Duela gutxi arte, gure gorputzak kanpoko erasoetatik defendatzeko erabiltzen zituen sistemez ezer gutxi genekien. Azken urte hauetan Inmunologiak aurrerapen handiak egin baditu ere, oraindik gauza asko geratzen dira airean.
Defentsa honek zer esan nahi duen sakonki aztertzen badugu, berehala gauza bat datorkigu burura: Gure gorputzak berea zer den ondo bereizi behar du, kanpotik datorkion erasotzaile guztiei aurre egin ahal izateko.
Nola betetzen du gure gorputzak horrelako funtzio konplexua? Zer gertatzen da sistema honetan akatsen bat gertatuz gero?
Hurrengo lerroetan saiatuko gara arazo guzti hauetaz zerbait gehiago jakiten. Hala ere gaia hain konplexua izanik, gauza guztiak nahikoa sinplifikaturik azalduko ditugu.
Zelula ezberdinek elkarri laguntzen diote erasotzaileari aurre egiteko. Thi = Linfozito kooperatzailea, (inaktiboa); Ts = Linf. suprimatzailea; Thsr = Linf. zitotoxikoa; B = B Linfozitoa.Bilakaera filogenetikoan zehar, animaliek gorputzeko beste sistema asko bezala sistema inmunologikoa ere asko hobetu dute.
Horregatik ornodunetara iritsi arte azaltzen den defentsa-sistema bakarra, INMUNITATE INESPEZIFIKO izenez ezagutzen dena da.
Sistema honetan parte hartzen duten elementu garrantzitsuenen artean, azala, zelula fagozitikoak (makrofago eta mikrofagoak), eta zenbait faktore humoral (lisozima, PCR, konplementua, interferoiak) daude.
Dena den, guri interesatzen zaigun sistema ornodunetatik aurrera azaltzen den eta INMUNITATE ESPEZIFIKO izenez ezagutzen den sistema da. Errealitatean bi sistemak oso lotuak daudenez zatiketa hau oso erlatiboa bada ere, hauek aztertzeko garaian balio handikoa zaigu.
Bi sistemen arteko ezberdintasun nagusiak sistema espezifikoak dituen lau propietate nagusiak dira:
Izan ere hau da txertoekin bilatzen den efektua. Hildako edo ahuldutako birusekin edo eta bakterioen antigeno konkretu batzuekin defentsa-sisteman memoria sortu, horrela benetako mikroorganismoa iristen denean erantzuna askoz sendoagoa izanik infekzioa ez da gertatuko eta gertatzen bada ere askoz suabeagoa izango da.
Fagozitosi-prozesua: Zelulak erasotzailea irensten du, ondoren bere lisosometako entzimek desegin ahal izateko.B-Linfozitoen berezitasun nagusia, antigorputzak sortzeko ahalmena da. Antigenoarekin harremanetan jartzen direnean, zenbait aldaketen ondorioz ZELULA PLASMATIKO bihurtzen dira eta hauek antigorputzak sor ditzakete. Antigeno bakar batzuk, B-zelulak zuzenean aktiba baditzake ere, gehienetan hauek aktibatu ahal izateko “T-4” linfozitoen laguntza behar da (antigeno timo dependente deritze).
Zelula plasmatikoek bost erako antigorputzak sor ditzakete: Ig-G, Ig-M, Ig-A, Ig-E eta Ig D. Hala ere ez gara bakoitzaren berezitasunak aztertzen hasiko.
Antigorputzek proteina-egitura dute eta beren sorrera eragin duen antigenoarekin espezifikoki lotu daitezke. Normalean ez dira hau desegiteko gai eta bere defentsa-funtzioa sistema inespezifikoa aktibatuz burutzen dute, sistema inespezifikoa substantzia arrotza desegingo duena (fagozitosi bidez batez ere) izanik.
Azken aldi honetan, teknika konplexuen bidez antigorputz monoklonalak lortu dira, hau da, egitura kimiko identikoa duten eta beraz antigeno berarekin batuko diren antigorputzak. Beraien aplikazioak oso garrantzitsuak izan daitezke, oraindik eta zoritxarrez hauetako gehienak zientzi fikzioa badira ere: a/ Zenbait molekulen purifikazioa (interferoiak, interleukinak...) b/ Tumore eta infekzioen diagnostiko eta kontrola (Oharra: Behar bada Jorge Ochoaren azken artikuluan honen aipamena egiten da). c/ Organo-transplantean; transplantatutako organoari erasoko zioten defentsen aurka zuzenduko lirateke. d/ Eritasun autoinmuneen kontrola; eritasuna sortzen duten defentsen aurka zuzenduz. d/ Beste batzuk: genetikan markatzaile bezala, agronomian etab...
Lehen aipatu dugun bezala, bi mota daude. “T-4” motakoek, erreakzionatzeko, antigenoa HLA-II motako antigorputz bati lotua egotea behar dute (ikus 21. alea). Beraz normalean antigenoaren aurkezpena makrofago batek egiten du. T-4 linfozitoek ez dute antigenoa desegiteko gaitasunik, beraien ekintza B-linfozito eta makrofagoen bidez egiten dute. B-linfozito eta makrofagoak T-4 linfozito berak eragiten dituzte.
T-4 linfozito hauen berezitasuna CD-4 izeneko errezeptore bat da; zelularen mintzean dagoen errezeptore honi lotzen zaio hain zuzen ere HIESaren birusa. Ondoren linfozitoaren barnera sartzen da eta hor geldi daiteke infektatua (baina ez gaixotua) denbora luzez. Beste infekzio batek T-4 linfozito hauen bilakaerari eragiten dionean, birusa “esnatu” egiten da eta infektatu gaixoak infektatuak dauden linfozitoak deusezten ditu (bidea oso ezaguna ez bada ere, infektaturik ez dauden beste batzuek ere deuseztatzen dituela uste da). T-4 linfozitoek B-linfozitoen eraginean duten garrantzia kontutan hartuz, ez da zaila defentsa-sistema lagun horretan oso murriztua geratzen dela ulertzea.
T-8 linfozitoak berriz, erreakzionatzeko antigenoa HLA-I motako antigorputz bati lotua azaltzea behar dute. Beraien funtzioa izenak adierazten duen bezala alde batetik suprimatzailea da (erreakzio inmuneari horrela nolabaiteko kontrola jarriz), eta bestetik sistema inespezifikoaren laguntzarik gabe akzio zitotoxikoa burutu dezakete.
Funtzionamendua azaletik bada ere aztertu ondoren, honen alterazioek sortzen dituzten patologiak aztertuko ditugu. Patologia hiru taldetan bana daiteke: batetik sistema inmunearen eskasia bat gertatzen denekoa, bestetik sistema inmuneak gure gorputzeko osagaiak errekonozitu gabe hauen aurka zuzentzen denekoa eta azkenik normalean bere erreakzioa eragiten ez duten substantzien aurrean erreakzionatzen duenekoa.
Defentsa-sistema konplexu hau asaldatzen duen edozein patologiak, dudarik gabe, ondorio larriak ekarriko ditu gorputzarentzat.
Inmunoeskasiak bi motakoak izan daitezke: jaiotzetikoak edo hartuak. Lehenengoen artean mota asko daude asaldura gertatzen den mailaren arabera. Bigarrenen artean ezagunena HIES da, baina ezin dira ahaztu onkologi tratamendu eta trasnplanteetan gertatzen direnak.
Asaldura gertatzen den mailaren arabera klinika ezberdina izango bada ere, dudarik gabe manifestazio guztien artean gehien nabarmenduko dena infekzioen arloa izango da.
Horregatik asaldura B-zeluletan bada, arnasbideetako infekzioak nagusitzen dira: H. influenzae, Neumokokoa, Estreptokokoa, Meningokokoa, Estafilokokoa, etab... Asaldura “T” zeluletan gertatzen bada berriz, infekzioen eragileak birusak (Herpes, barizela, zitomegalobirusa...), onddoak (kandidiasia) eta Pneumocystis carinii bezalako protozooak dira.
Honez gain, neoplasiak usuagoak dira lagun hauetan populazio normalean baino; eta harrigarria bada ere, baita autoinmune-basea duten eritasunak ere.
T4 linfozitoek beste zelulen aktibazioan duten garrantziagatik, HIESean dagoen linfozito hauen eskasiak eragin handia du defentsa-sisteman.Eritasun autoinmunea defentsa-sistema gure gorputzeko organo bakar edo zenbaiten aurka jokatzen hasten denean sartzen den patologia bezala defini dezakegu.
Ez dago batere argi hau gertatzearen arrazoiak zeintzuk diren, baina zenbait gaixotasunetan oso argi ikusi da erlazio garbi bat dagoela gaixotasuna eta odolean dauden antigorputz autoinmuneen artean.
Antigorputz hauek organo konkretu baten aurka edo organo-multzo baten aurka joan daitezke, sortuko den klinika oso desberdina izango delarik. Lehenengo taldekoen artean miastenia grabea, gazteen diabetea eta antzeko beste batzuk aipa daitezke. Bigarrenean berriz, artritis erreumatoidea, Sjgren-en gaixotasuna edo lupus eritematoso sistemikoa aipa daitezke.
Mende honen hasieran antigorputzak zer diren ezagutzen hasi ginen. Hasiera batean bere funtzio bakarra babesa zela uste bazen ere, 1902. urtean RICHET eta PORTIERek itsas anemonekin lanean ari zirela, hauen pozoi bidez txakurrak bigarren aldiz inmunizatuz erantzun inmunea lesio grabeen arrazoi izan zitekela aurkitu zuten. Efektu honi ANAFILAXIA (Grekotik ana = aurka, filaxia = babes) izena eman zioten.
Geroztik antzeko fenomeno asko deskribatu dira, baina denetan ez dute antigorputzek parte hartzen. 1906. urtean VON PIRQUETek denak ALERGIA (Grekotik: erreakzio anomalo) izenpean batu zituen.
Mota guztien artean, klinikan duen garrantziagatik, BEREHALAKO HIPERSENTIKORTASUNAREN funtsa zein den esplikatuko dugu.
Familia batetako lagunen artean zegoen aldez aurreko jarrera eta lagun hauek inguruko substantzia ezberdinen aurrean berehalako hipersentikortasunerako zuten joera ikusiz, 1923. urtean COCAk ATOPIA hitza hartu zuen indibiduo hauen aurretiko joera adierazteko.
Kanpoko erasoen aurrean erreakzio normala Ig-M motako (erantzun primarioa) edo Ig-G motako (erantzun sekundarioa) antigorputzak sartzea bada, lagun hauek Ig-E motakoak sortzen dituzte, eta gainera beste lagunengan erantzuna sorterazten ez duten antigenoen aurrean (hautsa, polena, penizilina ...).
Ig-E hauek mastozitoen (sistema inespezifikoko zelula batzuk dira) mintzean ainguratzen dira. Pauso honi SENTIKORTZE izena ematen zaio.
Bigarren aldian, lagun hori sentikortzea burutu duen substantziarekin harremanetan jartzen denean, mastozitoak barruan dituen zenbait bitartekari kimiko askatuko du, hauek klinika guztiaren errudun direlarik.
Antigenoa nondik sartzen denaren arabera, ondorioak ezberdinak dira. Horrela arnas alergenoek (polenak, esporak, akaridoak, etab.) arnas aparatuko sintomak emango dituzte (asma batez ere), bena-bidez emandako farmakoek hain larria den shock-anafilaktikoa etab.
Hasieran aipatzen genuen bezala, Inmunologia oso zientzia berria bada ere, lanean ari den jende guztia ikusirik inongo dudarik ez dago urte gutxi barru ezagumendu eta aurkikuntza garrantzitsuak lortuko direla.
Hauen aplikazioaz medikuntza asko baliatuko bada ere, beste zientzia askotan eragin handia izango du.