordea, bai Martin zein Tomy egunero beren ordenagailuen aurrean ordu asko egotera eramaten ditu, Interneten menpekotasunean erortzeko aukera handiagoa delarik. Martin eta Tomyren gurasoak ez dira ezertaz jabetuko IAD maila kezkagarrietara iristen ez diren bitartean. Seguraski telefono-faktura gehiegi igotzea izango da argi gorria piztuko duen lehen seinalea; edo gerta daiteke urte askoren buruan Tomyk edo Martinek beren bizitzaren zati eder bat Internetera konektaturik pasa dutela aitortzea. Bitartean ordea, "gaixotasuna" ezkutukoa izan da ingurukoentzat.

Baina egoera horretara iritsi aurretik nola jakin dezakegu menpekotasuna dagoen edo ez? Kimberly Youngek zenbait sintoma aipatzen ditu: konektatuta gero eta denbora gehiago egon ahal izateko eguneroko ohiturak aldatu egiten dira, ordu gutxiago egiten da lo, lagunarteko harremanak murriztu egiten dira, norberaren eginkizunak ahaztu egiten dira, ezin konektatu ahal izateak haserrea sortzen du, posta elektronikoan mezurik ba ote dagoen begiratzen da etengabe eta Interneten konektatzeak kilikadura berezia sortzen du pertsonarengan. Enrike Etxeburua katedradunak menpekotasuna noiz hasten den adierazten du; hau da "konektatuta egon behar hori norberaren ohiko bizimoduan sartzen denean edo ondo pasatzea bilatu ordez, gaizki ez pasatzea bilatzen denean".

Egoera benetan kezkagarria da: Firefly etxeak mundu osoan zehar eginiko ikerketa batean, inkestatuen % 50ek informazioaren behar nabaria zutela zioten. Hala ere, errealitate gordinagoa erakutsi zuten erabiltzaile diren gurasoek. Horietatik % 50ek beren seme-alabek PCak lagunak baino nahiago dituztela argudiatu zuten. "Lagun birtualak irabazten dituzu, baina errealitatekoak galdu egiten dira, benetan garrantzitsuak direnak alegia", diote webaholicek, hau da, ustez IAD dutenek.

.Arrazoien bila

Adituak portaera horiek saihesteko arrazoiak aztertzen hasi dira. Horretarako ordenagailuen eta Interneten ezaugarriak aztertu eta lan horretatik honako ondorio hauek atera dituzte:

  • Internetek denbora-pasarako aukera paregabea eskaintzen du, bai zentzu hertsian ulertuta, edo baita erabiltzaileen jakingura asetzen duela kontuan izanda ere.
  • Erabiltzaileak hobeto komunikatzen dira Interneten bidez aurrez aurre baino. Gainera, Internetek norbera bere gustura sortutako pertsonaia bihurtzeko aukera eskaintzen du. Hau da, bakoitza bere buruaren idolo bihurtzen da.
  • Autore batzuek ordenagailuen eta Interneten ezaugarri teknikoak azpimarratzen dituzte:
    a) Elkarreragintza: Ordenagailuek pertsona batekin ia naturala den moduan elkarrizketatzeko aukera eskaintzen digute.
    b) Desmasifikazioa: Interneten mezuak pribatuak (hartzaile jakin batentzakoak), zein publikoak (hartzaile multzo zabalarentzakoak) izan daitezke, norberaren asmoen arabera.
    c) Asinkronismoa: Mezuak erabiltzaileak nahi duen unean jaso daitezke, eta edozein unetan jasota ere berdin dio. Gainerako komunikazio-bitartekoekin ordea, ez da gauza bera gertatzen. Esaterako, ez da berdin mezua telefonoz edo erantzungailuaren bidez jasotzea.

Ezaugarri horiek guztiek edonor bultza dezakete sarearen liluraz harrapaturik geratzera. Hala ere, zenbait autorek menpekotasun hori jasateko joera gehien duten subjektuen ezaugarriak aipatzen dituzte. Michael O´Reilly kanadarraren aburuz menpekotasunean erortzeko arriskurik handiena etxean lan egiten duten pertsonek dute, batik bat adin ertaineko emakumeek, baita hezkuntza-maila baxua dutenek eta edozein adin eta maila sozioekonomikoetako ikasleek ere. Alonso Fernandez irakasleak berriz, honela deskribatzen du Interneten menpe dagoen pertsona: "gizonezkoa, gaztea, ikaslea edo sarea lanerako erabiltzen duen profesionala, izaera barnerakoia duena eta eskolan agian porrotak jasan izan dituena".

Batik bat berez lotsatiak diren horiengan jartzen dituzte begiak psikologoek. Ildo horretatik chatak atsegin dituen Anoriak honako hau dio: "Aurrez aurre esatera ausartuko ez liratekeen gauzak kontatzen dituzte pertsonek sarean, beren bakardadea edo frustazioa murrizteko modua delako".

Ondorioz, menpekotasuna sor dezaketen arrazoiak ugari izan daitezke: bakardadea, ziurtasunik eza, lan-arazoak, depresioak, gogaituta egotea…

John Suler eta beste zenbait autorek banaketa zientifikoagoa egiten dute IAD delako hori jasaten dutenen artean. Sulerren aburuz oraindik hipotetikoa den menpekotasun horren barnean bi subjektu-mota bereiz daitezke:

a) Sarea informazioa jasotzeko, jolasteko bakarrik, programa berriak lortzeko edo antzeko zereginetarako erabiltzen dutenak (beste erabiltzaileekin harremanik izan gabe).

b) Posta elektronikoko zerrendak, mudak (Multi User Dimension) edo chatak gogoko dituztenak eta sarritan bisitatzen dituztenak.

Bigarren taldekoen helburua giza estimua lortzea da. Lehenengo taldekoek berriz, kontrolaren beharra dute eta gizakien arteko harremanak saihesten dituzte.

Ildo horretatik bada IAD alkoholismoarekin, ludopatiarekin eta droga-menpekotasunarekin parekatzen duen autorerik. Beste batzuk ordea, Juan Alberto Estallo Marti psikologoa esaterako, askoz ere zuhurragoak dira eta ez dira ausartzen "menpekotasun-desoreka" aipatzera. Estallok dioenaren arabera ikerketek adierazten dutenez, badira sarea erabiltzearen ondorio gisa beren bizimoduan aldaketa garrantzitsuak jasan dituzten pertsonak. Hala ere, hortik "menpekotasun-desoreka" aipatzera bide luzea dago.

MUD eta chat: besteekin hitz egiteko aukera teknologikoak

MUDak irudimenak sortutako munduak dira, rol-jokoak. MUDean lehenik eta behin norberaren nortasuna sortu behar da; hau da, izengoiti bat, gainerako partaideek ezagutu gaitzaten. Ondoren sortu dugun pertsonaiaren ezaugarrien berri eman behar da. Horrela identitate eta rol desberdinez osaturiko eszenatokia sortzen da.

MUDak oso leku erakargarriak dira, baina era berean MUDzaleek ordenagailuaren aurrean pasatzen duten ordu-kopuru ikaragarriek beldurgarri bihurtzen dituzte. Amherst Unibertsitateak, Australian, 1992an MUDak debekatu egin zituen, unibertsitarioengan menpekotasuna sortzen zutela argudiatuz.

IRC edo Internet Relay Chat berriz, mezu desberdinak erabiltzaileen artean trukatzeko aukera eskaintzen duen protokoloa da. IRCra konektatu ahal izateko, horretarako baliagarri den programa izan behar da. IRC bakoitzean eztabaidarako lau kanal-mota daude: kanal publikoak, kanal sekretuak, kanal ezkutuak eta kanal konprimituak.

IRCra konektatu ondoren, norberaren nortasuna babestu nahi izanez gero, ezizen bat aukeratu behar da (nickname ingelesez). Une horretatik aurrera batek teklatuaren bidez idazten duena kanaleko gainerako partaideek ikusten dute, baina partaide jakin batekin edo batzuekin bakarrik ere, elkarrizketa pribatuak izan daitezke.

Gai honetan aditu diren autore askok chata Interneten menpekotasunaren arrazoi garrantzitsuenentzat jotzen dute. Ildo horretatik IRCaren erabiltzaile den Nico-k honako hau adierazten du: "chatera sartzea psikologoarengana joatea bezala da, oso komunikazio berezia sortzen da".

Doktore, laguntza behar dut

Interneten menpekotasunari aurre egiteko modurik eraginkorrena prebentzioa da. Ezer baino lehen hezkuntzan eta osasun-arloan dabiltzan profesionalak eta oro har gizarte osoa informatu behar dela diote adituek. Beste aholku batzuk honako hauek dira: konexio-denbora murriztea, sarean egin beharreko zereginak egoki antolatzea eta Interneten bertan komunikabide hori gehiegi erabiltzeak sor lezakeen kaltearen berri ematen duten mezuak sartzea. Umeei dagokienez honako prebentzio-neurriak aipatzen dituzte adituek: beren aisialdia antolatzea eta kirol edo antzeko ekintza sozialetan parte hartzera bultzatzea.

Sarearen atzaparretan erori ondoren ordea, norbera da menpekotasunetik irteten ahalegindu behar duena, egoera onartuz eta lehen Interneten ibiltzeko erabiltzen zen denbora beste zeregin batzuetarako aprobetxatuz. Norberak bere konexio-denborak murriztea oso garrantzitsua da eta horretarako benetan motibaturik egon behar da. Ildo horretatik oso lagungarriak lirateke konexio-denborak kontrolatzeko baliagarri diren programak. Hala ere, behin eta berriz ahalegin horietan porrot eginez gero, psikologo edo psikiatrarengana jo behar da. Ez da ahaztu behar menpekotasun-arazoak jasateko arrisku handiena duten subjektuak eguneroko bizimoduan komunikaziorako eta gizakien arteko harremanetarako arazoak dituztenak direla. Horrela, subjektu horiek bizitza errealean beren komunikazio-beharrak asetzen dituztenean IADari dagokionez hobekuntza nabarmena izango dute.

Edonola ere, Estallok zuzen azpimarratzen duenez honetan badago ironikoa den zerbait: "IADri aurre egiteko baliabide gehienak sarean bertan daude". Horren adibide bat da esaterako Internet Addiction Support Group foro elektronikoa, zeinak mundu osoko 300 partaide baino gehiago biltzen dituen.

Nahiz eta orain arte batik bat gai honen inguruan aritu direnak psikologoak izan diren, oraindik ez dago argi Internet gehiegi erabiltze horrekin erlazionaturik dagoen elementua zein den; osagai soziala edo teknikoa ote den, ezta benetako gaitza den edo joera hutsa den ere. Baliteke fenomeno honek bideojokoekin gertatu bezala, garapen naturala jasatea eta, ondorioz, orain aipatzen dugun menpekotasuna ia nabarmendu ezin diren portzentaietara jaistea. Kontuan izan behar da Internet zabaltzeko unean dagoela, eta erabiltzaile asko tresna berri horrek eskaintzen dituen aukeren aurrean liluraturik geratzen direla. Gauzak argitzen diren bitartean ordea, aproposena prebentzio gisa teknologia berri horren gorabeherei buruz informaturik egotea da, eta beti ere Internet zuhur erabiltzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila