Intel merkatua galtzeko zorian

Waliño, Josu

Elhuyar Fundazioa

Azken aldian etengabe entzuten ari garen Windows 98 sistema eragilearen inguruko auzia ez da EEBBetako justiziak ustezko monopolioa dela eta aztertzen ari den bakarra. Microsoft-ek sistema eragileetan duen hegemoniaren parekoa da Intel enpresak prozesadoreetan duena eta, itxura denez, hori ere amaitzear dago.

Gaur egun merkatuan dauden ordenadore gehienek Intel enpresaren prozesadoreak erabiltzen dituzte. Nori ez dizkiote aitatu Pentium, Pentium MMX edo Pentium II, edo berriagoak diren Celeron eta Xeon mikroprozesadoreak PC bat erostera joan denean? Orain arte PC batek Intel markako mikroprozesadorea izatea kalitatearen ikurtzat hartzen zen eta horrela adierazten zen, gainera, ordenadorearen kanpoaldean. Gaur egun, ordea, arerioak sortu zaizkio Inteli, Cyrix eta AMD enpresa estatubatuarrek merkatuaren zati garrantzitsua kendu baitiote prestazio bertsuak dituzten txip merkeagoak eskainiz.

Ordenadore-ekoizleek prezioak merketzearen aldera jo dutela bistakoa da, betiere, orain arteko prestazioak mantentzen dituztela bermatuz. Horretarako bidea izan da, hain zuzen ere, mikroprozesadoreen markari begiratu gabe Cyrix eta AMD enpresen txipak onartzea. Esate baterako, munduan ordenadore gehien saltzen duen Compaq Computer enpresak Cyrix-en txipa dakar bere Presario 2100 ordenadorean; IBMren Aptiva serieko ordenadore batzuetan ere AMDren K6 txipa aurkituko du erabiltzaile zuhurrak.

Nolanahi ere, Intel ez da atzean geratu. Hau guztia ikusirik, bi arlotan erakutsi nahi izan du oraindik badela nor informatikaren munduan. Batetik, 266 MHz-eko abiadura duen Celeron mikroprozesadorea kaleratu du; adituek diotenez, ordea, txip berri hau MMX zaharra eta AMD-ren 200 MHz-eko K6 txipa baino motelagoa da. Eta bestetik, enpresa hauei bidea ixteko asmoz, Intel-ek Pentium eta Pentium MMXak ekoizteari utzi egin dio bere eskaintza Pentium II prozesadoreetara mugatuz.

Pentium II prozesadorea iritsi arte, Intel-en mikroprozesadoreak beste edozein ekoizlek erabil zezakeen zokalo batean kokatuta zeuden. Pentium IIak, ordea, patente bidez babesturiko Intel-en plaka batean kokaturik datoz. Eta hortxe dago hain zuzen ere koxka. Cyrix eta AMD-k 400 MHz bitartean bere txipek zokalo bertsuan funtziona dezaketela diote eta Intel-ek ezetz. Ez da batere erraza izaten horrelako auzietan garbi jokatzea; batera edo bestera, Microsoft-en auzian bezalaxe, enpresen monopolioaren aurrean erabiltzaile arruntok galtzaile izan gaitezke, zalantza barik.

PCrako mikroprozesadoreen ezaugarriak

Intel

  • Intel -ek Pentium II ra mugatu du bere eskaintza, frekuentzia askotan: 400, 350, 333, 300 eta 266 MHz. Ordenadore txikietarako 266 MHz-eko Celeron -a ere badu eta zerbitzarietan erabiltzeko, berriz, Pentium Pro ere bai, Xeon berriagoak ordezkatuko duena.

Cyrix

  • Bi familia ditu: MII eta MediaGX. MII -k 300, 266, 233 eta 200 MHz-eko abiadura du eta Pentium II rekin aldera daiteke. MediaGX 233 MHz-era irits daitekeen prozesadore merke baina osatu bat da.

Advanced Micro Devices

  • AMDren K6 prozesadorea Pentium II ren parekoa da. K6 300, 266, 233 eta 200 MHz-eko frekuentzietan aurki daiteke.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila