Elhuyar Fundazioa
Gaur egun dagoen teknologia erabiliz, etorkizunekoak diruditen etxeak eraiki daitezke. Hori esatera etorri da Cisco konpainia eta horretarako Londres-en garatu du prototipo gisako proiektu bat. Konpainia horrek Londres-eko kanpoaldean itxura arrunteko dozena bat etxebizitza eraiki ditu, guztiak router baten bidez Internet-era konektatuta eta Windows NT duen zerbitzari batez kontrolatua. Sistema horren bidez, etxeko hainbat sistema (alarma, kamerak, berogailuak, etab.) kanpotik kontrolatu ditzakegu nabigatzaile arrunt baten bidez. Etxe kanpotik ez ezik etxe barrutik ere kontrola ditzakegu noski eta, horretarako, etxeko gela bakoitzean ordenagailu bat kokatu dute.
Etxearen kontrola egiteko software berezia garatu dute. Horren bitartez, energiaren erabilera hobeto kontrola daiteke. Eta gela guztien tenperatura, argiztapenaren maila, alarma, etxean zehar kokatutako kamerak eta lorategiko ureztatzea ere kontrola dezakegu. Software hori, gainera, itxuraz alda daiteke, nahi den etxeko gelarekin lan egin dezan.
Londres-en egin dituzten etxetxo horiek 125 milioi pta.tan saltzeko asmoa dute. Dena dela, inork bere etxea horrela kontrolatu nahi badu, hona prezioak: etxea egiten ari diren bitartean kableak jartzea 1.250.000 pta. inguru kosta daiteke, eta sarean jartzen diren ekipoak 5.000.000 pta. inguru.